Teknologia albisteak

Inon euskaraz bizi ahal bada, udalerri euskaldunetan

Erabiltzailearen aurpegia
2014-07-29 : 11:44

Oraintsu izan dugu Udalerri Euskaldunen egun ederra Tolosan, UEMAk eta bertako Udalak antolatua. Udalerri euskaldunak, bizilagunen erdiak baino gehiago euskaldunak dituztenak, eta zer esanik ez UEMAn direnak, %70etik gorako euskaldun tasa daukatenak hiritarren artean, horiexek dira, inon baldin bada, euskaraz bizitzea ahalbideratzen diguten eremuak.

Zaintzekoak eta ugaltzekoak lirateke, beraz, arrazoi hutsak hala esaten digulako,eta baita ere hizkuntza ekologiaren ikuspuntutik. Eta zaindu bai, UEMA arduratzen da azkenekoen kasuan eremu berezi horien euskalduntasuna zaintzen. Dela instituzio eta enpresekin egindako hitzarmenez, dela udal jardunari dagozkion euskarriak euskaraz eskaintzen, dela frankismoak urte luzez desitxuratutako abizenak berreuskalduntzeko kanpaina garatuz, dela osasun zerbitzu euskaldunak erreklamatuz, euskaraz irakurtzeko zaletasuna bultzatuz... Hamaika dira UEMA txikiak gure udalerri euskaldunenetan garatzen dituen ekimenak.

 

Baina, ugaldu? Ugaldu ez, murriztuz joan da udalerri euskaldunen kopurua, nahiz eta azken 30 urtetan Eusko Jaurlaritzak bere hizkuntza politikak aurrera atera. Kontxo! Nola liteke hori, bada? Zelan izan daiteke, gero eta euskaldun gehiago garela aldarrikatzen den honetan? Horren arrazoi bat da dudarik gabe ez direla kontuan hartu udalerri euskaldun hauek indarrean jarritako politika horietan, eta zonalde erdaldunetan euskara ikasi duen jendea ugaldu den bitartean, erabileran oraindik islatzen ez den ugalketa, udalerri euskaldunetan ostera, erdaldunak ugaldu egin dira hamarkadotan, udalerri euskaldunen kopurua bera murrizteraino. EUSTATek egindako neurketak halako ondorioetara eramaten gaitu.

 

Horiek horrela, udalerri euskaldunek behar duten babesa erreklamatzera gatoz. Izan dadila UEMA bereziki zaindu beharreko tresna, gure kosmos euskaldunean erdigunea zaintzen eta aberasten duen heinean. Izan dezatela udalerri euskaldunek babes legal egokia. Ezar daitezela hizkuntza arloko irizpideak Zatikako Lurralde Planetan, Hirigintza Plan Nagusien guraso diren horietan. Soilik horrela babestuko dira gure txoko euskaldunenak hiru etxebizitza bloke edota bi frankizia jartzeak ekar liezaiekeen desitxuratzetik, konponbide zaileko galeratik. Izan ere, ahulak dira arnasguneak, guztiak, eta bereziki euskaldunonak, “laisser faire” urbanistikoak fagozitatzeko modukoak. Bestela ere, nahiko lan gure gazteek jasaten duten erdarazko bonbardaketa teknologikoarengandik, telebista kate gehien-gehienen euri gaztelarrarengandik .... babesteko edota eragin hori konpentsatzeko.

Babes egokirik gabe, lege babesik gabe, noiz arte gozatu ahal izango dugu inguru horietan ematen den euskararen hegemonia? Gero, berandu eta are nekezagoa izango da. Udalerri mailan baino haratago hartu beharreko neurriak har daitezela behingoz, berandu baino lehen. Eta bitartean, eskerrik asko UEMAri eta udalerri euskaldunetan gure arima bizirik manten dadin lanean ari diren, ari zareten guztioi.



EH Bilduko euskara lan taldearen izenean:

- Pili Robles Barainka.

- Josu Larrea Elorriaga.

- Garbiñe Zurutuza Fernandez.

- Mireia Arginzoniz Garitaonaindia.

Erantzun

Sartu