Teknologia albisteak

Eskola-jangelak elikadura burujabetza eredurantz

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
gaur : 09:57

Mugen Gainetik GKE-ak lanketa bat egin du, Labore ekoizle/merkaturatzaile ekimenarekin batera, Donostiako ikastetxeetan jantokien kudeaketa-ereduei buruzko kontzientzia kritikoa sortzeko, eta eredu hori elikadura burujabetzara bideratzen saiatzeko. Lanaren barruan, beste herri batzuetan garatutako jangela komunitario eta burujabeak, hemen eta orain, posible direla erakutsi dute (Oiartzungo eta Ibarrako adibideekin).

Egindako lanean,Donostiako 50 ikastetxeetako ikasleek, gurean nagusi den kontsumo ereduaren albo kalteak nabarmentzen dituen informazioa jaso dute hizkuntza eta formatu erakargarrian eta eraldaketaren ibilbidean erreferente positibo izan daitezkeen gazteak ezagutu dituzte. Ikastetxe horietako 2.000 guraso eta senitartekorengana ere iritsi dira, elikadura burujabe ekologiko eta feministaren abantailak ezagutzera emateko. Azaldu diete, besteak beste, gurean nagusi den jangela, elikadura eta kontsumo ereduak gure gertuko eta urrutiko ingurugiroan, emakume eta gizonen arteko berdintasunean, hegoaldeko herrietan eta herri gutxitu indigenetan eta gure ume eta gazteen osasunean dituzten eraginak. Ikastetxeetako batzuetako gurasoek eskola jangela ereduen aldaketarako hausnarketa bideak jorratzeko interesa azaldu dute jada.

Kontua da, aldaketa hori posible dela, eta proiektuaren barruan Mugen Gainetik-ek bideo bat ekoitzi du bi esperientzia oso interesgarrirekin. Nola egin dute jangela burujabe baten hautua Oiartzungo Umendi Haur Eskolan, eta Ibarrako Uzturpe Ikastolan.

Bideoko adibideek erakusten duten bezala, jangela komunitarioetan, are gehiago umeen elikaduraren zutabe garrantzitsua diren eskola jangeletan, posiblea da kontsumo eredu osasuntsu eta bideragarri bat lortzea.

Bideo honetaz gain, beste ikus-entzunezko material batzuk ere sortu dituzte Mugen Gainetik-koek gaiaren inguruan. Ikus hemen.

 

Erantzun

Sartu