Teknologia albisteak
9

HamaikaTB, Euskaltel eta telebista digitalen nahastea

Erabiltzailearen aurpegia
2009-06-16 : 09:06

Pasa den astean iragarri da HamaikaTB Euskaltelen bidez ikusi ahal izango dela . Hona hemen zenbait informazio, ea argigarri diren eta ez dizuegun burua gehiago nahasten.

Digitala eta analogikoa

Digitala eta analogikoa

Orain arteko telebista analogikoa, antenaz jasotzen genuena, desagertzera doa. Horren ordez, Lurreko Telebista Digitala edo LTD (TDT Espainian, TNT Frantzian) izango dugu aurrerantzean.

Horretaz badakigu eta jende gehiena ari da horretarako prestatzen, bai etxerako dekodetzailea, dekodetzaile hori barruan dakarren telebista erosten, edo/eta etxe barruko antenan moldaketak egiten.

Noizbait, datorren urtean edo, "betiko" telebista analogikoa desagertuko da eta beste bide horiek beharko ditugu telebista ikusteko.

Euskaltelen kablea eta "itzalaldi analogikoa"

Euskaltelek kablea zabaldu du etxe askotara. Kable horrek gure telebistara "betiko" telebista seinale analogiko hori dakar. Askok horrela ikusten dugu telebista gaur egun.

Abantaila bat badu: antena bidezko telebista analogikoa desagertzeko epeak jarrita dauden arren, badirudi Euskaltelek ez duela epe hori beteko, eta telebista ikusten jarraitzeko aukera izango dugu digitalera pasatu ez garenok.

Euskaltelen kable digitala

Baina kable berdinetik Euskaltelek telebista digitala ere banatzen du. Aukera gehigarri bat da. Besteak beste, ordainpeko filma eta futbol partiduak ikusten dituztenek dekodetzaile bat dute etxean, eta horren bidez ikusten dute telebista digitala. Normalean ditugun kanalez gain, beste gehigarri batzuk eta Pay-per-view bidez filmak erosteko aukera ematen du honek.

Kontua da badagoela LTD-aren parekoa (digitalean) kable bidez ikusteko aukera, kuota gehigarri edo filmak erosi beharrik gabe (Oraintxe dauka Euskaltelek horrelako dekodetzaile bat prezio onean erosteko eskaintza).

Telebista digital sistemak ez dira bateragarriak

Baina kontuz! Bi dekodetzaileak izan ditzakegu etxean, batekin LTD bidezko kanalak ikusiko ditugu eta bestearekin Euskalteleko kablearen bidezkoak. Batak ez du besterako balio!

Beraz, dendan 30 Euroko dekodetzaile digital bat erosita, ez digu balioko Euskaltelen telebista digitala ikusteko, sistema desberdina bait da. Era berean, Euskalteleko dekodetzailea erosita, ez digu balioko LTD arrunta ikusteko, baina ez du zentzu askorik ere, kanal horiek Euskaltelen kabletik ikusi ahal izango ditugu eta.

Salbuespenak

Gaur egun telebista asko saltzen dira barnean dekodetzaile digitala dutela. Horietan ere, badaude LTD, Euskaltel eta satelite bidezko kanalak deskodetzen dituztenak, kontutan izan datu hau telebista erosteko unean. Hau da, baliteke erosi duzun telebista berri horri esker, dekodetzailerik ez behar izatea.

Laburtuz, HamaikaTB ikusi ahal izateko

Euskalteleko bezero bazara, beraien dekodetzailea erosi eta bilatu kanala

Hau nahastea!

Bai, horrela da. Izugarrizko nahastea da, eta hori, ez dugula ordainpeko LTDaren kasua aipatu. Izan ere, albiste berria da eta gaur egun etxeetan dauden LTD dekodetzaileek ez dute balioko ordainpeko sistema berrirako. Honez gero argi dago digitalerako aldaketa hau frakaso handia izaten ari dela. Estandare ugari, dekodetzaile sistema desberdinak eta gehienok jarraitzen dugu telebista analogikoarekin, kasu askotan hobeto dabil eta. Zer esanik ez satelite bidezko mila aukeren inguruan. Aipatu ere ez ditugu egingo.

Bukatzeko aholkua

Antenekin lanean dabilen lagun batek esan dit onena dela dekodetzaile merke-merkeak erostea, merkatua estabilizatu arte aldaketa asko egongo direlako oraindik.

Telebista berri bat erosteko unean, ez eman garrantzi handirik barruan dituen dekodetzaileei. Horren ordez begiratu irudiaren kalitateari, bereizmen altuko aukerei eta pentsatu pantaila huts bat erostera zoazela. Pantaila huts horri unean uneko tresna (ordenagailu, DVD edo antzekoa) edo dekodetzailea konektatu, eta aurrera!

Erantzunak

iturrizar
2009-06-16 : 10:18

Badaezpadan, argi esan behar da HamaikaTB Euskaltelekoa ez den LTDren bidez ere ikus daitekeela.

rozio
2009-06-16 : 11:23

amatatu telebista eta mmmmmm ze patxada!

kaixo
2009-06-16 : 13:13

egia da ni ez daukat euskaltel eta LTDean ikusten dut eta abuztutik aurrera uste dut GOIENA TELEBISTA EAE osoan ere ikusiko dela.

Unai
2009-06-16 : 13:13

Jakina Rozio, izan ere telebista hain da gaiztoa. Deskuidatzen bagara gure seme-alabak jango ditu, gu bortxatuko gaitu eta gure alfonbran txiza egingo du.



Beraz badakizue, itzali telebista (The Sopranos, The Wire...) eta zabaldu liburu bat (The Da Vinci Code).

auggie
2009-06-17 : 13:34

Eta bizilagunek oraindik ez baduzue antenarik jarri etxean egindako antenarekin (gazt.) ikusten omen da LTDa. Hori bai hortarako prestatutako telebista edo dekodetzailea beharko duzu.

Nagore Filete
2009-06-23 : 20:44

Orduan euskalteleko kablea soilik baldin badaukazu ezin duzu Hamaika ikusi?



Gari Araolaza
2009-06-24 : 10:22

Gehiago nahastearen beldurra nuen eta badirudi horixe egin dudala.


BAI. HamaikaTB, Euskaltelen kabletik ikusi daiteke. Baina horretarako kablerako dekodetzaile digital berezia erosi behar da, ez du balio LTD-aren (TDT) dekodetzaile arruntarekin.


Euskaltelek berak saltzen du dekodetzaile digital hori (Oraintxe bertan 59 Eurotan) baina beste nonbaitetik ere erosi daiteke, beti ere DVBC estandarra betetzen badu.


Sustatu
2009-06-24 : 11:51

Mikel Larreategi informatikariak bere blogean kontatu du nola ezarri duen telebista digitala bere Euskalteleko kablean. Euskaltelen dekodetzailearen prezio bertsuan datorren beste aparailu bat nola eskuratu duen kontatzen du.


gorka
2009-06-28 : 11:38

Kokoteraino nago gai horrekin. Marokotik itzuli berri naiz eta ez 20 ez 50, ehunka kanal zituzten han satelite bidez, dohainik. Hau da, "platera" erosi behar zen, eta itsusi samar daude hiriak, fatxada guztiak sateliteko platerez beteta, baina gero zenbat kanal ikus daitezkeen! Zabor pilo bat, bai, Espainiako kanal autonomiko guztiak, Italiako dozenaka telebista txiki, baina baita berebereen telebista, Al Jazeera, CNN, BBC, Press TV eta arabieraz, alemanez eta beste hizkuntza askotan. Hori bai aukera!

Erantzun

Sartu