Teknologia albisteak

Hendaian euskararen geroaz gogoeta egiteko prozesua abian da

Erabiltzailearen aurpegia
2015-11-04 : 12:19

Hendaiako Herriko Etxeak Euskararen Plan Estrategikoa lantzeko prozesua aurkeztu du udalerrian euskararen erabilera bulkatzeko eta euskaldun-komunitatea sendotzeko. Planak egungo egoeraren alderdi kuantitatiboak eta kualitatiboak jasoko dituen diagnostiko bat eginen du, eta aitzina begira jartzeko lan-tresna izanen da, eguneroko dinamikatik haratago begiratzeko. Elhuyar Aholkularitzak dinamizatuko du prozesua.

Helburua da Hendaiako herritarren eta eragileen artean euskararen erabilera sustatzea eta udalerriak hurrengo urteetan garatuko duen hizkuntza-politika eta lan-ildo berriak finkatzea. Helburu hori lortzeko, gogoetarako bideak jarriko dira pertsonen esperientzietan oinarrituz eta herritarren partaidetza ahalbidetuz.

Lehenbizi, ezinbertzekoa da egungo egoera aintzat hartuta Hendaian euskarak bizi duen egoeraren diagnostikoa egitea. Horrenbertzez, diagnostiko hori osatzen joateko, bertzeak bertze, aitzinetik egindako lanaren inguruko dokumentazioa jaso da, eta elkarrizketa egin zaie hainbat sektoretako eragileei, euskarak Hendaian duen egoerari eta etorkizunari buruzko iritziak biltzeko.

Bigarren fasean, hiru bilkura eginen dira herritarrekin eta eragileekin diagnostikoa osatzeko eta aitzina begirako erronkak eta neurriak lantzeko. Hiru bilkura horiek Sokoburuko Abbadie Aretoan eginen dira azaroaren 7an, azaroaren 21ean eta abenduaren 5ean, larunbatez, 9:30etik 12:30era. Beraz, Hendaiako herritar, eragile eta sektore guztiak animatu nahi dituzte bileretara joan eta iritzia ematera. Izan ere, halako plan bat egiteko, arrunt garrantzitsua da herriko errealitate linguistikoa islatzea eta sektore, eragile eta herritar-tipologia guztiak aintzat hartzea.

“Horrelako prozesuak lagungarri izaten dira jauzi kualitatiboak emateko, egiten den lana gizarte osoari ikusarazten laguntzen dutelako, batetik, eta euskararen inguruan ari diren pertsona eta erakundeak elkarlanean jartzen dituelako, bertzetik. Azken batean, hizkuntza-komunitatearen egitura sendotzen laguntzen du” adierazi du Elhuyar Aholkularitzako ordezkariak.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago