Elhuyarrek bilatzaile eleaniztuna eta dokumentu-erlazionatzaile eleaniztuna garatu ditu. Teknologia horiek, batetik, hizkuntza batetik abiatuta beste hizkuntzetan dauden testuetan informazioa bilatzen dute, eta, bestetik, bilaketa semantikoaren bidez, zerikusia duen informazioa erlazionatzen dituzte. Egun teknologia horiek Elhuyarren Zientzia.net eta Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariaren webguneetan ezarriak daude.
Egun, gero eta informazio gehiago daukagu kontsultagai, hizkuntza batean baino gehiagotan. Horregatik, gero eta garrantzitsuagoak dira bilatzaileak, erraztu egiten baitigute bilatzen dugun hori topatzeko lana eta prozesua. Internet dugu horren erakusgarri, baina, Internetez haratago, erakundeek gero eta behar handiagoa dute barne- edo kanpo-informazioan bilaketak egiteko edo informazioa erlazionatzeko. Hain zuzen ere, Elhuyarreko I+G unitateko bi kidek, Maddalen Lopez de Lacalle eta Xabier Saralegik gaur aurkeztu dituzten bi tresnek aukera ematen dute zientzia eta teknologiari buruzko edukiak hainbat hizkuntzatan bilatzeko. Horretarako erabiltzen den teknologia Elhuyarrek garatutako “eLEZKARI” da, testu-bilduma eleaniztunak kontsultatzeko bilaketa-sistema hain zuzen ere. eLEZKARI Elhuyar Fundazioaren I+G taldean hizkuntza arteko dokumentuen berreskurapen automatikoaren alorrean egiten ari den jardueraren emaitza da.
Bilatzaile eleaniztunaren kasuan, zientzia eta teknologia alorreko albisteetarako hizkuntza arteko web-bilatzaile bat da, eta Interneten bilduma eleaniztunak kontsultatzeko hizkuntza arteko bilatzaileen artean euskara hartzen duen lehenengoa da. Zientzia.net webgunean ezarrita dago, eta, kontsulta bilatzailean euskaraz idatzita, erreferentziazko webguneetan bilaketarekin erlazionatutako euskarazko eta ingelesezko erantzunak ematen ditu, garrantziaren arabera sailkatuta.
Dokumentuen arteko lotura semantikoak ematen dituen sistemak badaude merkatuan, baina horietako gehienek ez dute inolako hizkuntza-prozesamendurik aplikatzen. Hau da, dokumentu batekin zerikusia izan dezaketen beste dokumentu batzuk bilatzen dituzten sistemak egon badaude, baina ez dute dokumentuaren hizkuntza kontuan hartzen. Hori dela eta, euskarazko testuekin oso emaitzak kaskarrak ematen dituzte. Testuinguru horretan garatu da Dokusare. Zerbitzu honi esker euskarazko edukiak webean hobeto antolatzeko aukera izango da eta baita euskarazko edukiak erdarazko webguneetan presentzia izateko aukerak ugaritu ere. Hala, irakurtzen ari zaren artikuluarekin zerikusia izan dezaketen beste artikulu batzuk gomendatuko dizkizu Dokusarek, erreferentziazko webguneetan aurkitutako euskarazko, gaztelaniazko eta ingelesezko dokumentuak itzuliko baitizkizu.
Horrenbestez, zerbitzu hauek bi hutsune nagusi betetzen dituzte: alde batetik, euskara hizkuntza arteko bilatzaile batean integratzea, eta, beste alde batetik, zientziaren dibulgazioan erreferenteak diren webguneak soilik batzen dituen hizkuntza arteko bilatzailea garatzea, ikasle, irakasle, kazetari zein erabiltzaile arruntentzat erabilgarria izan daitekeena.
Bi teknologia hauek interesgarriak izan daitezke informazio asko duten erakundeentzako: unibertsitateak, argitaletxeak, komunikabideak, etab. Izan ere, teknologoa hauetaz baliatuz, erabiltzaileari gure testuen edukia erlazionatzeko bide emango diogu, eta beste hizkuntzetan dagoen informazioarekin osatzeko aukera.
Zorionak, @Elhuyar. Informazio gehigarri gisa, sistema berriak dituen API gaitasunari esker integratu ahal izan dugu aukera tekniko hau http://zientzia.net/ eta http://aldizkaria.elhuyar.org/ webguneetan, gure enpresak Django-rekin egindako azpiegiturak baitira bi horiek.
Horrek esan nahi du beste azpiegitura batzuetan ere integratzen ahal dela. Garapenaren abantaila argi bat :-)