Teknologia albisteak

Euskara gizarteratzeko funtsezko oinarriak

2016-03-01 : 18:02

Joxe Manuel Odriozola gizarte-hizkuntzalariaren arabera, euskararen etorkizuna eraikitzeko funtsezko oinarriak aurkeztu dira "Euskara, beharra da gakoa" proposamenean. Joxe Manuel Odriozolaren ustez "Kultura soziolinguistikoaren oinarrizko printzipio bat ezarri da euskararen aldeko borroka-leku ideologikoan eta politikoan". 

"Euskara, beharra da gakoa" proposamenak ondorengo urteetan nahitaezkoa ikusten du euskararen erabilera sozio-funtzionala gizarte osora hedatzea eta, bereziki, lan-mundua euskalduntzeko dinamika eraginkorrak abian jartzea. Joxe Manuel Odriozolak, soziolinguista eta hizkuntza soziologiaren arloan hamar saiakera libururen egileak, honela ikusten du proposamen hori: "Hizkuntza plangintzan eta glotopolitikan lehentasunik baldin badago, lanaren eremuari zor zaio lehentasun hori".

Odriozolak euskararen indarberritzea lan-munduari lotuta ikusten du: "Botere-gune estrategikoa da ekonomiaren sistema, eta sistema estrategiko horretatik kanpo dagoen komunitate linguistikoa hotzak akabatzen dago. Bizitza materialaren, sozialaren eta kulturalaren erreprodukzioan esku hartzen ez duten hiztunak eta hizkuntzak ezin dira produzitu eta erreproduzitu bere baitako erregulazio mekanismoetan. Zerraldoa edo bizi-iraupen artifiziala: horra zer daukaten zein atarian. Euskarari bigarrena opa dio botere-sistema autonomoak Hegoaldean, aurrenekoa Frantziak Iparraldean".

Altzoko idazle eta saiogileak lan-mundua hizkuntzaren "hirugarren tranmisioa" izendatzen du: "Batetik, hizkuntzaren transmisio naturala daukagu: nolabait esateko, funtzio lokalera eta etnikora mugatzen da bere egitekoa. Bestetik, transmisio kulturala, hizkuntza nazionalaren hezkuntzazko eta hedabidezko funtzio kognitibo eta informatiboak bilduko lituzke bere baitan. Hirugarren funtzioa funtzio sozioekonomikoa izenda dezakegu. Bizitza sozioekonomikoaren oinarri eta egitura material, teknologiko eta pragmatikoak ehuntzen eta gauzatzen dituen jarduera mota, hain zuzen". Eta ondorio hau ateratzen du Odriozolak: "Lanak bizi du gizakia beste ezerk baino areago".

Joxe Manuel Odriozolak funtsezkoa ikusten du lan-mundua gizakiaren hizkuntza sozializazioan, "Euskaldundu, sozializazioaren kate-harreman osoak bakarrik euskaldun dezake, ez pertsonaren bizitzako aro eta molde jakin batek. Euskaraz bizi ezean ez dago euskaldun izaterik. Euskaraz bizitzeak bakarrik ahalbidetzen duelako ahoz eta idatziz behar adinako erabilera eta motibazioa garatzea, eta, ondorioz, gaitasun komunikatibo nahikoaren jabe izatea".

Joxe Manuel Odriozolak adierazpen hauek guztiak "Euskara, beharra da gakoa" proposamenaren egileari bidalitako idazki batean egin ditu.

Erantzun

Sartu