Cristina Enea Fundazioak eta Marc Badalek, Haziera egitasmoaren testuinguruan, Bidaia koadernoak. Haziei buruzko pasarte eta ohar historikoak liburua argitaratu dute, lehenago modu digitalean argitaratutako Telecoria bildumako hiru aleen bilketa. Bertan, paperezko edizio zaindu eta txukunean, iraganeko garaietara eta leku exotikoetara eramango gaituzte haziek kontatutako istorioek. Historiako pertsonaia ezagunak nahiz ezin konta ahala pertsona ezezagun agertzen dira liburuko orrietan, elkartasun ekintzak egiazko gerra kronikekin gurutzatzen dira eta laborarien lan nekeza zientzialarien jardun zorrotzarekin aldizkatzen da.
Liburua hiru ataletan zatitzen da: Haziak nola mugitzen diren; Kortsarioez eta haziez; etaHazi pozoitsuen arrasto durduzagarria.
Lehenengo atalean, Haziak nola mugitzen diren izenekoan, telekoriari buruz mintzatuko zaigu egilea, alegia, zenbait landarek lurralde berrietan sustraitzeko beren haziak sakabanatzeko duten gaitasunaz. Lehenengo Krakataura bidaiatuko dugu, sumendiak eztanda egin ondoren txikitua eta deuseztua gelditu zen uhartera, lurrazaleko bizitza arrasto guztia deseztua gelditu zelarik. Denbora gutxira ordea, bizitza mota ezberdinak sortzen hasi ziren bertan, animaliak nahiz landareak. Nola iritsi ziren haraino? Nola bidaiatu zuten haziek itsaso zabalean barrena? Beste kontakizunen artean John Chapmanen istorio erreala ere ezagutuko dugu. XVIII. mendeko AEBetan Johnny Appleseed bezala ezagunagoa egin zen laborariak hamaika abentura bizi izan zituen sagarren salerosketarekin, baita beraietatik eratorritako sagardoarekin ere.
Bigarren atalerako, Kortsarioez eta haziez izenekoa, lau kortsarioren kontakizunak bildu ditugu, bai eta haziekin izan duten lotura hautsiezina. Bertan aurkituko ditugu Larry Proctor, Colorado mendebaldeko farm boy meharra, eta Henry Wickham XIX. mendeko zientzialari britainiarraren istorioak, bai eta Vasco de Gama eta Francis Drake bezalako itsasgizonei buruzko kontakizun ezezagunak ere. Azken horren kasuan, bere armarrian Sic parvis magna jartzen zuen, alegia, "gauza handiak txikietatik datoz", eta hazi lapurretarekin izan zuen lotura zeharkakoa eta anekdotiko samarra den arren, irudikatzen duen pertsonaia historikoak nahiko ondo adierazten du bioaniztasunaren lapurretarekin gaur egun gertatzen dena.
Hirugarren atalak, Hazi pozoitsuen arrasto durduzagarria izenekoak, besteak beste pozoiek historian zehar izan duten eta utzitako arrastoari buruzko istorio dokumentatuak kontatuko dizkigu; era berean landare fisiologiari buruzko ikasgai hilgarriak, pozoien dosiei buruzko kontakizunak eta pozoiak politikan izan duen papera ere ikasiko dugu.
Bidaia koadernoak. Haziei buruzko pasarte eta ohar historikoak liburua eskuragarri dago Cristina Eneako Ingurumen Baliabideen Etxean, euskaraz nahiz gazteleraz, 12 euroren truke (liburuaren lagin bat, lehenengo atala, eskuragarri dago hemen)
Erantzun
Sartu