Oiartzungo Ttur-Ttur Euskaltzaleon Bilguneko kideek hika ikasteko eta praktikatzeko Appa hi! aplikazioaren Oiartzungo bertsioa aurkeztu zuten joan den asteburuan. Badihardugu Euskara Elkarteaeta CodeSyntax enpresa dira aplikazioaren sortzaileak. 13.en bertsioa da Oiartzungoa, laster izango da kalean Zarauzkoa, eta 2026an ere aurrikusita daude beste bertsio batzuk ere.
2021ean sortu zen hika ikasteko eta praktikatzeko Appa Hi! aplikazioa. Hasierako bertsioa Oñatirako egin bazen ere, berehala sortu zuten euskara batukoa ere, eta ordutik hainbat herritarako atalak prestatu dira.
Oiartzungo bertsioan Ttur-ttur Euskaltzaleon Bilguneko Itsaso Aldai izan da testuak eta galderak moldatu dituen. Ekimenak Oiartzungo Udalaren babesa jaso ere. Ttur-tturrek sortua du Oiartzungo hika patrika liburuxka; eta Itsaso Aldaik berak hika saioak ematen dizkie herriko gaztetxoei Oiartzungo ikastolan, LH5etik DBH4ra, eta Elizalde Institutuko DBH1eko ikasleei ere bai.
Zera da aplikazioaren helburua: jolastuz ikasi; modu errazean, jolasean, ia konturatu gabe 5 astean hitanoaren oinarriak ikasteko aukera ematen du. Hitanoaren oinarri teorikoak eskaintzen ditu, baina ikasketa-prozesuaren funtsa galdera-erantzun estiloko jokoa da. 35 egunean, egunero pilula batean, informazio jakin bat ematen da: azalpenak eta marrazkiak, adibideekin. Ondoren, azalpenekin lotutako galdera-sorta bat dator: partidak. Galdera guztiei zuzen erantzunez gero, hurrengo egunean beste pilula bat egiteko aukera izango du erabiltzaileak. Bestela, berriro saiatu daiteke: partidak errepikatu ditzake. Nahi beste aldiz, ondo egin arte. Astero errepaso bat egongo da, eta maila bat igotzeko aukera. Guztira bost maila dira gainditu beharrekoak, aste bakoitzeko bat. Bakoitzak bere erritmora egin dezake prozesua.
Galderei zuzen erantzuten eta mailak gainditzen doanak, azkarrenak, bost astean lortuko du Oiartzungo hika (edo aukeratzen den herrikoa) ikastea. Zarauzkoa gehitzen denean menuan scroll egin beharko da bertsio guztiak ikusteko:
Erantzun
Sartu