Teknologia albisteak

Hamaika entzuteko jaioak omen gara

Erabiltzailearen aurpegia
2015-01-20 : 13:02

Donostiako Udaleko Euskara Aholku Batzordeko kide izateko ez da euskaraz jakin beharko. Horrela erabaki berri dute hango PNVk, PSE-EEk eta PPk. Nekez emango du euskarari buruzko aholku onik hizkuntza bera ulertzeko beste ere ikasi ez duenak, baina tira, bakoitzak bere arrazoiak omen ditu.

PNVk dio euskarari ez zaiola inolako mesederik egiten jendea baztertuta. Ez dakit bazterketa non ikusten duen araua ez denean pertsona zehatzen gainekoa, hizkuntza gaitasunari buruzkoa baizik. Hau da, bazterketarik baldin bada, Donostiako berezko hizkuntza bazter batera utzita donostiarrak gobernatu nahi dituenarena izango da, ezta?

Baina berriki Bilbon ikusi den bezala, euskararen normalizazioaren bidean, etengabe, harriak baino, harkaitzak jartzen ibili diren eta dabiltzan PPko lagunei euskararen gaineko beto eskubidea onartzen die PNVk. Oraindik ere.

Euskarak "elkarbizitzarako tresna" izan behar duela dio PSE-EEk. Baina elkarrekin bizitze hori gaztelaniaz izan beharko da, orain Donostian. Are zehatzago, non eta Udalaren Euskararen Aholku Batzordean! Elkar-bizitzarik ez dago horrela, elkarrenak bizitzerik ez baita norberak bestearen hizkuntza (gaztelania) jakin behar duenean baina besteak norberarena (euskara) ez. Are gutxiago norberaren hizkuntza, euskara alegia, izango denean mintzagai eta aztergai.

Elkartasunetik ere gutxi. Menpekotasuna deitzen zaio horri, eta mendeetan zehar barneratu dugu euskaldunok, berezko egoeratzat hartzeraino. Eta arrainak ura ikusten ez duen bezala, euskaldun askok ere ez du hori ikusten. Azal daitekeen heinean, ulergarri ere izan daiteke itsutasun mota hori herritar soilongan, baina onartezina da Euskara Aholku Batzorde baten osaketa erabaki behar duen ordezkari publiko bati dagokionean. Hori, itsutasuna baino, itsukeria da.

Aipatutako menpekotasun horren froga baino ez baita (zenbat osaba Tom dugun oraindik) PNV bera ateratzea beste talde politiko batzuen ordezkarien gabeziak babestera (in-konpetentziak, zehatzago). Politika arauen gainetik dagoen zerbait bada hor.

 PPko bozeramaileak gaineratu du "baldintzak eskatu behar badira, gaztelera jakitea ere" eskatuko dutela. Alferriko lanik ez hartu, Donostiako hautesleen herenak ere baiezkoa eman ez zion konstituzio sakrosantu horren 3. artikuluak, dagoeneko, behartzengaitu gaztelaniaz jakitera (“...obligación de saberlo y derecho de usarlo”) eta, lupaz begiratuta ere, ez duzue topatuko adin nagusiko euskaldun donostiarrik gaztelaniaz ez dakiena, ezta gipuzkoar edo hego euskal herritarrik ere. Auzitegi Konstituzionalak badaezpada, ondo argi ebatzia du gaztelaniari baino ez dagokiola jakin beharra. Euskaraz bizi nahi dugun euskaldunok hori ezin ahaztuz gabiltza, eta zuek gogoratu ez? Ezarri diguzuen Ur Kixotek ez du ahazten, bada. Egunero du gogoan eta badabil, bai, errekerimenduak egin eta egin, udalerri euskaldunenetako Udalak gaztelaniaz ere egitera behartu nahian. Zirikatutako azkenak, Aduna, Altzaga, Antzuola, Arama, Beizama, Bergara, Elgeta , Itsasondo eta Oiartzun. Inposaketarik ez, bazterketarik ez, elkarbizitza, ... baina zure hizkuntza nik jakin beharra, zuk ez nirea. Beste inor baino gehiago izatea ez dugu eskatzen, baina bai, geure etxean behintzat, edozein bizikideren pareko izatea, ez gehiago, baina ez gutxiago. Eraztuna jarri zeniguten, sokatik tiraka zabiltzate, baina adarrik ez jo, mesedez, idiak ere ez gara eta.

Ezagutzak tokirik behar ez duen bezala, elkarbizitzan ez luke lekurik izan beharko bizikidearen hizkuntza baztertzeak, are gutxiago bere udalerria gobernatu nahi denean eta zer esanik ez ezagutzen ez den hizkuntza horren aholku batzordekokideizateko.

EH Bilduko euskara lan taldearen izenean:

- Pili Robles Barainka.

- Josu Larrea Elorriaga.

- Garbiñe Zurutuza Fernandez.

- Mireia Arginzoniz Garitaonaindia.

Erantzun

Sartu