1952an itzuli zuen Bingen Ametzaga getxotarrak Shakespeareren Uda gau bateko ametsa liburua, eta orain ikusi du argia, lehenengoz, EIZIEren Itzultzaile Aitzindariak bilduman. Argitalpena DSS2016EU erakundearen eta EIZIEren lankidetzaz gauzaturiko Shakespeareren Ametsa biziarazten programaren baitan egina da, DSS2016EUk datorren urtean Cristina Enea parkean antolatu duen antzezlan bereziaren harira. Getxoko Udalaren laguntza ere izan du argitalpenak.
Getxon aurkeztu zuten liburua, duela egun batzuk, Koldo Iturbek (Getxoko Udaleko Kultura zinegotzia), Xabier Payak (Donostia 2016ko kultur zuzendaria), Elizabete Manterolak (EIZIEko ordezkaria) eta Xabier Irujok (Bingen Ametzagaren biloba). Manterola eta Irujo izan dira liburuaren apailatzaileak.
Bingen Ametzagak (Algorta, 1901-1969) euskal kulturaren eta euskararen aldeko lan handia egin zuen bizitza guztian zehar, eta itzultzaile lanetan nabarmendu zen batez ere. Euskaraturiko lan ugari argitaratu zituen, baina asko argia ikusi gabe geratu ziren, eta horietako bat da Uda gau bateko ametsa.
Eskuizkribuak familiaren esku dira, eta Bingenen biloba Xabier Irujo Ametzagak EIZIEri eskaini zion Uda gau bateko ametsa itzulpen argitaragabea. Hor hasi zen Shakespeareren antzerki obra hau Itzultzaile Aitzindariak bilduman argitaratzeko asmoa.
Elizabete Manterolak eta Xabier Irujok prestatu dute edizioa, eta hitzaurre bana argitaratu dute liburuan: testuinguru politiko-historikoari buruz bata, eta Ametzagaren itzultzaile lanari buruz bestea.
Testua idatzi zen garaian argitaratu izan balitz bezala plazaratzea izan da apailatzaileen helburua, ahalik eta aldaketa gutxien txertatuz. Gipuzkera osotuan idatzi zuen Ametzagak itzulpena, eta bere horretan uztea hobetsi dute, moldaketa grafiko eta zuzenketa batzuk gorabehera, horien azalpenarekin batera.
Liburua, paperean argitaratzeaz gain, edizio digitalean ere argitaratu da, EIZIEren webgunean.
Erantzun
Sartu