Teknologia albisteak

Iraganeko postalak

Erabiltzailearen aurpegia
2012-07-15 : 12:32

Gerrak jo dituen herrietako postalek antzinarokoak dirudite. Urteek horituta, kartoizko erretratuok bakea noizbait izan zela gogorarazten digute. (Rikardo Arregi kazetaritza sariaren irabazle Karlos Zurutuzak Gaztezulorako idatzitako testuak).

Abkhazia

Abkhaziar kondaira eder batek honela dio: "Jainkoak lurra gizakien artean banatu zuenean, abkhaziarrak berandu iritsi ziren. Etxean bisitariak zeuzkatela eta behar bezala zaindu behar zituztela argudiatu zuten. Kaukasiar abegi onak hunkiturik, jainkoak beretzat gordeta zuen lur zatia eman omen zien abkhaziarrei: paradisua."


Abkhaziak Nafarroaren zabalera du eta ederra da oso. Itsaso Beltzak laztantzen dituen hondartza zurietatik, hauek bezain zuriak diren Kaukasoko gailurrak ikus daitezke. Naturaren espektakulua dela eta, Sobiet Batasuneko turismo gunerik preziatuena bilakatu zen errepublika ttipia. Riviera Gorria izengoitiaz ere ezaguna zen. Erraz uler daiteke Kremlingo agintari guztiek euren oporretako etxeak bertan eraiki izana, Siberiako izotzetatik urrun.
1993an galdu zen Itsaso Beltzeko "paradisua", Georgiaren kontrako independentzia gerran, hain justu. Gatazka motza baina basatia izan zen eta, bi bandoetako hildakoez gain, errefuxiatu ugari ere sortu zuen gudak. Nekez gogora gaitezke, garaiko nazioarteko arreta Sarajevok bereganatu baitzuen eta apenas iritsi baitzitzaigun Kaukasoko suteen berri.


Postal hau duela bost urte eskuratu nuen Sujumen, Abkhaziako hiriburuan. Eguraldia ez da aldatu, jakina, ezta hondartza nahiz gailurren zuri garbia. Gaurko turistei atzeko eraikin horiek independentzia gerra gogorarazten diete: etxaurreak tiroz josita daude; balkoiak belztuta, asko angelu okerrean zintzilik… Hauexek bezain zirraragarriak dira zerurantz doazen eskailera bakartiak. Nonahi ikus daitezke Abkhazian.

Hogei urteotan, sei herrialdek baino ez dute Abkhazia aitortu: Errusiak, Nikaraguak eta Venezuelak, baita Kaukasoko errepublika baino txikiagoak diren Nauru, Vanuatu eta Tuvalu irlek ere.

"Munduko herrialde handienak eta txikienak onartu dute gure errepublika", diote abkhaziarrek. Edalontzia erdi beteta ikustea deitzen zaio horri.

Irakurri Afganistan, Transnistria, Albania, Nagorno Karabaj eta Iraki buruz gaztezulo.com-en.

Erantzun

Sartu