Elhuyarrek eta EHUko Uda Ikastaroek hitzarmena sinatu dute hizkuntza-teknologien esparruan elkarlanean aritzeko. Aurtengo Uda Ikastaroetan aldibereko itzulpen automatikoko sistemak probatuko dituzte ingurune errealetan.
Elhuyarrek eta UIK-k hitzarmena sinatu dute gaur Donostian, Miramar Jauregian, hizkuntza-teknologien esparruan egingo duten elkarlana jasotzeko; zehazki, ahotsetik testurako aldibereko itzulpen automatikoko sistemarekin egingo dituzten proba pilotuak diseinatu eta aurrera eramateko. Hitzarmena Jon Abril Olaetxea Elhuyarreko koordinatzaile nagusiak eta Itziar Alkorta Idiakez UIK-ko zuzendari akademikoak sinatu dute.
Hitzarmenari esker, aurtengo UPV/EHUko Uda Ikastaroetan, hizkuntza-teknologiak baliatuz, aldibereko itzulpen automatikoko sistemak probatuko dituzte ingurune errealetan. Hala, hautatutako ikastaroetako hitzaldiak automatikoki testu idatzi bihurtu, eta automatikoki itzuliko dira, aldi berean.
Aldibereko itzulpenak egin ahal izateko adimen artifizialean oinarritutako teknologiak erabiliko ditu Elhuyarrek, hala nola ahotsaren errekonozimendurako sistemak eta itzulpen-sistema automatikoak.
Elhuyarrek eta UIK-k sinatutako hitzarmen honek, bi erakundeen arteko elkarlana sustatzeaz gain, onurak ekarriko ditu bientzat.
Alde batetik, UIKrentzat garrantzitsua da proiektua, euskarak programan presentzia handiagoa izateko aukera emango dielako; izan ere, interpreterik aurreikusita ez dagoen kasuetan ere, hizlariek euskaraz hitz egiteko tartea hartu ahal izango dute, eta esandakoaren berehalako itzulpena idatziz jaso ahal izango dute euskal hiztunak ez diren ikasleek, beren hizkuntzan.
Bestetik, Elhuyarrentzat aukera aparta da sortzen duen teknologia ingurune errealean probatzeko. Proba pilotu hauetan baloratuko da sistema nola egokitzen den zenbait hizlari eta egoeratara. Urrats garrantzitsua izango da aldibereko itzulpen automatikoa ahalbidetuko duten teknologiak gizarteratzeko.
Erantzun
Sartu