Teknologia albisteak

Etsipenak jota, gerren artetik bizirik irtetea lortu zuten euskaldunak

Erabiltzailearen aurpegia
2014-11-17 : 12:54

Bagoaz, poliki-poliki, gure hizkuntzaren historia hobeto ezagutzeko bidean, Xamar bidelagun hartuta. "Euskara Jendea" ikastaroaren bosgarren kapitulura iritsi gara, eta seigarrena baino ez zaigu falta ikastaroa amaitzeko (ikus aurrekoen laburpena). Azken-aurreko kapituluan, gerra artean bere burua altxatu nahian dabilen Euskal Herria ikusi dugu.

   

Euskararen galera XIX. mendean

Kronikarekin hasteko, XIX. mendean euskarak ezagutu zuen atzerakada edo galera azpimarratu behar dugu. 1808an Napoleonek Euskal Herri osoa hartu zuen mendean, Europa gehiena bezala, eta euskaldunak aurrez aurre zeuden, borrokan elkarren kontra. 

Napoleonek gizarte euskaldunarekin topo egin zuen Iruñean, eta, oro har, Nafarroan, baina egoera soziolinguistikoa aldatzen hasita zegoen. Nafarroaren erdialdean, adibidez, euskararen ordezkapena azkartuta zegoen. Ordura arte, Nafarroako administrazioak kontuan hartzen zuen herri asko euskaldun hutsak zirela, baina bikoiztasun hori galtzen eta ahultzen hasi zen XIX. mendean. Iñaki Camino filologo eta Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak bideoan dioenez, Elizako artxiboak kexaz beteta daude herri euskaldunetara apaiz erdaldunak bidaltzen zituztelako, herritarrek apaiz euskaldunak eskatu arren. Nafarroako erdialdean normala izaten hasi zen herri euskaldunetara apaiz edo irakasle erdaldunak eta erdaltzaleak bidaltzea, azken hiru mendeetan ez bezala. Orduan bizi izan zuten lurralde haietan, Araban bezala, euskararen atzerakadarik handiena, eta Iruñetik beherako lurraldeetan euskara galtzen hasi zen.    

Bonaparteren mapa

Klik haundi ikusteko
Bonaparte izan zen euskalkien lehen banaketa proposatu zuena.
Napoleon Bonaparteren iloba zen Louis Lucien Bonaparte bost aldiz etorri zen Euskal Herrira, eta bidaia horietan euskararen mapa osatu zuen. Euskararen lehen mapa frantses administrazioak mende hasieran egin bazuen ere, Bonapartek hiztunen hedapena eta sendotasuna erakusteaz gain, euskalkiak ere zehaztu zituen. Caminoren esanetan, Bonaparte izan zen euskalkien lehen banaketa proposatu zuena, non hitz egiten ziren eta noraino iristen ziren zehaztuz. 

Bonapartek euskaldunekiko erakutsitako interesa eta egindako lan ugariak pizgarriak izan ziren euskal gizartearentzat. Caminoren ustez, Bonapartek halako harrotasun bat zabaldu zuen euskaldunen artean, haien izaera, nortasuna eta hizkuntza goratu baitzituen. 

Herri-kulturen garrantzia

Bonaparteren aurretik, baina, beste ikertzaile atzerritar batzuek ere eraman zuten euskara maila zientifikora. Izena eta lekua aitortu zioten Euskal Herriari Europan. 

Klik haundi ikusteko
Humbold-en ustez, euskara erreminta aproposa zen Europaren historia ezezaguna argitzeko.
Wilhelm Von Humbold-ek, adibidez, Europako historia eta euskara lotu zituen. Lourdes Otaegik Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak bideoan esaten digunez, Humbold izan zen euskara Europan serioski landu zuen lehen filologoa. Basko-iberismoaren teoria, adibidez, harena da, eta euskararen antzinatasuna ere hark aldarrikatu zuen. Esaten zuen euskara erreminta aproposa zela Europako historia ezezaguna argitzeko. 

Baina Humbold-en lehen helburua, Euskal Herrira etorri zenean, ez zen hizkuntza aztertzea, ahozko herri-literatura ezagutzea baizik. Izan ere, XIX. mendean Erromantizismoak kultura tradizionalarekiko interes handia erakutsi zuen, eta tokian tokiko herri-kulturak biltzen eta balioesten hasi ziren. Otaegiren esanetan, euskarak sortzen zuen literatura, folklorea eta tradizioa jasotzeko ahalegin handia egin zen Euskal Herrian garai hartan, eta atzerritarrek lan handia egin zuten horretan. Baina ez zuten garrantzia txikiagoa izan ikertzaile euskaldunek folklorea eta ahozko literatura jasotzeko egindako ikerketa-lanek, eta atal horretan, Joan Ignazio Iztuetak euskal folklorearen gainean egindako lana azpimarratu zigun Xamarrek.   

Foruen galera

1812an Espainiako lehen Konstituzioa idatzi zen, Cádizen, Frantziakoa eredu hartuta. Konstituzio horrek Hego Euskal Herriko foruen edo lege propioen desagerpena zekarren, eta indarrean sartu ez bazen ere, zetorrenaren iragarpena izan zen. 

Foruak mantendu ala lege bakarra estatu osorako? Hori izan zen karlistaldiak deitutako gerrak piztu zituena. Lehen Karlistaldia Bergarako Besarkadarekin amaitu zen, eta Jurgi Kintana historia-doktore eta UEUko kideak esaten digunez, foruak mantendu egin ziren Espainiako Konstituzioan, baina, praktikan, murrizketak izan ziren.  

Klik haundi ikusteko
2. Gerra Karlistaren ondorioz, euskaldunon berezko erakundeak eta legeak indargabetu ziren.
Historia 40 urte geroago errepikatu zen, 2. Gerra Karlistan. Oraingoan, baina, karlistak zeharo garaitu zituzten, eta, ondorioz, berezko erakundeak eta legeak goitik behera indargabetu ziren, kontzertu ekonomikoa salbu. Kintanaren esanetan, ordura arte agintari ziren batzuek onartu egin zuten egoera berria, beraiek nahi zutena ez bazen ere; baina beste batzuek ez dute onartuko, eta euskal nazioa edo independentzia bezalako kontzeptuak hasiko dira azaleratzen.   

Anton Abadia eta lore-jokoak 

Klik haundi ikusteko
Abadiaren ustez, euskararen galera eteteko derrigorrezkoa zen euskaldunen harrotasuna antolatzea.
Bigarren Karlistaldiaren ondoren, orduko egoerak kezkatuta eta herri-kulturaren arnasaldiak bultzatuta, euskaltzaletasuna piztu zen zenbait jenderengan. Europa osoan zabaldurik zegoen Erromantizismoaren giroa lagun zutela, Euskal Pizkundea deitutako mugimendua bideratu zuten. Mugimendu horretan erabakigarria izan zen aita zuberotarra zuen Anton Abadia irlandar filologoa. Kintanaren esanetan, Abadiak ikusi zuen euskara eta modernotasuna ez zihoazela eskutik. Euskarak iraungo bazuen, ezinbestekoa zuela modernotasunari heltzea, eta horretarako, euskaldunen izaera eta nortasuna goratzen eta babesten saiatu zen. Abadiaren ustez, euskararen galera-prozesua eteteko nahitaezkoa zen euskaldunen harrotasuna antolatzen hastea. Horretarako sortu zituen lore-jokoak. 

Lore-jokoetan sariketak izaten ziren, batez ere: pilota-partidak, dantza-saioak, musika-emanaldiak, eta, tartean, literaturan eragin handia izan zuten poesia-lehiaketak eta bertso-saioak. Otaegiren esanetan, lore-jokoek bertan parte hartzen zutenen euskal kontzientzia sustatzen laguntzen zuten. 

Lore-jokoetan Iparraldeko eta Hegoaldeko euskaldunek parte har zezaketen, eta txandaka antolatzen zituzten. Estreinakoa Iparraldean izan zen, Urruñan, 1853an; Hegoaldean, berriz, Elizondon antolatu zen lehen edizioa, 1879an (Elgoibarren 1907an izan ziren). 

Herri-kultura biltzeak eta hizkuntzaren gaineko ikerketek ─lore-jokoen eta karlistaldien eraginarekin batera─ euskal batasunaren ideia eta kontzientzia garatzen lagundu zuten. Orduan hasi zen garatzen Zazpiak Bat espiritua. Aurreko mendean Hirurak Bat izan zen (Gipuzkoa, Bizkaia eta Araba); gero, karlistaldietan, Laurak Bat, baina Iparraldekoak kanpoan geratzen zirenez, Zazpiak Bat aldarrikatzen hasi ziren koplariak eta bertsolariak.  

Badatoz eta bagoaz 

Zazpiak Bat gorpuzten ari zen garaian, Bigarren Industria Iraultzak inoiz ikusi gabeko aldaketak eta berrikuntzak ekarri zituen. Horrek, besteak beste, etorkinak ekarri zituen, eta Bizkaian, adibidez, biztanleria bikoiztu egin zen 40 urtean. Etorkinak ia denak erdaldunak izanik, bertako euskal hizkuntza-komunitatea desorekatzeko faktorea izan zen immigrazioa. Ordura arte Bizkaiko populazioaren gehiengoa euskalduna bazen, immigrazioaren ondoren goitik behera aldatu zen euskaldunen eta erdaldunen arteko proportzioa.   

Bestalde, Euskal Herritik alde egin zutenak ere asko izan ziren. Iparraldeko gazteak izan ziren, batez ere, alde egin zutenak beren herrietatik, soldaduska 7 urtekoa zelako, edo euskaldunen legedi propioa galdu zelako. Gehienak Ipar Amerikara joan ziren, bizimodu berriari ekitera. 

Uscak Herrico Gaseta, Eskualduna, Argia, Eguna ...

Euskara batuaren kezka zabaltzen hasita zegoen Euskal Herriko idazle eta euskalarien artean, bereziki aldizkariak martxan jarri nahi zituztenen artean. Lehen ahalegina Uscal Herrico Gaseta izan zen, 1848an, Agustin Xahok plazaratuta, baina bi ale bakarrik argitaratu ziren.

Handik hamarkada batzuetara inprimatzeko sistema berriak asmatu ziren, eta giro horretan sortu ziren euskarazko lehen aldizkariak. 

Klik haundi ikusteko
Eskualduna aldizkaria 15.000 aleko tirada izatera iritsi zen.
Aldizkari haien helburua jendartean eragitea zen; komunitatearen interesak zaintzea eta barne-lotura atxikitzea. Asmo horrekin, XIX. mendearen amaieran, Eskualduna astekaria sortu zen Baionan. Iparraldeko kazeta horrek gai ugari jorratzen zituen (nekazaritza, osasuna, merkataritza, heziketa, berriak, erlijioa), eta, Caminoren esanetan, oso landuak zituen ildo literarioa eta estilistikoa. Neurri batean, baserri giroko euskarari lotuta zegoen, arduradunak ez zeudelako ados erdararen menpe zegoen euskararekin. Eskualduna aldizkariak 15.000 aleko tirada ere izan zuen, baina 1944. urtean itxi egin zuten, Gobernu frantziarraren aginduz, Bigarren Mundu Gerran mariskal alemanzale baten alde egitearren.  

Hala ere, Eskualduna itxi baino lehen, beste bi kazeta garrantzitsu kaleratu ziren Hegoaldean: Argia, astekaria, 1921ean, eta Eguna egunkaria, 1936an, Eusko Jaurlaritzaren ekimenez. Militar frankistek, jakina, biak itxiarazi zituzten.   

Sabin Arana eta abertzaletasuna

Klik haundi ikusteko
Aranak euskarari beste estatus bat eman behar zitzaiola aldarrikatzen zuen.
XIX. mendearen amaieran, hamaika gertakari izan zen gurean: foruen galera, emigrazioa, euskararen desorekaren larriagotzea, politika zentralista ... Ordurako sozialismoak eta abertzaletasunak bazuten tokia jendartean, Bizkaian eta Gipuzkoan, batez ere. Abertzaletasunari dagokionez, Sabin Arana politikari bizkaitarra izan zen sustatzaile nagusia. Kintanaren esanetan, ordura arteko Zazpiak Bat edo “euskaldun guztiok bat egin dezagun” aldarrikapenek ez zuten esanahi politiko konkreturik; aldarrikapen sentimentalak ziren, literarioak, gogoak, ametsak ... Foruzaleak ziren, baina proiektu jakin bat argi definitu gabe. Otaegik bideoan esaten digunez, Sabino Arana izan zen jauzi kualitatiboa eman zuena, alderdi politiko bat sortu eta “euskaldunon aberria Euskadi da” esan zuenean.  

Abertzaletasunak, bestalde, hizkuntzari begiratzeko modu berria ekarri zuen. Arana, bereziki, hizkuntzaren estatusarekin zegoen arduratuta; euskarak beti bereak izandako funtzioei eutsi eta erdarak betetzen zituenak eskuratu behar zituela esaten zuen. Caminoren esanetan, Aranak, korpusari dagokionez, euskaratik erdal hitzak kendu eta berba berriak asmatu zituen: gentza (bakea), bultzia (trena), urrutizkina (telefonoa) ... Baina Aranaren benetako kezka euskararen estatusa zen. Korpusari erreparatu zion, baina euskarari beste estatus bat eman behar zitzaiola aldarrikatzen zuen, eta horretarako politikan eragin beharra ikusten zuen.  

Sozialistentzat, berriz, euskarak ez zuen tokirik gizartean. Modernoa eta hirikoa gaztelania zen haientzat; euskara, berriz, zaharra, arbuiagarria eta herrikoa. Uste horren kontra, ordea, hirietan bertan sortu ziren euskara gaurkotzeko eta normalizatzeko ideiak eta ekimenak. Lehen hazia Iruñean izan zen (Arturo Campiónekin), baina ideien gauzatze politikoa Bilbon gorpuztu, besteak beste, Urkixo, Azkue eta Aranzadi euskaltzaleekin. Otaegiren esanetan, horiek eman zizkioten erakundeak euskarari.

Eusko Ikaskuntza eta Euskaltzaindia

Euskarak eta kulturak behar zituzten erakundeak 1918an etorri ziren. Oñatin antolatutako euskal ikasketen kongresuan Eusko Ikaskuntza jarri zuten abian, Hegoaldeko lau foru-aldundiek. Eusko Ikaskuntzak mota guztietako ikerketak bultzatu zituen: kongresuak antolatu; atzerrian ordezkaritzak ireki; argitalpenak kaleratu. Eusko Ikaskuntzaren helburua irakaskuntza sustatzea zen, eta euskal unibertsitatea sortzea zen ametsetako bat.  

Klik haundi ikusteko
Euskaltzaindiaren helburuak hizkuntza zaintzea eta euskara batua sortzea ziren.
Amets haietako batek amets izateari laga zion Euskaltzaindia sortzea erabaki zutenean. Caminoren esanetan, bi ziren Euskaltzaindiaren zeregin nagusiak: hizkuntza zaintzea, batetik, horretarako irizpide batzuk zehaztuta (Aranaren eredua, adibidez, ez zuten naturala ikusten); eta euskara batuaren sorrera, bestetik, ordurako idazleek euskara idatziaren normalizazioa eskatzen baitzuten. Euskararen batasun linguistikoa, baina, ez zen gauzatuko 1968ra arte.  

Euskaltzaleak elkartea, Aitzol eta lehen ikastolak

XX. mendearen hasieran egoera iluna bizi zuten Iparraldeko euskaldunek; Frantzia zentralistaren zama astuna gainean zuten. Frantses hutsezko eskola laikoak ezartzeak, adibidez, kexa ugari sortu zituen, baina Lehen Mundu Gerra hasi zenean isildu ziren protestak. Iparraldeko herritarrek, frantziar estatuko hiritar izanik, zuzen-zuzenean parte hartu zuten gerran, eta, ondorioz, euskaraz baizik ez zekiten haietako askok bizitza galdu zuten.  Beste asko, berriz, elbarri geratu ziren betiko, eta beste askok muga pasa zuten, gerratik ihesi. Hori izugarrizko triskantza izan zen Iparraldeko populaziorentzat, eta gerrak marka sakona laga zuen pentsaera kolektiboan. Kintanak dioenez, une horretan indartu zen frantses nazionalismoa. Kantak dioen moduan, mort pour la patrie! 

Klik haundi ikusteko
Aitzol Hernaniko hilerrko hormaren kontra fusilatu zuten, beste 200 lagunekin batera.
Hegoaldean, berriz, bigarren pizkundea bizi zen. 1926an Euskaltzaleak elkartea sortu zen Lizardi olerkariaren eta Aitzol apaizaren bultzadapean. Aitzol izan zen elkartearen dinamizatzaile nagusia, eta Otaegiren esanetan, elkarte haren asmo bakarra euskararen promozioan sustapen-jarduerak antolatzea zen. Gizartean eragin nahi zuten, euskaltzaletasuna hedatu maila guztietan, eta horretarako ekintza edo aktibitate herrikoiak antolatzen zituzten. Gaur egungo euskara-elkarteen traza hartzen dio Xamarrek Euskaltzaleak elkarteari. 

Euskarazko hezkuntza babestea eta hedatzea ere izan zen elkarte haren helburuetako bat, eta 1914an, lehen ikastola ireki zen Donostian. Haren segidan beste herri askotan ere zabaldu ziren ikastolak, 36ko Gerrak itxi zituen arte. 

Euskaltzaleak elkarteak, gainera, arreta berezia eskaini zion literaturari, eta poesiari, bereziki,  haren funtzio sozial eta politikoarengatik. Aitzol sinetsirik zegoen poesia zela tresnarik egokiena lozorroan zegoen herria esnarazteko. 

Dena pikutara, bat-batean! 

Klik haundi ikusteko
36ko Gerrak bat-batean eten zuen ordura arte euskalgintzak izan zuen pizkundea.
XX. mendearen lehen bi hamarkadetan loratutako euskalgintza hamaika zatitan apurtu zen, bat-batean, 1936ko Gerra piztu zenean. Espainiako militarrek estatu-kolpea jo ondoren, gerra lehertu zen Hego Euskal Herrian, eta ondorio latzak izan zituen herritarren artean. Hizkuntzari eta kulturari lotutako hondamendia ere izugarria izan zen, eta, besteak beste, euskaltzale eta kulturgile askoren heriotza ekarri zuen. Aitzol, adibidez, Hernaniko hilerriko hormaren kontra fusilatu zuten frankistek, beste berrehun lagunekin batera (Angel Osoro Mutriku euskaltzale elgoibartarra, tartean). 

Gerra betean, Franco buru zen militarren lehen debekuak ere iritsi ziren; euskara erabiltzea debekatu zuten, besteak beste. Debekatuta zegoen euskara erabiltzea kalean, elizan, eskritura publikoetan, aldizkarietan eta enpresetako barne-dokumentuetan, hoteletan, haurren izenetan, zinemetan ... Denean zegoen euskara debekatuta. Iparraldean, berriz, egoera ez zen hobea, Alemania naziaren lau urteko okupazioa izan baitzuten. 

Zelakoak izango ziren gaur egungo Euskal Herria eta euskal jendea 36ko Gerra piztu izan ez balitz? Horra, zoritxarrez, inoiz erantzun ezingo dugun galdera.   

•“Noiz artio ala?”

Klik haundi ikusteko
36ko Gerraren ondoren ezkutuan bakarrik erabil zitekeen euskara.
Hunkigarria da, benetan, bideoaren amaieran datorrena. Fermin Irigarai Larreko idazle eta euskaltzalea Iruñeko ospitaleko zuzendaria zela harrapatu zuen 36ko Gerrak, eta etsiak hartuta, euskaraz argitaratu ezinik, ezkutuan idazteari ekin zion. Gerla urte, gezur urte  egunkari pertsonalean bildu zituen bere pentsamendu, zalantza, itxaropen eta minak:

“Azken mendean euskarak etsai asko baldin bazituen, oraiko aldi untan, ordukoaren aldean, milla aldiz geiago eta gaiztotuagoak. Bearrik mugaz arainditik etorriko zaukula euskararen azia, baldin lur onik geratzen bada ereiteko. Ezin euskaraz idatzi, ezin eskutitz bat egin, ezin telefonoz hitzegin. Noiz atio ala?”

Erantzun

Sartu