Teknologia albisteak

Turismoa Euskal Herrian: gaualdiek behera egin dute

Erabiltzailearen aurpegia
2013-12-11 : 10:42

4,24 milioi pertsonek ostatu hartu zuten 2012an Euskal Herriko geografian barna. 2011etik 4 milioitik gorako datuetan mugitzen gara, baina nahiz eta bidaiari askok bisita egiten diguten, gero eta gutxiago gelditzen direla dirudi.



Gaualdi kopuruak behera egin du Euskal Herrian 2012an. Guztira 7,89 milioi gaualdi zenbatu ziren, portzentajean 2011 urtearekin alderatuta bi puntu gutxiago (-%1,9). Hegoalden gaualdiek behera egin badute ere (-%0,7), galera nabariagoa bizitu du Iparraldek (-%5,7) batik bat, Lapurdiko kostaldean, hor pilatzen baitira 2012ko gaualdien %85,2.

Hala, ondoriozta dezakegu Euskal Herrian bidaiari kopuruari eusten badiogu ere, (2012an %0,7 jaitsi da aurreko urtearekin alderatuta), hauek gero eta gutxiago gelditzen direla gurean, gaualdiek nahiz gurean pasatzen duten denboraren bataz bestekoa jaitsi egin baitira.  

2012an, bidaiari bakoitza 1,88 egun egon zen Euskal Herrian. Herrialdeka, egonaldi luzeenak Iparralde barnealdean (1,98 egun) eta Gipuzkoan (1,96 egun) kokatu ziren, eta motzenak Iparraldeko kostaldean (1,81 egun). 

Datuok islatzen dutenez, Euskal Herri osoaren okupazioa 2012an %46,6 izan zen, alegia, 2011an baino lau puntu baxuagoa. Orokorrean Iparraldeko okupazioa (%55,9) altuagoa izan zen Hegoaldekoa baino (%42,6). Aipagarria da Iparraldeko kostaldeko datua dela Euskal Herriko altuena: %59,6. Gipuzkoak jarraituko lioke (%51,7), eta okupazio baxuenen artean daude Nafarroa Garaia (%32,6) eta Araba (%40,0).

Gogoetarako:

Datuez haratago, zein da Euskal Herriak sustatu beharko lukeen turismoa? Izan ere, Euskal Herriko zenbait zonaldetan (Ipar Euskal Herriko kostaldea, kasu) turismo pilaketa suertatzen da, eta gero eta jarduera ekonomiko garrantzitsuagoa bilakatzen ari da. Horrek, bestelako jarduera aniztasunik ez badago, aldikako enplegua eta baldintza prekarioak ekar ditzake bertako biztanleriarentzat.

Bestalde, turistak erakartzeko herrialdeen lehia dago. Zer dela eta ez dago Euskal Herri osoaren beharrei erantzungo dion turismo plan estrategikorik? Egun, ez dago Euskal Herria bere osotasunean "eskaintzen" duen turismo portalik ere.

Txostenera joan

ITURRIAK: Comité departamental de turismo de Bearn Pays Basque eta INE erakundeak.


Erantzun

Sartu