Teknologia albisteak

Euskaraz jolastu nahi?

Erabiltzailearen aurpegia
2013-12-18 : 09:38

Ikastolen Elkarteak esperientzia luzea dauka euskarazko jolas eta jokoak garatzen. Ildo honi  jarraituz, bi mahai-joko dibertigarri aurkeztu ditu aurtengo Eguberrietarako: Nor da nor eta Urkatua. Joko bi  hauen helburu nagusia haurrei  euskaraz bizitzen laguntzea da, euskaraz dibertitzeko tresnak eskaintzea, eta, baita ere, jolastuz ikastea.

Nor da nor? (5+)

ESAR SAILKAPENA: Arau soileko jokoa: Galdera-erantzuneko jokoa, oinarrizkoa.

Bi pertsonaia-sorta jokalari bakoitzarentzat. 2 bilduma, 48 pertsonaia.

Jokoaren helburua beste jokalariak aukeratutako pertsonaia ahalik eta bizkorren eta hark baino lehenago igartzea da, ahalik eta galdera egokienak eginez.

Joko honetan hainbat pertsonaia ezagun eta dibertigarri aurkituko dituzu: Argitxo, Mari, Tartalo, Sugar,  Fermin, Maddalen, Urdintxo, Pox… Lanbideei lotutako hainbat pertsonaia ere badira: suhiltzailea,  mekanikaria, musikaria…

Jolasteko ohiko eraz gain, beste hainbat era proposatzen dizkizugu jokoak dituen euskarri desberdinekin jolasteko:  Asmatu pertsonaia, Asmatu ipuina, Taldekatzen, Pare-jokoa, Mimika, Kontzientzia fonologikoa lantzen, Arauak adosten, Galdetzen eta, azkenik,  Beste hizkuntza baten jolasten.

Joko honen bidez neska-mutilek hainbat oinarrizko konpetentzia garatuko dute: 

·         ekimena izaten eta beren burua estimatzen

·         kideekin  jolasterakoan aniztasuna onartzen eta espazioa antolatzen

·         hizkuntza baliabideak erabiltzen

·         behatzen eta sailkatzen  

 

Joko honetako pertsonaiek lotura estua dute Urtxintxa  eta Txanela proiektuekin.

Urkatua (6+)


ESAR SAILKAPENA: Arau soileko jokoa: Galdera-erantzuneko jokoa, oinarrizkoa.

Jokoaren helburua beste jokalariak aukeratutako hitza asmatzea da, hitz hori osatzen duten letrak igarriz. Euskaraz zein ingelesez jolasteko.

Jokalari bakoitzak zortzi letratako hitza pentsatuko du eta letraz letra osatuko du, euskarriaren goialdean horretarako dagoen tokian jarriko du, eskuinetik ezkerrera, eta jartzen  duenari begira, norberari begira, beste jokalariak ikus ez dezan.  

Jokalari bakoitzak beste jokalariak aukeratutako hitzak zer letra izan ditzakeen pentsatu beharko du eta letra horiez galdetu. Igartzen ez badu, urkatuaren irudian posizio bat mugituko du. Urkatuaren irudia bederatzi pausotan osatzen da. Irudi osoa agertzen ikusten duzunean galduta zaude!

Jolasteko ohiko eratik aparte, beste proposamen batzuk eskaintzen ditugu argibideetan: Bi euskarri, Hasten da, hasten da…, Nahaste-Borrastea, Irudiak idazten, Hitza, jolas, Arauak adosten, Ingelesez jolasten.

Joko honek hainbat oinarrizko konpetentzia garatzen lagunduko die neska-mutilei: 

·         gozatzen eta arazoei aurre egiten

·         parte hartzen, arauak errespetatzen

·         tresnak erabiltzen, mugimenduak koordinatzen

·         galderak egiten, arretaz entzuten

·         ordenatzen eta inferitzen 

Joko hauek eta beste hainbat aurkituko dituzue Ikastolen Elkarteko neguko katalogoan: http://www.ikaselkar.com/neguko-katalogoa

 


Nerea Arregi Urriolabeitia

Ikastolen Elkartea (Jokogintza taldea)

Erantzun

Sartu