Teknologia albisteak

Oihana Kortazar: “Beti harro esan dut ama naizela eta nire ogibidea mendian lehiatzea dela”

Erabiltzailearen aurpegia
2014-01-31 : 13:18
Oihana Kortazar (Elgeta 1984) mendi lasterkaria, txiki-txikitatik izan da kirolzale amorratua. Naturarenganako maitasunak eta bere grinak goi mailako kirolera bideratu du bere ibilbide profesionala. Ibilbide honetan ia-etenik gabe aritu da lasterketetan, baina orain duela 3 urte bezala, bere bigarren haurraren esperoan eten txiki bat egin du lehiaketen zirkuituan.

Amatasuna zuretzat ez da berria bigarren haurtxoaren esperoan baitzaude. Zure kasuan, nola uztartzen dituzu zure ogibidea eta amatasuna?

Aimarrekin, nire lehenengo umea, nahiko erraz moldatu naiz egia esan; nahitaez bizitza, ordutegiak, planak…dena aldatzen zaizu baina ondo antolatuta eta familiaren laguntzarekin, ez da hain zaila. Gainera oso argi izan dut beti umeari ez diodala denborarik kenduko nik entrenatu ahal izateko, amak ama izan behar du, ez da inorengan delegatu behar funtzio hori, baina laguntza beharrezkoa da; beraz, ordutegiekin jokatzea nahitaezkoa da. Bigarrena jaiotzen denean, Aratz, ikusiko dugu nola doazen gauzak, argi daukat lan bikoitza izango dugula etxean, baina seguru moldatuko garela.

Goi mailako kirolean zer uste duzu suposatzen duela ama izateak? Tabu edo isiltasun bat al dago gai honen inguruan?

Nik ez dut tabu edo isiltasunik bizi izan gai hau dela eta, guztiz aurkakoa, mirestuago sentitu naiz eta beti harro esan izan dut ama naizela eta nire ogibidea mendian lehiatzea dela. Uste dut, ama izan ala ez, emakume izateagatik ditugula oztopo gehiago goi mailako kirolean. Ama izateagatik marka edo pertsona batzuentzako erreferente bihurtzen zara batzuetan, eredu bat isladatzeagatik, eta hortaz arro nago.

Kirolari profesional eta aldi berean ama diren emakume asko ezagutzen dituzu?

Ez dira hainbeste ezagutzen ditudan kasuak, guztira gauden emakume kopuruarekin alderatuta. Hala ere, Kirolgi fundazioaren barruan dauden kirolari emakume asko animatu dira azken bi urteetan ama izatera, legedia aldatu zaielako eta beka mantentzen dietelako. Baina hau ez da nire kasua, nire kirolak ez omen ditu Kirolgiren babesa izateko baldintzak betetzen eta ondorioz erraztasun gutxiago daude, argi dago, ez badut lehiatzen ez dut ezertxo ere kobratzen.


Gazteaukera blogean jarraitu irakurtzen elkarrizketa

Erantzun

Sartu