Lanbidearen egoerak kezkaturik, EIZIEk euskal interpreteen lehen diagnostikoa egin du. Euskara lan-hizkuntza duten interpreteen profila zehaztu nahi izan du elkarteak (generoa, adina, prestakuntza, lantokia, lan-erregimena…), eta haien beharrak identifikatu, lan-baldintza duinak aldarrikatzeko ez ezik, interpretearen figura eta jarduna hobeto ezagutzeko ere.
Azkenaldi honetan, mehatxu askori egin behar izan dio aurre interpreteen lanbideak. Azkena, Espainiako Senatuan hizkuntza koofizialetarako interpretazio- eta transkripzio-zerbitzuaren lizitazioa izan da. Bai Kongresuko eta bai Senatuko lizitazioen pleguek kezkatzeko moduan kaskartu dituzte interpreteen lan-baldintzak: tarifak merkatukoak baino askoz baxuagoak izateaz gain, interpreteek doan ere egin beharko dituzte zenbait lan.
Estatuan ez ezik, Euskal Herrian ere ohikoak dira interpreteen lan-baldintzak auzitan jartzen dituzten gertakariak. Esate baterako, askotan, interpreteek ez dituzte (garaiz) jasotzen hizlariek irakurtzen dituzten testuak –horietako asko datuz josiak, oso espezializatuak…–, nahiz eta behin eta berriz eskatu aldez aurretik landu ahal izateko eta lana behar bezala egin ahal izateko.
Elkarteko interpreteak kezkatuta dabiltza, halako praktikak gero eta sarriago gertatzen ari dira eta. Horretaz jabeturik, EIZIEk euskal interpreteen lan-baldintzen diagnostikoa egitea erabaki zuen, galdetegi batean oinarrituta, interpreteen profila zehaztu eta profesionalek hautematen dituzten beharrak identifikatzeko.
Lehen aldia da horrelako lan bat egiten dena. Helburua ez da izan errolda exhaustibo bat osatzea, baina, hala ere, oso datu interesgarriak eman ditu, lan-baldintzekin zerikusi zuzena duten hainbat gairen inguruan galdetu baitzaie euskal interpreteei: interpretazio-lana egiteko azpiegitura, hizkuntza-konbinazioa, tarifak, dokumentazioa aurretiaz jasotzea, itzultzaile automatikoaren erabilera…
Konferentzietako Interpreteen Nazioarteko Egunean (azaroaren 20an) eman du argitara diagnostikoa EIZIEk, eguna ospatzeko. Izan ere, azterketan bildutako datuei esker, orain hobeto ezagut ditzakegu euskararen normalizaziorako funtsezkoak diren bitartekarion profilak eta beharrak, eta, era berean, gizarteari hobeto azal diezaiokegu interpreteak nolakoak diren, zer egiten duten eta zer-nolako zailtasunak izan ohi dituzten beren eguneroko lanean.
Ikus, hemen, Euskal Interpreteen Dignostikoa.
Ikus, hemen, prentsa-oharra.
Erantzun
Sartu