Euskaratik beste hizkuntzetarako literatur itzulpengintza sustatzeko ahaleginari jarraituz, itzulpen-lantegia antolatu du EIZIE elkarteak. Aurtengo edizioan, Frantziara eramango dugu Idazlea itzultzaileen lantegia ekimena, lehen aldiz, Etxepare Euskal Institutuak eta EIZIEk iaz sinatu zuten hitzarmenaren ondorioz. Pauen egingo dituzte hiru egun idazleak eta bost itzultzailek, urriaren 16tik 18ra, UPPA Unibertsitateko LLC-Arc Atlantique laborategia bidelagun dutela.
Mintegian, mahai beraren inguruan eseriko dira Eider Rodriguez eta bost itzultzaileak, Katu jendea ipuina ardatz hartuta. Itziar Otegik koordinaturik, ikuspegi berri bati helduko diote, eta, ildo horretatik, itzultzeko hiru bide desberdin aztertuko dituzte: zuzenekoa, zeharbidezkoa eta lankidetzakoa.
Aurtengo lantegi honek badu beste berezitasun bat: Paueko Unibertsitateko Itzulpengintza masterreko ikasle eta irakasleek mintegi paralelo bat egingo dute, aldi berean eta itzulgai beraren gainean, eta mintegiaren bigarren egunean bi taldeek batera jardungo dute.
Mintegieran azken egunean, parte hartzaileek esperientziaren berri emango dute mahai-inguru batean, eta, ondoren, errezitaldia izango dugu: Katu jendea ipuinaren zenbait pasarte bost hizkuntzatan entzungo ditugu, musikaz lagundurik.
Urriaren 18an izango da, 15:00etan, Paueko Gazteluan.
Erantzun
Sartu