Teknologia albisteak

Berorren Handietzak gura zukeena

Erabiltzailearen aurpegia
2014-02-05 : 12:11

 Euskal lurretako leinu zaharreko semea da berori, aspaldiko, agindupeko zerbitzari leiala. Berorrek daki inork baino hobeto gaztelera dela Inperioaren sostengurik sendoena. Arabako leinu zaharrak zekien eran, mendiarteko hizkera ulergaitza, menditarren bar-bar jario gaiztoa, bazterrean utzi eta kristauen hizkuntza santuaren baitara bildu. Betiko.

Berorren begirakune argiak, gardena esan genezake, erakusten du jabearen intentzio garbia fede gabekoen mintzaira eusko lurretatik behin betiko desagertzeko. Erresumaren batasunaren zaindari bikaina, Handietzaren ordezkari apala, Carlos Jainkoaren graziak bataiatua, kristau zintzoa. Adimen zabalekoa da berori, hilkorren ulermenetik harago doan eremukoa da Carlos jaun txit handia.

Albiztur, Anoeta, Azkoitia, Beasain, Elgoibar, Errezil, Getaria, Lezo, Ondarroa, Zarautz, Zestoa, Zumaia eta bestelako udalerrietan ezagutu dute Handietzaren Gobernuko Ordezkariaren haserrea eta zorroztasuna. Ez du bat ere barkatzen tokian tokiko udal ordenantzak, azken buru, Erresumaren Batasunaren, Gazteleraren eta Handietzaren zerbitzuko baitira, izatekotan.

Gaztelera garbitik harago ez dago hizkuntza baldintzarik jartzerik administrazio kontratazio publikoetako gutun-azaletan eta irizpideetan. Erresumako Ordezkari Jaun Ahaltsuak horrela esaten duelako. Kito. Euskarak zertarako balio duen eta zertarako ez araubideko auzia da, jakina, eta araubidea, noski, handikien eskumenekoa da. Euskaldunok ez daukate ez hitzik ez egitekorik ere. Erresumak badu bere araubidea eta bere hizkuntza; Erresumak badu bere Ordezkaria eta bere legea jagon eta betearazten duena.

Euskaldunen aurkako erasoaldi bete-betean ari dira, Iparraldeko ikastolen aurka, Nafarroa Garaiko irakaskuntza euskaldunaren kontra eta udal euskaldunen aurka nonahi euskara erabil ez dezaten. Gure buruaren defentsan euskaldunok lehengo garaien antzera, betiko lez, esan genezake, auzolanera, herri-lanera nahiago baduzue, jo behar dugu. Euskararen aldeko jardunak adostu behar ditugula esaten digute. Hori nahi dugu, hain zuzen ere. Gipuzkoan eta, oro har, udalerri euskaldunetan euskararen alde ari dira, haien inguruko adostasun harresiak eraiki behar ditugu. Une honetan, gure ustez, hori da Hizkuntza Politikako arduradunen eginkizunik premiazkoena. Hori da eskatzen dieguna: adostasuna erasoen aurkako defentsan euskararen eta askatasunaren alde.

Erresumako Gobernuak izendatutako Ordezkariari gogorarazi nahi diogu Gasteizko Legebiltzarrak 2013ko abenduaren 19an egindako Osoko Bilkuran 208/2013 Legez besteko proposamena onetsi zuela Erresumako Gobernuko Ordezkariaren kargua desagertzeko. Legebiltzar horrek “irmotasunez arbuiatzen du Gobernuaren ordezkariaren jarduna herritarren oinarrizko eskubideak eta askatasunak murrizten dituelako.”

Gobernuko ordezkariak jakin beza Gasteizko Legebiltzarrak erabakitakoa helbide honetan aurki daiteke: (PDF)

Denon artean helarazten badiogu jakinarazpena Legebiltzarrak eskatutakoak indar handiagoa har dezake. Agian.

 

                                                                                                                                                 2014ko otsailaren 4ean.

Xabier Isasi Balanzategi

Estitxu Breñas Gonzalez de Zarate

EH Bildu Koalizioko hautetsiak

 

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago