Teknologia albisteak
1

José del Valle: “Hizkuntzaren kultur dimentsioaren gaineko gogoeta egiteko aukera aparta eskaintzen du euskarak”

Erabiltzailearen aurpegia
2013-07-04 : 17:34

City University of New Yorkeko irakasle José del Vallek zabaldu du gaur Excellence in Basque Studies elkargunea, UPV/EHUko Uda Ikastaroetan. Hizkuntza testuinguruarekin era dinamikoan harremanetan dagoen den tramankulu kultural modura ulertzen duen pedagogia aldarrikatu du CUNY-ko Literatura eta Hizkuntza Prehispanikoen eta Lusitaniar-Brasildarren Programako zuzendaria denak. Karlos Sánchez Ekizaren eta Oier Arazolazaren txanda etorri da segidan, “Euskal musikaz” eta “Euskal dantza, kleenex baten historia” mintzaldiekin. Zenbait hitzaldi zuzenean jarraitu daitezke Uda Ikastaroetako streaming zerbitzuaren bitartez.

 

“Hizkuntza baten baitan aldatzen dena bezain garrantzitsua da gelditzen den hori”, azaldu du Del Vallek, Koldo Mitxelena gogora ekarriz. Irakaslearen aburuz, hizkuntzaren eta gorabehera historikoen arteko harremanak aztertzeko aukera paregabea eskaintzen du euskarak, eta bide berri hori jorratzea proposatu die euskal linguistikan aritzen direnei.

 

"Euskal musika" zentzu zabalean hartuta, euskaldunek sortutako musika mota ezberdinen azterketa egin du ondoren Karlos Sánchez Ekizak, musika horien inguru historikoa eta euskal identitatearekin duten harremanei begira eta euskal musika tradizionalen, musika erudituen eta herri-musiken adibideez baliatuz.

 

Dantza zergatik egiten ote dugun galdezka hasi du bere mintzaldia Oier Araolazak, eta jarraian dantzak guregan eta gure gizartean zein ondorio dituen analizatu ditu. Dantza tradizionalak munduan eta euskal kulturaren testuinguruan zein paper jokatzen duen ere aztertu du, eta tradizioaren izaeraz gogoeta egin.

 

Arratsaldean bi mintegi burutuko dira: “Itzulpen lantegia: ikasleak hizkuntzan eta kulturan”,Amaia Dones Mendiak –Uniwersytet Adama Mickiewicza. Polonia. Etxepare Euskal Institutua-emango duena eta  AEBetako Stanford University-ko Joan Ramon Resinak eskainiko duen “Literaturas ibéricas modernas: Ramón Saizarbitoria”.

EHUko Uda Ikastaroek atzerriko unibertsitateetan euskara eta euskal kultura irakasteko prestakuntza ikastaroa eskaintzen ari dira hirugarrez urtez, Etxepare Euskal Institutua eta Euskara Errektoreordetzaren lankidetzaz. Programa uztailaren 4an eta 5an gauzatzen ari da, Donostiako Miramar Jauregian. Ikastaroaren helburua euskal irakurleak atzerriko unibertsitateetan eskatzen diren metodologia eta irakaskuntza profilekin bat datorren programazioa egiteko tresnez hornitzea da.

Euskara eta euskal kultura nazioartean sustatzea eta hedatzea du helburu Etxepare Euskal Institutuak; egun Euskal Herritik kanpoko 36 unibertsitatetan ditu irakurletzak, eta haietan 30 bat irakasle ari dira euskara eta euskal kulturako eskolak ematen. Horiez gain, hiru katedra ere sortu ditu, bi AEBetan (Chicago eta NY hirietan) eta Alemanian bestea (Frankfurt). Kopuru horiek gorantz joango dira hurrengo urteotan.

Etxepare Euskal Institutuko Euskararen Sustapen eta Hedapenerako zuzendari Mari Jose Olaziregik zuzendu duen ikastaro honek, beraz, egungo irakurleen eta etorkizunekoen formazioa sendotu nahi du. Helburu horrekin euskararen eta euskal kulturaren jakintza arlo desberdinetako adituak hartuko ditu aurten ere. Hortik “Excellence in Basque Studies” izenburua, ikastaroak prestigiozko ikerlari eta irakasleek euskal ikasketei egindako ekarpena jaso nahi duelako.

Hirugarren ikastaro honetan soziolinguistika, literatura, dantza, musika klasikoa, edo euskal artea da ditugu hizpide. Eskola teorikoez gain, Etxepare Euskal Institutuaren irakurle sarean lanean ari diren hainbat irakasle mintegi praktikoak ere eskaintzen ari dira.

Aurten ere nazioarte mailako izen aipagarriak aurkituko ditugu irakasleen artean: José del Valle (The City University of New York, AEB), Joan Ramon Resina (Standford University, AEB), Estibalitz Ezkerra (University of Illinois at Urbana-Champaign, AEB), Karlos Sánchez Ekiza (UPV/ EHU), Mari Jose Olaziregi (UPV/ EHU), Pio Pérez Aldasoro (UPV/ EHU), Oier Araolaza (Dantzan.com Elkartea), Amaia Dones Mendia (Uniwersiytet Adama Mickiewicza, Poznan,  Polonia) Gorka Mercero(University of Birmingham, Erresuma Batua) eta Unai Lauzirika (Leipzig University, Alemania).

PROGRAMA OSOA (PDF)

Erantzunak

2013-07-05 : 10:15

Gaurko egitaraua, Uztailak 5.

09:15ean “Euskal literaturaren irakaskuntza nazioartean”
- Estibalitz Ezkerra Vegas. University of Illinois at Urbana-Champaign, AEB. USA.
- Mari Jose Olaziregi Alustiza. Etxepare Euskal Institutua. Euskal Herriko Unibertsitatea. Donostia

10:30ean Etenaldia

10:45ean “Euskal kultura antropologiaren ikuspuntutik”
- Pio Pérez Aldasoro. Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea. Donostia UPV/EHU.

12:00etan Etenaldia

12:15ean. “Del hispanismo a los estudios ibéricos. Una propuesta federativa para el
ámbito cultural”
- Joan Ramon Resina. Stanford University. USA.

13:30ean. Laburpen saioa / Bibliografiari buruzko saioa

16:30ean. Mintegi praktikoa: “Euskal gizartea eta kultura bere literaturaren
ikuspegitik”
- Gorka Mercero Altzugarai. University of Birmingham. Etxepare Euskal Institutua.

17:15ean Etenaldia

17:30ean. Mintegi praktikoa: “Euskal Kultura Alemanian”
- Unai Lauzirika Amias. Universität Leipzig. Etxepare Euskal Institutua.

Erantzun

Sartu