Teknologia albisteak

Uliako ingurumen- eta kultur-aberastasuna ezagutzeko Interpretazio Zentro berria

Erabiltzailearen aurpegia
2012-07-25 : 14:30

Datorren larunbatean, uztailaren 28an, irekiko ditu ateak publiko orokorrarentzat Donostiako Uliako Interpretazio Zentro berriak, atzo, uztailak 24, hedabide eta erakundeetako ordezkarientzat bisita gidatua egin zelarik (hemen bideoa). Ekipamenduaren kudeaketa Cristina Enea Fundazioak hartuko du bere gain, era honetan, koordinatzen duen hirugarren udal-dotazioa bilakatuz, Cristina Eneako Ingurumen Baliabideen Etxearekin eta Urgulleko Natur Txokoarekin batera. 

Donostiako Udalak, fundazioaren bidez herritarren artean sustatu nahi duen ingurumen eta iraunkortasun baloreetara bideraturiko eraldaketa adeitsua lortzeko tresna eta baliabide didaktiko garrantzitsuak dira aipatu hiru gune horiek. Interpretazio Zentroaren kasuan, Ulia bezalako leku berezi eta enblematikoa ezagutzera emateko balioko du, bere ingurune fisiko, natural eta historikoan sakonduz.

Interpretazio zentro berriak jarduera didaktiko eta kulturalez beteriko egitaraua izango du, tailer didaktikoekin, Uliatik zehar antolatutako ibilbideekin, zentrotik bertatik eginiko bisita gidatuekin, proiekzioekin, behin-behineko erakusketekin… Horiek guztiek, diseinuan parte hartu duten talde ekologista, kultural eta sozial ezberdinen ekarpenak bilduko dituzte. Era berean, elementu ezberdinak manipulatuz eta eurekin elkar-eraginez, Uliako elementu bereizgarrienetara gerturatzea ahalbidetuko duen erakusketa iraunkorra ere izango da. Laburbilduz, Uliako Interpretazio Zentro berriak ondorengo gai-esparruak landuko ditu: Uliako ingurune fisikoa, haitzak eta lurrak; fauna eta flora; itsas-ekosistemak; historia, ondarea eta paisaiaren eraldaketa kulturala.

Zentroaren baliabide eta ezaugarri teknikoak
Aipaturiko esparruak lantzeko, zentroak baliabide didaktiko hauek izango ditu:  erakusketa iraunkorrerako gela, hitzaldiak eskaintzeko erabilera anitzeko gela, tailer didaktikoei eskainitako gela. Gainera, Uliari buruz publikaturiko informazioa bilduko duen dokumentazio-gune bat izango du, baita kontsultak egiteko gune gehigarri bat ere.

Esan beharra dago, bai altzariak baita erakusketa-ekipamendua ere, bazertutako palet industrialen egurarrekin eginak daudela (Paleikeko lagunek eginak), eta eserlekuen, bankoen eta aulkien bigungarriak berriz, Kubo Salak emandako komunikazio kanpainetako banderolekin. Honela erakutsi nahi da berrerabilera irtenbide egokia dela hondakinen prebentziorako, material horiek berriz ere ekoizpen-zikloan sartuz.

Era berean, zentroak baratze ekologikoa ere edukiko du ondoan, uren birziklaketa erraztuko duen sistemaz hornitua, bai eta hainbat konpostagailu ere, non tailer esperimentalak burutuko diren.

Zentroaren ezaugarri teknikoei dagokienez, aipatu beharra dago 600 metro karratuko azalera duen lursailean kokatua dagoela, horietarik 541 m. eraikitako azalera direlarik. Beheko solairuak, biltegi gisa erabiliko denak, 326 metro karratu erabilgarri ditu, gehi beste 86 m. sotoarenak.

Irekiera ordutegiak eta egutegia

Abuztuan asteartetik igandera egongo da irekita, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00retatik 20:00etara. Irailean berriz, ordutegia berbera izango da baina ostiraletik igandera egongo da zabalik. Udako hileen ostean, bisitari kopuruaren azterketa egingo da, urte osorako behin-betiko egutegia zehaztuz. Sarrera doakoa izango da.

Erantzun

Sartu