Teknologia albisteak

INSPIRA proiektua aholkularien bila, neskengan bokazio zientifiko eta teknologikoak sustatzeko

Erabiltzailearen aurpegia
2017-03-20 : 11:14

INSPIRA proiektu aitzindaria da Euskadin, neskengan bokazio zientifiko eta teknologikoak sustatu nahi dituena. Horretarako sentsibilizazio eta orientazioko ekintzak egiten ditu, ikerketa, zientzia eta teknologia arloetako emakume profesionalen eskutik. Lehenengoz erabiliko da taldeko aholkularitza teknika, STEAM (Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza, Arteak eta Matematikak, ingelesezko sigletan) irakasgaiak sustatzeko proiektu batean eta lehen hezkuntzako ikasleen artean.

INSPIRAren fase pilotuak, 2016an eginak, 17 emakumeren laguntza izan du eta borondatezko aholkulari lanetan aritu dira. Denak dira zientzialariak eta teknologoak eta hainbat arlotan dihardute lanean: irakaskuntzan, enpresan, ikerketan, kudeaketan, etab

Hala, EAEko 11 ikastetxetako 200 neskak baino gehiagok hartu dute parte 7 lan-saiotan, hainbat gai jorratzeko: inguruan ditugun estereotipoak, lana edo emakumea eta zientzia historian zehar, besteak beste. Aholkulariaren eta nesken arteko topaketa horiekin hauxe lortu nahi da: zientzia eta teknologiako lanbideen inguruko zalantzak argitzea eta oztopoak gainditzea, motibazioak argitzea eta autoestimua sendotzea lanbide horretan hasteko, hala nahi izanez gero.

Euskal ikasleen artean bokazio zientifiko eta teknologikoak sustatzeko beharretik eta horien artean neskak ere egoteko premiatik sortu da INSPIRA. Prestakuntza teknologikoaren aldeko apustua egiten duten ikasleen kopurua beherantz doa urtean-urtean. Eta emakumeen taldeari bagagozkio, datuak are eta nabarmenagoak dira. Espainiako unibertsitate sistemako ikasle guztien % 54,3 emakumeak badira ere, titulazio teknikoetan, Ingeniaritzan eta Arkitekturan duten presentzia, esaterako, % 26,4ra jaisten da.

INSPIRA Deustuko Unibertsitateak sustatutako proiektua da, Elhuyar Fundazioaren eta Innobasqueren laguntza eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesa duena.

Proiektuaren gakoak hauek dira:

  • 1. Hurbileko emakume teknologoen erreferente berriak eman nahi ditugu.
  • 2. Neskek eta mutilek STEAM arloko lanbideak ezagutzea nahi da.
  • 3. Herrialde baten garapena gizonek eta emakumeek batera lortu beharraz kontzientzia sortu nahi da.
  • 4. Teknologiako karreren inguruko sentsibilizazio eta orientazioa eman nahi da.
  • 5. Emakume teknologoen balioa denen aurrean erakutsi nahi da.
  • 6. Gizartean ditugun estereotipoak ezagutarazi nahi dira, ikasketak aukeratu behar direnean mugarik sortu ez dezaten.

2017an nesken aholkulari izan nahi duten zientzia eta teknologia arloetako emakume profesionalen bila gabiltza!

Zer dakar aholkulari izateak?

  • Gure lanbideko onena neskei transmititzeko konpromisoa, ilusioa eta gogoa.
  • 15 orduko doako prestakuntza hiru saiotan, ostiral eta larunbatean, “Generoa eta teknologia” eta “Aholkularitzako dinamikak” gaien inguruan.
  • Ikastetxeko nesken taldearekin aholkularitzako 6 saio egitea, ordubeteko iraupenekoak, eskola-orduen barruan. Taldea ikastetxeko taldeetako neska guztiek osatuko dute, 8 eta 14 urte bitartekoek, batez ere, lehen hezkuntzako 6. mailakoek.
  • Saioak 2017ko irailetik abendura egingo dira, ikastetxeak eta aholkulariak adostutako egun eta orduetan.

Deustuko Unibertsitateak hau eskaintzen du:

  • Prestakuntza, arloko adituen aldetik.
  • Materiala baliabide eta jarduerekin, aholkularitza saioak egiteko.
  • Proiektuaren eta emaitzen zabalkundea egitea.
  • Prozesu osoan laguntzea eta jarraipena egitea.

Interesa baduzu, formulario hau bete behar duzu, martxoaren 31a baino lehen.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago