Teknologia albisteak

Python teknologien adar desberdinetan, nazioarteko biltzarretan

Erabiltzailearen aurpegia
2019-10-19 : 09:21

CodeSyntax enpresako produktuen muinean, neurri handi batean Python teknologia dugu (Sustatu.eus-en tripetan ere bai). Programazio lengoaia libre bat, hainbat produkturen oinarrian dagoena. Software librearen munduan ohikoa denez, produktu horiek eta programazio lengoaia bera bizirik mantentzeko modu bat da nazioarteko komunitate bat sustatzea, tarteka batzea, eta zubiak eraikitzea. CodeSyntax-ek ere parte hartzen du ahal duen neurrian horrelako ekimenetan: azken asteotan egon gara PyConEs Espainiako Python biltzarrean, Odoo nazioarteko konferentzia batean Bruselan, eta astelehenetik bi lagun izango ditugu kokatuta PloneConf konferentzian, Italian.

PyConEs

Aitzol Naberan ingeniaria bidali genuen Alacantera, urriaren 4tik 6ra izandako PyConEs konferentziara. Espainiako estatuko Python garapenaren inguruko topaketa nagusia da. Enpresako blogean idatzi ditu Naberanek inpresioak, bertatik ekarritakoak. Besteak beste, nola Python goraka ari den gero eta jende gehiagoren interesa erakartzen:

"Aspaldian daukadan sentsazioa berretsi nuen hitzaldien zerrenda ikusita, data science eta machine learning inguruetan Python interesa sortzen ari dela. Bedi sarrera kurba txikia duelako edo tresna egokiak eskura daudelako, baina hitzaldi asko gai horren ingurukoak ziren."

Odoo Experience

Nagore Ruiz de Escudero ingeniaria, berriz, Odoo Experience 2019 biltzarrean egon zen Bruselan hilabete hasieran. Odoo da enpresa eta erakundeen kudeaketarako ERP software bat. Malgutasun handiko erraminta bat da: lagun dezake kontabilitatea, lan komertziala, erosketak, ekoizpena, pertsonalaren kudeaketa... Eta oinarrian, Python du noski.

Bruselako esperientzian ikastaroetan formatzen egon zen Ruiz de Escudero lankidea, eta konferentzia handian parte hartu zuen, non Odooren sortzaile Fabien Pinckaersek inpresio handia egin zion, Steve Jobsen estiloko aurkezpen batekin (ikus blogeko kronika). Oro har, esperientzia aberasgarri bat non bi perfil ezberdinetako jendea elkartu den: "Gestioan, kontsultorian eta kontabilitatean interesa zutenak (gehiengoa) eta nire moduan Odoo-ren alderdi teknikoan interesa genuenak".

Artikulua ilustratzeko, biltzar horretako talde-argazkia. Ruiz de Escudero ere bertan dago ;-)

PloneConf Ferrara 2019

Pythonekin webgintzarako sortutako azpiegitura ezagunena seguruenik Plone CMS edo edukia kudeatzeko sistema da, Euskal Herrian geure bezero askoren web presentzia egituratzeko erabilia. Plonek urteroko konferentzia globalak egiten ditu, eta aurtengoa datorren aste osoan izango da (urriak 21-27), Ferraran, Italian, PloneConf 2019.

Mikel Larreategi eta Lur Ibargutxi gure Plone garatzaileak izango dira bertan.

 

 

Erantzun

Sartu