Inor gutxi iristen den lekuak erakutsiz eta jakin-mina piztuz dator zientzia eta teknologiari buruzko saioaren 26. denboraldia. Aurkeztu da Teknopolis zientzia, teknologia eta berrikuntzari buruzko saioaren 26. denboraldia EHUko Bizkaia Aretoko Baroja gelan, Bilbon. Han izan dira Amaia Esquisabel Alegría, Eusko Jaurlaritzako Ikerketa zuzendaria, Gorka García Peral, ETBko Programa eta Arte zuzendaria, Jon Abril Olaetxea, Elhuyarreko koordinatzaile nagusia, eta saioa babesten duten erakundeetako ordezkariak. Hain zuzen, asteburu honetan hasiko da denboraldi berria, eta ordutegi hau izango du: larunbatetan 13:30ean ETB1en eta igandeetan 12:00etan ETB2n.
Azken urteetako aurkikuntza mediatikoenarekin ekingo dio 26. denboraldiak: Irulegiko eskua. Aurkikuntzaren garrantziaz jabetzeko gakoak emango ditu saioak: testuingurua, protagonisten bizipenak… Zirrara eta emozioak. Hain zuzen ere, zientzia-gaien trataera zorrotz eta gertukoa ditu xede Teknopolisek.
Ia mende laurdeneko esperientzia du programak, eta, heldutasun horren eskutik, gaiak kontzienteki lantzea etorri da: genero-ikuspegia aspaldi txertatua du, hizkuntzarena zer esanik ez, eta azken denboraldietan klima-larrialdiaren inguruko gizarte-ardura ere barneratu du Teknopolisek. Elhuyarrek dekalogo bat osatu du ingurumenari eta klima-larrialdiari buruzko gaietan jarduteko, eta saioak ere bere egin du. Edozein dela ere lantzen duen gaia, klima-larrialdiarekin duen lotura zuzena ala zeharkakoa izan, arduraz jokatzeko konpromisoa du Teknopolisek
Irailaren 23an hasiko den denboraldi berri honetan ere inor gutxi iristen den lekuetan izango da telebista-saioa, eta eduki interesgarriak eskainiko ditu: Goizuetako erreketan bizi den uhandre piriniotarra ezagutaraziko digu, Atapuercako aztarnategia erakutsiko digu bertatik bertara, biltegi automatiko modernoenen sekretuak bilatuko ditu, euskal kostaldera iritsiko den espedizio zientifiko erraldoi baten berri emango du, ugalkortasunaren jaitsieraren eta populazioaren hazkundearen kontraesanetan murgilduko da… Horrela, astez aste, jakin-mina piztu eta aseko duten 30 minutu eskaini nahi dizkie Teknopolisek ikusleei.
Iñaki Leturia Yurrita izango da aurten ere aurkezlea, eta zuzendariak, berriz, Nagore Rementeria Argote eta Leturia bera.
Elhuyarrek ekoizten du Teknopolis zientzia-, teknologia- eta berrikuntza-saioa. Euskal Herriko zientzia eta teknologiaren erreferente handienetakoak dira Elhuyar eta Teknopolis bera. Hasiera-hasieratik komunitatea eraikitzea izan du Elhuyarrek xede nagusitzat, eta Teknopolis saioak berak ere hori biltzen du. Euskal Herrian egiten den zientziaren erakusleihoa izateaz gain, herritarrak hezteko eta ikuspegi kritikoa lantzeko egiten du lan. Baina, lan hau ez du Elhuyarrek bakarrik egiten; komunitate oso baten laguntza dago atzean: babesleak, ikerlariak, dibulgatzaileak, eta zientzia-edukiak kontsumitzen dituzten herritarrak.
Era berean, ezinbestekoa da Elhuyarren eta EITB Mediaren arteko lankidetza luzea nabarmentzea, bai eta babesle eta lankide diren erakunde guztien laguntza azpimarratzea ere: Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila eta Hezkuntza Saila, Euskal Herriko Unibertsitatea, Mondragon Unibertsitatea, TKNIKA Lanbide Heziketari aplikatutako ikerketa eta berrikuntzako zentroa eta BRTA Euskadiko Ikerketa eta Teknologia Aliantza.
Erantzun
Sartu