Euskaraldiaren astea dugu hau, eta gonbidapena egiten diziegu CodeSyntax-etik zuen pantailak euskaratzeko. Ordenagailuko nabigatzailerako, LehenHitza.eus webguneak esango dizu zein konfigurazio duzun, eta instrukzioak hori moldatzeko. Eta mugikorrari dagokionez, Egunean Behin jokoak emango dizu abisu hori: aurpegi berdea, euskaraz daukazu; aurpegi gorria, erdaraz daukazu, baina lasai, telefono ia guztiak molda daitezke eta instrukzioak dituzu tutorial honetan.
2025ean merkatuan dauden telefono ia-ia guztiak euskaratu daitezke. iPhone-etan sistema ez da euskaratzen, baina hizkuntza lehenetsi gisa jar dezakezu, web nabigazioan eta hainbat app-etan euskara ager dakizun lehenetsita. Android mugikorren kasuan, marka nagusietako guztiak euskaraz agertzeko prest daude, eta tutorialean dituzu urratsak.
Android marka askoren kasuan, hizkuntza ezarpenetan bi hizkuntza erabaki ditzakezu. Lehena euskara, eta gero, bigarrena, nahi baduzu, gaztelania edo frantsesa edo nahi duzuna. Horrela euskaraz agertuko zaizkizu euskarazko aplikazioak eta sistema, eta euskarazko bertsiorik ez duten aplikazioetan (Whatsapp adibidez) ingelesez barik, bigarren hizkuntza aukeran agertuko zaizu.
Baina Xiaomi eta Poco marketan, aldiz, ez dago bigarren hizkuntza-aukera modelo askotan. Hor gerta dakizuke euskaratuz gero Whatsapp eta beste aplikazioren bat ingelesez agertzea adibidez... Tira hain zaila ere ez da izango txat bateko bizpahiru aukerak ingelesez kudeatzen, gainerakoan interfaze osoa euskaraz izango duzu eta horrekin kontsolatu, eta hurrengoan marka egokietara pasatu: Vivo, Oppo, Samsung...
Egunean Behinen beraz, dituzu pistak. Gainera, aste honetako jokoa Euskaraldiak eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Sailak babesten dute, eta Euskaraldiko dendako bina tixert opari banatuko dira.
Erantzun
Sartu