Ondo bidean, datozen egunotan amaituko da larraldi egoera Euskal Herrian (Iparraldean zein Hegoaldean) eta itxialdia bukatzearekin batera Euskal Herriko lurraldeetan barrena mugitzeko aukera ere izango dugu denbora gutxi barru (dagoeneko mugikortasuna librea da eremu batzuetan). Une egokia izan daiteke, beraz, mendira joateko eta Euskal Herriko txoko eta bailarak ezagutzeko. Euskal Herriko mendien inguruko aplikazioa da Mendiak APPa (eta bere webgunea, Mendiak.eus). 2016an sortua, harrezkero eguneraketak eta hobekuntzak egiten jarraitu dugu. Azken hilabeteotan egindakoen berri eman nahi dizuegu. Izan ere, eguneraketa mordoxka egin baititugu konfinamenduan zehar, behin gure etxeetako ateak irekita, guztion esku daudenak.
2016ko udazkenean sortu genuen Mendiak webgunea eta APPa, Euskal Herriko mendien datu-basea. Euskal Herriko 2.000 mendi ingururen informazio osatua ematen du eta, gainera, mendizaleei tresna erabilterraz bat eskaintzen die informazioa aurkitzeko, mendi-igoerak markatzeko eta lagunen artean partekatzeko. Norbere estatistikak historikoak gorde eta kontsultatzeko aukera ere eskaintzen du aplikazioak.
Aplikazioa euskaraz dago eta Androiderako zein iPhonerako dago garatuta.
Azken hilabete eta asteotan, besteak beste, mapak eguneratu eta hobetu ditugu, informazio praktiko gehiago erantsi diegu mendi-fitxei eta Euskal Herriko mendilerroen bista berriak garatu ditugu, gure herrialdeko mendilerro nagusien fitxekin eta mendi-zerrendekin.
Azken hilabeteotan ondorengo funtzionalitateak hobetu ditugu eta baita funtzionalitate berri batzuk gehitu ere.
Gainera, atal berria gehitu dugu Euskal Herriko mendien webgunean, Euskal Herriko mendilerro nagusien informazioa biltzen duena. APPean ere laster izango duzue eskuragai.
Mendilerroen atal berri horretan, Euskal Herriko mendikate edo mendilerro nagusien mapa aurkituko duzue, eta Euskal Herriko mendilerro guztien zerrenda ere kontsultatu daiteke. 214 mendikate aurkituko dituzu zerrenda horretan, Abartan mendilerrotik hasi eta Zarikietako mendietaraino.
Esan bezala, berrehundik gora mendikate dira gure lurraldean identifikatu ditugunak, eta 2000 menditik gora gure datu-basean kontsultatu ahalko dituzunak.
Mendilerro bakoitzaren fitxan, mendilerro horren inguruko informazioa, kokapena, mapa eta mendien zerrenda aurkituko ditugu. Hona hemen, esate baterako, Aralar edo Aizkorri mendikateen informazioa.
Erantzun
Sartu