Teknologia albisteak

Peyo Lizarazu: "Itsasoa umiltasuna zer den ikasteko irakaslerik onena da"

Erabiltzailearen aurpegia
2014-07-11 : 11:17
Euskal kostaldean gero eta ezagunagoa den ‘Stand Up Paddle’ izeneko kirolak badu gurean erreferente bat: Peyo Lizararazu (Hendaia, 1975). Olatu gainean munduko SUP surflaririk onenetakoa, Belharra olatu ezaguna surfeatzen ere aitzindaria izan da.

Argazkiak: Galder Izagirre. Testua: Aitor Abaroa @abaroa37

Kirolari familia batean sortua, aita Hendaian 60ko hamarkadan surfa praktikatu zuen lehenengotarikoa izan zuen. Hala, gaztetatik Europa mailako txapelketetan aritu zen Peyo, nerabezaroan itsasotik lurrera, berdegunera, jauzi egitea erabaki zuen arte. Anaia Bixentek futbola aukeratu bazuen, berak errugbiaren aldeko apustua egin zuen. Profesional bihurtzear zela baina, kirola utzi eta ohiko lan aukera bati heldu zion. Baina nolakoa den bizitza, lanak berak eraman zuen berriz olatu artera, gaztetakoa baino dexente taula handiagoa hankapean, eta arrauna eskuan.

Bidarteko etxean hartu gaitu, atsegin, irribarretsu. Eta ezer baino lehen, sekretua argitzeko eskatu diogu: “Non apurtzen du Belharrak?” Terrazara atera, balkoiaren mutur-muturrean jarri, eta Hendaiara begira, eskua luzatu du: “sei bat milia itsasoan barrena”. Etxetik atera, Emak Bakia eraikinaren aurrean zinezaleen derrigorrezko argazkia egin, eta Saint Joseph kaperara eraman gaitu. Gune kuttuna du, eta argi dago zergatik: Parlementiako hondartzaren gainean, Getariako olatua bezala ezagutzen denaren ikuspegi ezinhobea dago. Handik, Getariako portura jaitsi gara.

Haurra zinela hasi zinen surfean.

Bai, aitarekin noizbehinka praktikatzen genuen, baina ez gintuen surfa egitera inoiz behartu. Hala ere, lehengusu bat gaztetatik hasi zen, taula zuen, eta hura ikusita eskatu nion nik ere aitari taula, eta berak egin zidan bat. 6-7 urterekin hasi nintzen, eta garai hartan ezohikoa zen hain gazte surfeatzen hastea. Orain ohikoagoa da. Baina surfaz gain beste hainbat kirol ere egiten nituen, futbola, errugbia, esku pelota edota zesta puntaren antzekoa den joko garbi, adibidez.

Aukeratu beharra iritsi zenean, errugbiaren aldeko apustua egin zenuen.

Surfa asko gustatzen zitzaidan, eta hamabi urte nituenetik hamabostera bitartean asko surfeatu nuen; adibidez, 1988an hamalau urtez azpikoen Europako Surf Txapelketa irabazi nuen. Baina ez zitzaidan askorik gustatzen txapelketak zein egoeratan egiten ziren, olatu txikiekin. Nik jada olatu handiak nituen gustuko. Eta momentu hartan errugbiak gehiago erakarri ninduen. Bordeleko Bègles taldera joan nintzen jokatzera, juniorra izan arren lehen taldearekin partida batzuk jokatu nituen, eta Frantziako gazteen selekzioan jokatzear izan nintzen. Eta talde profesionalera jauzi egitear nintzela, partida baten ostean, Quiksilver etxeak lan eskaintza bat egin zidan. Gaztetatik babesle nituen surfean, kirola eta marketina uztartzeko aukera eman zidaten, eta bizpahiru egunetan errugbia utzi, etxera bueltatu eta lanean hastea erabaki nuen. Hogei urte bete nituen egunean sinatu nuen lan kontratua. Ordutik Quiksilverrentzat lan egin dut.

Eta noiz eman zenuen SUPerako jauzia?

2005ean Amerikan ari nintzen lanean, Los Angeles, Montréal eta Vancouver artean batez ere. Orduan probatu nuen, baina ez nintzen serioski praktikatzen hasi, taulak oso handiak direnez, nonbait finkatu arte logika handirik ez zuelako taula erosteak. 2006ko maiatzean Euskal Herrira bueltatu nintzen, eta heldu eta batera, Laird Hamilton etorri zen Getariara. SUPa existitzen dela urteak dira, baina Hamiltonek jarri du kirol hau gaur egun ezagutzen dugun lekuan, beste bizitza bat eman dio. Bi egunetarako bere taula utzi zidan, nik hura adibidetzat hartu eta Baionako Phillippe Barlandi eskatu nion nire lehenengo SUP taula egiteko.

Surfa eta arrauna uztartzen ditu SUPak. Esan diguzu surfean txikitatik aritu zarela. Arraunarekin bazenuen aurretik harremanik?

Taula gaineko arrauna 2002. urtetik ezagutzen nuen, Hawaiira egindako bidaietatik. Polinesian eta Hawaiin arraunaren kultura oso indartsua da, piraguen erabilera adibidez. Eta Euskal Herrian ere bai, Hegoaldean agian Iparraldean baino gehiago, baina oro har pisu handia du gure kulturan. Urteak dira arrauna eskuetan izan dudala, piraguan asko ibili izan naiz, eta surfekoa ez zen materialarekin olatuez disfrutatu izan dut. Horregatik, esango nuke naturala izan zela SUPera emandako jauzia.

Esango nuke SUPa piraguatik hurbilago dagoela surfetik baino...

SUPean bi modalitate daude: bat ur gelditan edo lauan egiten dena, eta bestea mugitzen diren uretan egiten dena. ‘Mugitzen diren urak’ diot, badelako errekan praktikatzen duen jendea ere, baina ni horrek ez nau askorik erakartzen. Beraz, niretzako bi modalitate daude: itsaso laua eta olatuak. Jende askok SUPari esker deskubrituko du uretan taula gainean egotea zer den, sentsazio hori jende askorekin konpartitzeko aukera ematen du, eta hori oso positiboa da. Olatuetan ez izan arren, ur gainean zutunik arraun egitea sentsazio oso atsegina da. Baina jende horrek ez du sekula SUPean surfik egingo.

Oro har, nola moldatzen da jendea?

Jendeak erraz hartzen du konfiantza, errazegi, eta taula gainean ondo moldatzen hasi orduko, batzuk olatuetan sartzen dira. Jendearen gehiengoa zentzuduna da, eta badaki ur lauan eta olatuetan ibiltzea ez dela gauza bera. Baina beti daude batzuk bestelako jokabidea dutenak. Hala ere, itsasoak beti jartzen du bakoitza bere lekuan, lezioak emateko ez dago itsasoa bezalakorik, umiltasuna zer den ikasteko irakaslerik onena da. Olatuak hartu nahi badituzu, egokiagoa da lehenengo ohiko surf taularekin ibiltzen ikastea, eta gero SUPera pasatzea. Zentzu horretan, SUParen abantaila zein arazoa bera da: plazer asko ematen duela askorik sufritu gabe, esfortzu handirik gabe. Surfak, aldiz, denbora asko eta pazientzia eskatzen ditu. Horregatik, normala da SUPera jende gehiago hurbiltzea.

SUParen aitzindaria izan zinen Euskal Herrian.

Bai, baita Europa osoan ere. Lehenengoa izan nintzen hemen SUPa egiten. Urte batzuk pasa dira, eta oso pozik nago gaur egun kirol hau praktikatzen duen jendea dagoelako. Jendeak gomendioak eskatzen dizkit, baina aitzindari izatea ez dut inoiz erantzukizun gisa hartu.

Goi mailan aritu zara, adibidez, 2010ean bigarren amaitu zenuen Stand Up World Tour zirkuitua.
Munduko zirkuitua urte horretan antolatu zen lehenengoz, eta irekiera txapelketa Hawaiin izan zen, Sunseten. Bertako zein Tahitiko hainbat lagun joan ziren arren, Arsene Hareoe tartean, ez nuen beste inor ezagutzen. Nire maila frogatzeko modu bat zen, finalera heldu nintzen eta laugarren amaitu. Bigarren txapelketa Angelun izan zen, eta etxean izanik, derrigorrez parte hartu behar nuen, eta berriz iritsi nintzen finalera. Tahitira gogotsu joan nintzen, Sapinuseko olatua asko gustatzen zaidalako, baina gaizki aritu nintzen. Brasilen berriz iritsi nintzen finalera, eta bosgarren eta azken txapelketara rankingeko lehen postuan iritsi nintzen. Kai Lennyrekin jokatu nuen titulua, gerora SUPeko Kelly Slater bihurtu denarekin, eta bera gailendu zen. Munduko bigarren geratu nintzen. Kai oso ona da, profesionala da, eta nik plazeragatik egin nuen, beraz, emaitza ona izan zen.

Elkarrizketa osoa gaztezulo.com-en

Erantzun

Sartu