Elhuyarrek pauso bat aurrera eman du, beste behin ere, hizkuntza-teknologien eta adimen artifizialaren esparruan, digitalizazioaren eremuan gizartean sortzen ari diren erronkei erantzuten jarraitzeko helburuarekin. Oraingo honetan, testua ahots bihurtzeko sistema neuronalak sortu ditu, eta haiek gizartearen esku jarri. Elhuyarrek eskaintzen dituen ahots automatikoak (TTS) gizartearen eta bezeroen eskura daude jada.
TTS ahotsek egiazkoak diruditen arren, sare neuronaletan oinarritutako teknologiaren bidez sortutakoak dira. Gainera, Elhuyarrek bere TTS ahots propioak eskuragarri jartzeaz gain, TTS ahots pertsonalizatuak sortzeko aukera ere eskainiko die bezeroei.
Benetakoak diruditen ahots sintetikoen sorta bat jarri du erabiltzaileen eskura Elhuyarrek, euskaraz eta gaztelaniaz, eta, webguneen irisgarritasuna hobetzeko helburuarekin, barra irakurle bat sortu du.
Barra irakurlea webgune batean txertatuz gero, bertako edukiak ahots sintetikoen bidez entzun ahal izango dituzte erabiltzaileek. Nahikoa da play botoiari ematea webgunea entzuten hasteko; gainera, aldi berean, TTS ahotsa irakurtzen ari den testu-zatia nabarmenduta erakusten da. Barra irakurlea oso erraz txerta daiteke bezeroen webguneetan; adibide gisa, Elhuyarrek bi webgune hauetan jarri du: aldizkaria.elhuyar.eus eta zientzia.eus.
Elhuyarren TTS ahotsak edozein aplikaziotan txertatzeko prestatuta daude, bezeroentzat eskuragarri jarritako REST APIaren bidez. Horrela integratu dira ahotsak hiztegiak.elhuyar.eus webgunean.
TTS ahots pertsonalizatuak sortzeko aukera ere eskaintzen du Elhuyarrek. Hain zuzen ere, pertsona baten ahotsa oinarri hartu eta hura imitatzen duen sistema bat sortzeko aukera eskaintzen du. Ahotsak pertsonalizatuak dira, eta bakarrak. Horrelako TTS ahots pertsonalizatuekin, enpresek beren marka-izaera eta branding-estrategia indartuko duten ahots propioak sor ditzakete, eta, ez hori bakarrik, beste hainbat aukera ere badaude. Besteak beste, enpresek TTS ahots pertsonalizatu hori erabil dezakete bezeroekiko komunikazio digitalean: erantzungailu automatikoan, ikus-entzunezkoetan... Pribatutasunari eta esklusibotasunari dagokionez, ahots pertsonalizatu hauek pribatutasuna zainduko dute, eta bezeroak berak soilik erabili ahal izango ditu. Informazio gehiago: ttsneuronala.elhuyar.eus
Orairen eskutik garatu da teknologia
Testutik ahotserako bihurketa egiteko teknologia hauek Orai adimen artifizialeko langunean sortutakoak dira, eta ahotsaren sintesiaren ikerketan egindako lanen aurrerapenaren erakusgarri da zerbitzu hau. Horrez gain, ikerketa-ildo hauek ere lantzen ditu: genero-markarik gabeko hizketaren sintesia, emoziodun hizketaren sintesia eta langin txikiak erabiliz ahotsak imitatzeko sistemak, besteak beste. Orai NLP alorrean (Natural Language Processing) espezializatuta dagoen langunea da, eta goi-mailako ikerketa eta soluzio teknologiko adimendunak eskaintzen dizkie enpresa eta erakundeei.
Erantzun
Sartu