Martxoaren 10ean bukatuko da Galtzagorri Elkarteak Iruñeko Udalarekin lankidetzan Iruñean burutuko duen BIKO-TEKA tailerrean parte hartu ahal izateko dokumentazioa bidaltzeko epea. Haurrentzako liburu ilustratuetarako ilustrazio eta narraziogintza tailerra martxoaren 27tik 29ra gauzatuko da Iruñeko San Frantzisko Liburutegian. Idazle eta ilustratzaileek osatutako 8 bikotek parte hartu ahal izango dute, doan, ikastaro trinko honetan. Harkaitz Cano idazleak eta Aitziber Alonso ilustratzaileak gidatuko duten tailer honetan ilustratzaile eta idazleek bikoteka parte hartuko dute. Interesatuta dauden idazle eta ilustratzaileak bakarka edo bikoteka aurkeztu daitezke. Bakarka aurkezten direnei bikotea aurkituko die beste hautagaien artean Galtzagorri Elkarteak.
BIKO TEKA hiru egunetako tailerra izango da eta bertan idazle eta ilustratzaileek elkarrekin lan egingo dute: liburu ilustratu bat nola pentsatu, idatzi, sekuentziatu eta marraztu daitekeen landuko da hiru egunetan zehar. Guztira, idazle eta ilustratzaileek osatutako 8 bikote onartuko dira.
Aukeratuek formazioa doan jasoko dute, Harkaitz Cano eta Aitziber Alonsoren gidaritzapean, Iruñeko San Frantzisko Udal Liburutegian, goizez eta arratsaldez, martxoaren 27, 28 eta 29an. Parte hartu nahi dutenek martxoaren 10a baino lehen bidali behar dute beharrezko dokumentazioa: idazleek gehienez ere orrialde bateko idazlan bat aurkeztu behar dute; ilustratzaileek 3 ilustrazio.
Horrez gain, curriculuma eta NANaren kopia. Parte hartzeko ez da lan argitaraturik izan behar eta hautagaien artean egile berriak lehenetsiko dira. Edukiak Idazle-ilustratzaileak bikoteka jarri eta modu praktikoan nork bere lanera bideratutako erabakiak hartzen laguntzea da tailer honen helburua. Besteak beste, honakoak landuko dira: Zein da liburu ilustratu baten abiapuntua? Nola eraikitzen da pertsonaia bat irudiz eta nola hitzez? Zeintzu dira arketipoak eta nola funtzionatzen dute? Nola sekuentziatzen da istorio bat? Nola atera dakioke ahalik eta etekinik gehien irudizko lengoaiari, hitzek diotena literalki ilustratu beharrean istorioari dimentsio berri bat emateko?
Helburuak Galtzagorri Euskal Haur eta Gazte Literatura Elkarteak Iruñeko Udalarekin lankidetzan abiatu duen proiektu honen xede nagusia haurrentzako euskarazko liburu grafiko edo album ilustratu berriak sortzeko akuilu izatea da. Baita idazle eta ilustratzaileek elkar ezagutu eta elkarrekin liburu grafiko bat abiatzeko dinamiken jabe egitea ere. Hala, tailer honen emaitza gisa, parte hartzen duen bikote bakoitzak album ilustratu baten proiektua abiatuko du. Ekimen hau Haurrentzako Album ilustratuak sortzeko Etxepare Sariaren laguntzari esker abiatu da. Informazio zabalagoa eta parte hartzeko baldintza zehatzak: www.galtzagorri.eus.
Erantzun
Sartu