Teknologia albisteak

Er(r)otiko aldaketa 2016rako

Erabiltzailearen aurpegia
2013-01-22 : 13:24
Gu guztion sexualitatea, neska eta mutil sentitzeko modua alegia, kulturak baldintzatua da; eta honetan etsenpluzko hiriburu izan nahi badugu, bide luzea dugu egiteko. Horretan dihardute Donostia Erotik 2016 ekimenetik. Donostia 2016ko Europako Kultur Hiriburu izango dela jakin genuen 2011ko udan. Zentzu horretan, beraz, euskal gizartea eredugarritzat jo dute eta joko dute kontinenteko beste herriek.


 
Donostiako bertako Bitxigorria Boutique Erotikoko arduraduna eta sexologoa dira Iñaki Olaizola eta Nerea Sancho, hurrenez hurren; eta hemendik hiru urtera helduko den zita garrantzitsu horri beste prisma batetik begiratzeko deia luzatu nahi dute, eta e(r)rotiko aldaketa bat gauzatzeko aitzakiatzat hartu. Izan ere, Nerea Sanchok gogorarazi digunez, “kultura bakoitzak bere sexualitate eredua du; gizonek eta andrazkoek nolakoak izan behar duten, nola jokatu behar duten, nola jantzi, nola adierazi edo elkartu behar duten ezartzen duten berezko arau esplizitu eta inplizituak ditu gizarte bakoitzak”, eta gureak, gure moldeak, Sanchok berak eta Olaizolak diotenez, oso urrun daude eredugarri izatetik.

Nondik nora

Euskal Herrian indarrean den sexualitate ereduaz galdetu eta erantzun irmoa eman digu sexologoak: “Sexista, koitozentrista, orgasmozentrista, heterozentrista, genitala eta nahiko nazia da. Ez du aniztasuna errespetatzen ezta sustatzen ere, nola adierazpenetan hala maitasuna bizitzeko moduetan nahiz topaketa erotikoetan”.

Hezkuntzan, zerbitzuetan eta eskubideetan ez ezik, hortaz, gizarteak sexualitateaz duen ikuspegian ere behar dugu errotiko aldaketa. “Eredu anitzago baterantz joan behar dugu, zabalagoa, slowa, oparoa, alaia eta ez normatiboa. Gutako bakoitzak, demostrazioetan erori gabe, gure ezaugarri femenino eta maskulinoak ezagutu, ulertu, eraiki eta garatzeko gai izan behar du”. Horrek lagunduko digu elkar errespetatzen eta gozatzen.

Mentalitate aldaketa hori gauzatzea da Donostia Erotik 2016 proiektuaren bultzatzaileen lehen-lehen helburua, nahiz eta argi izan oztopo nabarmenak ditugula inguruan, etengabe guregan eragiten: “Telesailetako jokabide ereduek, publizitate munduko estetika irrealak, Hollywoodetik datorkigun zinema erromantiko moralistak, hezkuntza sexual ezak eta erakundeen arduragabekeriak, arreta zerbitzuen faltak... ‘Normalak’ izan gaitezen xantaia egiten digute guztiek, ‘normalak’ ez izateari beldurra diogu, beldurtu gaituzte”.

Artikulu osoa GAZTEZULO.COM-en

Erantzun

Sartu