CodeSyntax-ek aplikazioa garatu du Eibarko Udalarentzat, zeina Android eta iOS bertsioetan instala daitekeen mugikorretan. Webgunearen azpiegitura aprobetxatuz, Plone delako edukia kudeatzeko sistema, honen API funtzioei esker erraz garatzeko moduko aplikazioa izan da.
Menu nagusi batetik webgunearen atal bertsuetara sar daiteke erabiltzailea, baina horretarako baino gehiago, beste funtzio batzuetarako dago egina: Albisteak, agendaren kontsulta edo kexa eta iradokizunen funtzioa (erregistro modu bat eskatzen du honek).
Batez ere ohar informatiboetan du praktikotasuna aplikazioak: ezarpenetan duzu aukera notifikazioak aktibatzeko euskaraz edo gaztelaniaz, eta oharrak jasoko dituzu, batez ere alderdi praktikoei dagozkienak: kale-mozketak, berri inportanteren bat... ez da Whatsapp-eko zaparrada; ohar bat egunean edo, ez dago astuna egiten den kadentziarik.
Egun hauetan, bereziki, Zaldibarko zabortegiko istripuaren ondoren, aire kalitatearen neurriari buruzko informazioa ere eman da ohartarazpenez aplikazioaren bidez. Hain zuzen ere Eibarren 5 aire-neurgailu ezarri dira, eta webgunean bertan integratu egin da haiek denbora errealean ematen duten informazioa.
Honako irudi hau Uni Eibar-Ermua ikastegiaren parean igandean zegoen egoeraren pantaila-irudia. EHUren ikastegi hori Zaldibar eta Ermuko udalerri mugen ondoan dago, errepidearen ondoan. Igande eguerdian atera zen pantaila-irudia eta erakusten du parametro jakin bat, karbono monoxidoarena.
Autoen konbustioak eragiten du hori eta hortaz, gauez trafikorik ez izatetik, goizez nola gora doan ikus daiteke. Dena dela, berehalako aire-analisi hauek ez dute ematen partikula jakin batzuen parametrorik (dioxina eta furanoak agertu zirela iragarri zenean, laborategian egindako emaitzengatik izan zen).
Informazio gehiago: Eibar.eus, Eibarko Udala.
Aplikazioa eskuratzeko:
Erantzun
Sartu