Egutegiko egun bakoitza bada gauza baten edo bestearen nazioarteko eguna. Guk CodeSyntax-en gaurkoa ospatzeko motiboa badugu: World Plone Day edo Munduko Plone Eguna da apirilaren 28an. Webguneak egiteko edukia kudeatzeko sistema edo CMS bat (Content Management System) indartsu bat da Plone, Python programazio lengoaian oinarritua. Plone egun honetarako Plone.org nazioarteko komunitatearen taldeak eskatu zuena da herrialde bakoitzean bideoak egitea, nork bere hizkuntzan, Ploneren bertuteak, adibideak edo dena delakoak azalduz. Streaming etengabean ari dira bideo horiek ematen Ploneren Youtube kanalean, eta arratsaldeko 16.00etan geurearen txanda da. Plone euskaraz azalduta, ingelesezko azpidatziekin.
Hemen itsatsita Luistxo Fernandezen lokuzioarekin bideoa. Ez da zuzeneko bat, baina 16.00etan jarriko dute martxan. Ondoren irakurtzen baduzu hor, bideoa bertan geratuko da.
CodeSyntax webgunea bera Plone dugu, eta gure bezero askorenak ere bai. Ez da webguneak egiteko darabilgun teknologia bakarra (Wordpress eta Django ere erabiltzen ditugu, azken hau Python bidezko ezaugarri bereziko proiektuak egiteko), baina edukia kudeatzeko premia duen erakundearentzat, albiste, produktu katalogoak eta edukiak oro har aurkezteko tresna indartsua da. Bereziki, hizkuntza anitzetan egiteko hori.
Zenbait bezero aipatzen dira bideoan, baina ez dira Plonerekin geurekin webgunea egiteko konfiantza izan duten bakarrak... Denekin ondo geratzea zaila eta, positiboki, aipa dezagun hemen bezero bat adibiderako: Ulma Packaging. Webgune azpiegitura bat, nazioarteko hainbat bertsio dituena, eta CMS bat bakarra, guztiak modu efektibo batean kudeatzeko, euskarazko bertsioa, hala Brasilgoa zein Errusiakoa...
Eta kudeatzeko orduan ere euskaraz beste hizkuntzetan bezala, jakina:
Bideoaren amaieran iragarpen bat: geure ingeniarietako batek, Mikel Larreategik, gonbidapena jaso du Plone erakundearen bere i18n taldearen koordinatzaile bilakatzeko. i18n edo Internazionalizazioa, softwarea hizkuntza anitzetarako gaitzeko ingenieritza, puntu indartsua da Plonerena, eta alor horretan egin ditugun ekarpenak, euskaraz webguneak sortzeko premiatik eta gogotik Plone aberasteko egin ditugun proposamenak balekoak izan direla erakusten du ahaleginak. Software libreko proiektu handi batean, Plonen, internazionalizazioa ingenieri euskaldun baten zuzendaritzapean aurrerantzean. Zorionak guri :-)
Erantzun
Sartu