Euskaratik beste hizkuntzetarako literatur itzulpengintza sustatzeko ahaleginari jarraituz, aurten ere itzulpen-lantegia antolatu du EIZIEk, Etxepare Euskal Institutuaren laguntzaz. Lantegiak haur eta gazte literaturari erreparatuko dio aurten, besteak beste, eta Juan Kruz Igerabideren literatur testuak izango dituzte langai parte hartzaileek. Aritz Brantonek itzuliko ditu ingelesera, eta Monika Czernyk, berriz, polonierara. Elizabete Manterolak koordinatuko du tailerra.
Donostian ekingo diote lanari, irailaren 26an eta 27an, Carlos Santamaría Zentroan, eta, irailaren 30ean, Itzultzaileen Nazioarteko Eguna baita, jardun horren emaitza erakutsiko digute Koldo Mitxelena Kulturunean, jendaurreko ekitaldi batean. Irakurraldi hirueleduna eskainiko digute parte hartzaileek, lantegian izandako esperientziaren berri eman ondoren.
Gero, Polonian izango du jarraipena. Izan ere, euskal literaturak tartea izango du Wroclaweko International Short Story Festival jaialdian, eta irakurraldia eskainiko dute han ere Juan Kruz Igerabidek, Monika Czernyk eta Elizabete Manterolak, itzulpengintzari buruzko solasaldi baten ondoren. Urriaren 5ean izango da saioa, Elite liburu-denda/kafetegian.
Lantegia
Testua aldez aurretik prestatuta ekarriko dute itzultzaileek, ohi denez, eta lantegian bakoitzaren erabakiak arrazoitzen jardungo dute. Han izango dute idazlea, bestalde, hala zalantzak argitzeko nola testuaren inguruko argibideak emateko. Horrez gain, langai dituzten hizkuntzen eta kulturen berezitasunak eta itzulpen prozesuan agertzen diren kontuak partekatzeko aukera izango dute: ñabardurak, itzulpen zailtasunak, interpretazioak, kultur hitzen itzulpena, etab.
Parte-hartzaileak
Idazlea
Juan Kruz Igerabide (Aduna). Euskal Filologiako doktorea, Euskaltzaindiako urgazlea, EHUko Euskara Zerbitzuan dihardu lanean. Sorkuntzako alorrean, berriz, helduentzako hainbat lan egin baditu ere, bai poesia, bai narratiba, edota aforismoak jorratzen, emaitza oparoena haur eta gazte literaturan eman du. Itzultzaile gisa ere badu eskarmentua.
Itzultzaileak
Aritz Branton (Mancot Royal, Erresuma Batua). Ingeles Filologian lizentziatua. Itzulpenak egiteaz gain, musika eta literaturaren gaineko artikuluak idazten ditu The Balde eta Entzun! aldizkarietan.
Monika Czerny (Szczecin, Polonia). Hispaniar Filologian eta Euskal Filologian lizentziatua. Irakaskuntzan eta itzulpengintzan jarduten du. 2011ko lantegian ere parte hartu zuen, Aitarekin bidaian antzerki obrako zenbait pasarte polonierara itzultzen.
Lantegiaren koordinatzailea
Elizabete Manterola (Orio). Itzulpengintzan doktorea, erdaratutako euskal literatur lanen inguruko tesiarekin. ELI (Euskal Literatura Itzulia) izeneko katalogoaren sortzailea da. Egun, EHUn dihardu itzulpengintza-irakasle.
Erantzun
Sartu