Hemendik aitzina Euskal kultur erakundeko egoitzan (Lota Jauregia, Uztaritze) ikusgai dira 1971 eta 1985 artean FR3 katean hedatu ziren "Euskal Herria Orai eta Gero" telebista emankizunak. EKE-k eta INA - Frantziako entzun-ikusen erakundeak (Tolosako adarra - INA Délégation Pyrénées) lan amankomuna abiatu zuten 2017an Maite Barnetche (1941-1986) kazetariak zuzenduriko telebista sail horren baloratzeko urratsak.
1971ko urriaren 4an, FR3 katean, egundaino aditu ez zen hizkuntza entzuten da telebistan: euskara. Euskal Herria orai eta gero emankizuna sortu da, Maite Barnetche kazetariak zuzendurik. Hogei urteren istorioa hor hasten dela, nehork ez daki, ez eta 300 emanaldietatik lehen atala baizik ez dela hedatzen egun hartan.
Hilabetean bi aldiz Euskal Herriko gai guziak jorratuko ditu emankizunak: laborantza, bertsularitza, arrantza, ekonomia, modernitatea, familia, ikastolak, artea, gazteria, antzerkigintza, lizeo-kolegioak, euskal diaspora... Herriz herri, xokoz xoko, Maite Barnetche Euskal Herriko bazter guzietan kurrituko da, egiazko antropologo bat bailitzan. Haren lan eta jendetasun paregabea islatuko dira 300 emankizunetan.
Gaiak
Laborantza (abere-hazkuntza, artzaintza...), arrantza (Donibane Lohizune, Hendaia...), ekonomia (autobidea, Baionako portua, turismoa, informatika, herrien garapena, kooperatibak...), jakinduriak (ofizioak...) gizarte-gaiak (familia, lana, sinesteak...), kirolak & aisialdiak (pilota, errugbia, zango-baloia, euskal jokoak, mendi-ibilaldiak...), kantua eta musika, antzerkia (pastorala, antzerki garaikidea...), dantza, arte plastikoak (margolaritza), ohiturak (ihizia, bestak...), ondare eraikia, bizi-kondairak, euskara (aldarrikapenak, erakaskuntza, ikerketa...).
Hizlariak / Lekukoak
Louis Dassance, Piarres Lafitte, Etxahun-Iruri, Txillardegi, Telesforo Monzon, Roger Idiart, Piarres Larzabal, Piarres Narbaitz, Jean Haritschelhar, Piarres Charriton, Jean-Louis Davant, Junes Casenave, Xalbador, Mattin, Xanpun, Eztitxu, Iratzeder, Imanol, Daniel Landart, Maite Idirin, Erramun Martikorena, Peio Dospital, Phillipe Oyhamburu, Koldo Zabala... eta beste anitz.
Non dago kontsultagunea?
EKE-ko egoitzan kokatua da, Uztaritzeko Lota Jauregiko 1.estaian.
Norentzat da?
Kontsultagunea denei irekia da (ikerlariak, ikasleak, artistak, kultur eragileak, kulturzaleak…) eta dohainik eskaintzen den zerbitzua da.
Noiz etor daiteke?
Ezinbestekoa da hitzordua hartzea aitzinetik.
Hitzordua hartzen da 0(033)5 59 93 38 70 telefono zenbakira deituz, edo kontsulta@eke.eus emailera mezu bat bidaliz.
Gunea ostirale goizez idekia da, 8:30tatik 12:30ak arte.
Bilaketak egiten ahal dira interneten maite.barnetche.mintzoak.eus plataforman jakiteko zer kontsulta daitekeen. Hor dago emana bildumaren katalogo orokorra.
Gero, erran bezala, hitzordu bat hartu behar da, ikerketa-xedea azalduz.
Erantzun
Sartu