«Itzultzailea eta terminologia aurrez aurre» ikastaroa antolatu du EIZIE elkarteak. 2017ko azaroaren 29an eta 30ean izango dira eskolak, Donostiako Informatika Fakultatean (EHU), 16:00etatik 20:00etara.
Irakasleak: Aritz Irurtzun eta Alfontso Mujika. Informazio gehiago eta izen ematea, EIZIEren webgunean.
Lehen saioa: Aritz Irurtzun
Kontzeptuei forma ematen: bide onak, txarrak eta negargarriren bat
Itzulpenean askotan gertatzen da jatorrizko testuko termino edo kontzepturen batek (ala batzuk) euskal ordainik ez izatea, ez testuetan, ez terminologia bankuetan. Honelakoetan euskararen ezaugarri morfosintaktikoak kontuan hartuta nola joka genezakeen ikustea da saio honen helburua. Euskaraz hitz berriak sortzeko ditugun baliabideak aztertuko ditugu hitz eratorpenari (eta honen barruan morfosintaxi eta semantikari) arreta berezia jarriz: hitz-elkarketa, atzizkibide eta aurrizkibidearen aukerak ikusiko ditugu bakoitzaren bertute eta mugak azpimarratuz. Ezagutza teorikoekin adibide praktikoak aztertuko ditugu eta bide batez gramatikaren gaineko ezagutzak eguneroko itzulpen-lanean nola lagun dezakeen ikusiko dugu.
Bigarren saioa: Alfontso Mujika
Itzultzailea terminologiaren amildegiaren ertzean dantzan
Euskarazko terminologia non eta nork lantzen duen edo ez duen; terminologia "instituzionala" zertan den, eta haren lan-prozedura eta emaitzak; terminologiaren inguruan ditugun "borrokatxoak" eta irtenbideak; joerak norantz doazen; kontsulta-iturriak, ezagunak eta ez hain ezagunak… Horien guztien inguruan arituko gara, eta adibide errealak izango ditugu beti esku artean. Ariketa bat ere egingo dugu: termino-zerrendatxo bat iruzkindu eta bahetuko dugu, ikustearren hari-mutur askori erreparatu behar zaiola terminologia lantzeko.
Erantzun
Sartu