Joan den asteko dantza ekitaldiaren ondoren, beste bat prestatu du asteburu honetarako Egunean Behin jokoaren babesleak, Ipuskoa 1025-2025 ekimenak. Kasu honetan, soka-dantzaren inguruan egingo da ekitaldia Tolosan, eta dantza-tradizio honetan tokatzen den bezala, herri-agintariak izango dira sokan dantza egingo dutenak. Gipuzkoako alkate guztiak gonbidatu dituzte, eta haiekin hainbat herritarrek ere egingo dute dantza. Hitzordua uztailaren 5ean da, larunbat honetan, eguerdiko 12:00etan, Tolosako Euskal Herria plazan
Hala dio bidalitako prentsa oharrak:
"‘Ipuskoa 1025-2025. Izanetik izena’ lelopean ari gara ospatzen duela mila urte Ipuscua hitzaren idatzizko lehen testigantza, Gipuzkoa hitzari lotutako lehen dokumentua azaldu zela. Gure kulturan eskutik etorri ohi diren kontzeptuak dira leloak jasotzen dituen horiek; izena duen orok duelako izana. Halaxe esan ohi dugu euskaldunok.
Esamolde horren argitan, baieztatu dezakegu orain dela mila urte Gipuzkoa, izan, bazela. Orain dela hamar mende, Bidasoa eta Deba ibaien artean, kostaldetik Aralarreko gainetara hedatzen ziren bailara, mendi eta basoetan, bazela 1025. urtearen ingurumarian Ipuscua izeneko lurralde bat. Hala izkiriatu zuen Goi Erdi Aroan eskribau batek: Ipuscuako jaun Gartzia Azenarizek Olazabaleko Salbatore monastegia (egungo Altzon) eman zion San Juan de la Peñako zenobioari, bere babespean zeuden beste hainbat lurrekin batera.
Izan baginela adierazten duen efemeride historiko honek, aukera ederra eskaintzen digu gipuzkoarroi gure buruaz gogoeta egiteko; izan ere, erakundetzeari edota mugarri historikoetatik harago, badira balio batzuk Gipuzkoa komunitate gisa egituratzen joan direnak. Bada barne indar bat, zentzu komunitario indartsu bat, mendeetan errotzen joan dena eta mila urtetan bizitako zailtasun eta desafioei aurre egiteko aukera eman diona gure lurraldeari, gainontzeko euskal lurraldeekin harremanetan eta elkar-ekintzan.
Komunitate izaera horren testigu eta ispilu izan da dantza. Gipuzkoa sozialki egituratu eta politikoki gorpuztu da mendez mende bere tradizio dantzatuen bidez, besteak beste. Herri-erakundeetako ordezkariek lurraldea eta bere komunitatea ordezkatuz jokatu duten funtzioa irudikatu izan dute protokolo koreografikoek eta horren adibide izan dira soka-dantzak edo esku-dantzak.
Elkarri eskuak emanez soka osatu eta elkarlanaren irudikapen soila bezain indartsua eskaintzen du soka-dantzak, eta hain zuzen ere, sinbolismo horren kontzientziak ekarri du euskal gizartearen historian une berezi eta erabakigarrietan esku-dantzaren errituala baliatu izana. Aurten ospatzen duguna da gure komunitatearen mugarri berezi horietako bat.
Gure lurraldeak azken mila urteko historian partekatu duen komunitate izaera ezagutzera eman eta balioan jartzeko Gipuzkoako udal eta foru erakundeek, eragile desberdinekin elkarlanean antolatu duten urte guztiko egitarauaren baitan, mugarri nagusia izango da Tolosan, Gipuzkoako hiriburu historikoan, uztailaren 5ean, eguerdiko 12:00etan, Euskal Herria plazan egingo den ekitaldi instituzional nagusia."
Beheko irudi honetan, Telesforo Monzon sailburuak gidatzen duela, soka-dantza Donibane Lohizunen 1939ko Aberri Egunean. Monzon eta jada erbestekoa zen Eusko Jaurlaritzako beste sailburu batzuek hartu zuten parte. Bideo hunkigarria Dantzan.eus webgunean.
Erantzun
Sartu