Atzo Santi Leonek Zuzeun erantzun zion nik joan den asteartean Euskalerria Irratian irakurritako iruzkinari. Iruzkinak Santik Berrian idatzitako zutabe bati emandako erantzuna zen. Irakurle interesatuak hemen aurkituko ditu lotura guziak.
Santik aipatzen duen Idurreren iritzi berekoa naiz ni. Gure ikuspuntuen arteko aldea Burlatatik Atarrabiara dagoenaren parekoa iruditzen zait (Donibane Garazitik Izpurara dagoenaren parekoa), baina biok maite dugunez eztabaida eta iritzi trukaketa -zein jaurtiketa-, guztiz osasuntsua deritzot jarduera honi. Hortaz, banator.
Hasteko, bat nator, ia osoki, Santik adierazitako lehenengo ideiarekin: ez zait iruditzen Euskal Herri osorako (Nafarroa osorako) baliagarri izan litekeen iruditeri edo imaginario kolektibo hori osatzea gaurko historialarien lana denik, ez haiena bakarrik eta ez haiena bereziki, baina haiena ere badelakoan nago. Afrikar esaera zahar batek erraten omen du: “Lehoiek haien historialari propioak izanen ez dituzten bitartean, safari istorioek beti goraipatuko dute ehiztaria”. Tamalez gure lurrean lehoi izan gara batez ere; galtzaile, alegia.
Iruditeri kolektibo hori osatze bidean nafar Estatuaren defendatzaileek egin dutena egokia den ala ez galdetzen du Santik. Nire burua nafar Estatuaren aldarrikatzaileen artean kokatzen dudan heinean erranen nuke batzuetan baietz eta bertzetan ezetz. Egin dutena edo erran dutena ez da monolitikoa izan -Santik egoki azpimarratu duen bezala-. Argi dago indar handia egin dela azken urteotan historiaren esparruan. Ez naiz urteurrenen aitzakiapean kukutuko. Gure kultura politiko propioaren esparrua, erraterako, behar bezain bertze landu gabe egon da Auzokraziaren aldarrikapena indarra hartzen hasi den arte. (J. Manterola, O. Ulibarrena…).
Santik bere buruari galdetzen dio El Cid edo Jeanne d’Arc (-en ezagupena) konpartitzen duten bi ezezagun zertaz mintzatzen diren tren batean. Bada, nire ustez, bi horiek gauza aunitzez mintzatuko dira, izan ere hispanofonia/frankofoniaren maila kultural ertainetik gora daude arras (bi pertsonaien ezagutza azalekoa baino gehiago baldin badute behintzat). Nola nahi ere, iruditeri kolektiboa osatzen duten erreferenteen artean, historikoak gutxi batzuk baino ez dira eta, bat gatoz, egungo pertsonen joera politiko-identitarioak osatzerakoan, ez dira inportanteenak, baina inportanteak dira jende aunitzendako.
Norberaren egoera ekonomikoa kolokan sentitzea askoz ere baliagarriagoa da bertzelako egoera politiko baten aldeko hautua indartzeko. Ez dut zalantzarik. Iruditeri kolektiboaz ari garela gehiago erranen dut: egun espainiar identitatearen iruditeri kolektiboaren izarra, ziur aski, Belen Esteban da (torero bati zakila ukitzeagatik famatu den hori).
Hatza begian sartzea nori dagokion ez dakit. Noizbehinka guztioi behar bada. Baina obsesiboki berdinei sartzeko joera ez da psikologikoki osasuntsuena. Badakigu gero Carlos Salvador datorrela atzetik eta musu garratza ematen digula…
Bertzalde, egia da nafar Estatua aldarrikatzen duen diskurtso historikoari gaitasun handia ikusten diodala gure herrikideek identitate politiko jakin baten aldeko hautua egin dezaten. Santik dio ez dagoela ados, historia inportatzen zaiola eta intelektualki asetzen dion diskurtsoa behar duela. Ados nago. Nik ez nuke sekula diskurtso hori erabiliko Santi bezalako pertsona bat lortu nahi ditudan xedetarat bideratzeko. Are gehiago, ez nuke minutu bakar bat ere galduko Santirekin horretaz eztabaidatzen; izan ere, jakin badakit ez dudala Santi konbentzitu beharrik. Badakit bat gatozela helburu nagusian: euskaldunok, gure hizkuntza eta hortik eratorritako kultura eta identitatea babesteko egitura politikoaren beharra daukagula, alegia. Horrekin bat datozenendako ez da bertze ezer asmatu, antolatu edo landu beharrik.
Santi eta bion arteko alderik handiena bere azken idazkiaren esaldi hauetan dago:
Nire ustez, euskal estatuaren teoria ez da defendatzen ahal, ez du euskarririk, fantasia hutsa da. Egia da Nafarroak bere independentzia atxiki izan balu, euskal estatu baten ernamuina izan zitekeela; baina ez da euskaldunen estatua inoiz izan: euskaldun batzuen erresuma izan zen, eta nafar errege batzuen pean euskaldun franko bizi izan ziren zenbait garaitan.
Jakin nahiko nuke zertan oinarritzen den Santi errateko Nafarroa ez dela inoiz izan euskaldunen Estatua. Ukapen horren mamia ezagutu nahiko nuke, izan ere, alderantzizko iritzia duten historialariak aunitz dira; batez ere lehoiek historia idazteari ekin diotenetik (eta ez naiz ari lehoi zuri-gorriez, afrikarrez baizik). Lagin bakarra aterako dut hemen. Ez da, hain zuzen, historialaria, baina ziur naiz egileari pareko sinesgarritasuna eta miresmena aitortzen diogula Santik eta biok. Hitz testualak dira (1512ko konkistaz ari da):
“Nafarroak orduantxe galdu du bere independentzia eta beraz, euskarak galdu ditu bere erregeak, euskarari lagundu ahal izango lioketenak. Beraz, euskara gelditu da modernitatearen hasieran bere alboko hizkuntzek dauzkaten laguntzak gabe”. Joxe Azurmendi (Ur, Su, Lur. Dokumentala.1999).
Nafar estatuaren idealizazioari dagokionez, interpretazio akats bat delakoan nago. Nafar Estatua euskal herriaren adierazpen juridiko-politiko historikoa izan dela erranez ez da inolako idealizaziorik egiten. Adierazpen juridiko-politiko hori tamalgarria izan zen askotan, negargarria batzuetan, lotsagarria bertzetan eta, zergatik ez, eredugarria inoiz (Shakespeareren esaldia dantzut). Zalantza gutxiago dago bertze era honetara adierazten badugu: nafar Estatua izan da euskal herriak izan duen nazioarteko zuzenbide subjektu bakarra. (“With the conquest (1512) of Navarre by Ferdinand the Catholic, the Basques lost their last independent stronghold”. Columbia Encypclopedia).
Eta, akitzeko: egia da Nabarralde ekimenaren eskutik argitara emandako erreferentziazko liburu gehienak espainol hutsez idatziak izan direla –ez hainbertze bertzelako argitalpenak-. Joera negargarri horretan nik neuk, ziur aski, lotsaren parte bat iltzaturik badaramat. Ez da egia, ordea, nafar Estatuaren aldarrikapena ehuneko ehun erdara horretan egin denik; ez eta gutxiagorik ere. Nire ardura pertsonalari dagokionez bederen, aitortuko dut liburu bakarra kaleratu dudala gaiaz: Anacleto Ortuetaren ekarpenetan oinarritutako “Nabarra, Estado polítiko de Vasconia” (Pamiela), eta espainolez eman nuela argitara (Anacletok hizkuntza horretan idatzi zuela argituko dut, bide batez). Nola nahi ere, Santi Leonek badaki nik neuk eta bertze hainbatek euskal Estatuaren alde argitara emandako iritzi gehienak gure hizkuntzan idatzi ditugula.
Azken hitz bat. Inportanteena, behar bada. Idazki hau sinatzen duen honentzat Nafarroa, euskal Estatua, ez da helburua. Benetako helburua lortzeko tresna baizik ez da Estatu hori. Euskalduntasuna da helburua. Gure hizkuntza, gure iruditeri kolektiboaren ardatza, gure zoparen ura, gure izatearen funtsa, gure identitatearen euskarria bermatzen duen euskalduntasuna da xedea.
Estatuaren izena berdin zait. Nire ustez “Nafarroa” da egun eta hemen eraginkorrena eta horregatik aldarrikatzen dut, baina ez diot inori inposatuko.
Funtsean bat gatozela uste dut: euskalduntasunaren biziraupena xede. Estatu-nazioa tresna politiko eraginkorrena egun. Behar izana arrazoi nagusi. Guzti horren oinarrian, sudur punta, nahia, borondatea… Baina borondatea ez da izpiritu sainduaren zirintxoaren bitartez burmuinean sartzen! Borondatea osatzeko gure imaginario kolektiboa behar dugu eta iruditeri kolektiboaren parte bat, bai, erreferentzia historikoek osatzen dute (norberak ikusiko du berean zenbat).
---
Oharra: Santi eta bion arteko iritzi trukaketa hau ilustratzeko Zuzeuk hautatu duen irudia ez dut uste egokia denik. Eztabaida honen mamia ez baita ustezko nafar Estatu baten lurraldetasunari buruzkoa eta, bide batez, erranen dut, nik-neuk bederen, ez dut irudian ageri den lurraldetasun horrekin bat egiten.
Euskaldunok gure historia idazteari ezinbesteko deritzot. Kolonozatzaileen histariatik edateak badakigu-eta zer dakarren. Txapeau Nabarralde, alde horretatik.
Baina gure historia kolonizatzaileen hizkuntzan idazteak, kolonozazioa zein sakon hedatu den islatzen du. Nabarraldek hausnarketa egin behar luke horretaz.
Bestalde, EAEko abertzale askoren artean "nafar" identitatea hartzeko ohitura berriari ez diot zentzunik ikusten. Ez ditu nafar españolistak erakarriko, eta keinu artifiziala iruditzen zaio asko eta askori. Niri ere bai, bereziki, euren burua Bizkaiko, Gipuzkoako edo Arabako nafartzat jotzen duten horiek, konkistatzaile gaztelauen hizkuntzan bizi direlarik. Aldrebeskeria negargarria iruditzen zait.
Baina aldrebeskerietara oso ohituta gaude horrei honetan. Harrotasun osoz ager zaitezke "nafar-euskaldun-euskaltzale-abertzale huts"
edonoren aurrean ia erdara hutsez bizi zarelarik (zakurrekin eta haurrekin euskaldun zorrotz, hori bai).
Gure hizkuntzaren anabasari (eta web honetako goi partean dugu oso adibide bitxia) aurre egin beharko genioke lehenik, gure historia zabaldu bitartean, eta gero ikusiko dugu nafar pasaporteak banatu ala antzezle agiriak, zerk merezi duen gehiago.
Aurrera Nabarralde... euskaraz!