Teknologia albisteak

JarriON aplikazioa berritu da, podcast eta zuzeneko ikus-entzunezkoekin

Erabiltzailearen aurpegia
2019-02-28 : 08:54

JarriON aplikazioa, euskarazko ikus-entzunezkoak telebistarekin lotzen dituen aplikazioa berritu egin dugu. Android bertsioaz gain, iOs bertsioa ere badu orain iPhoneetarako, eta lehen bideo-kanalak zituen tokian, horiez gain, podcast edo audio-kanalak ditu, eta baita zuzeneko irrati eta telebista streaming-ak. Hori guztia tekebistarekin lotu daiteke Chromecast gailu bat badaukazu. Estreinaldirako, sustapeneko kanal extra gisa, euskaraz ez da izango baina Auzitegi Goreneko Proces-aren epaiketako zuzenekoa jarri dugu, non Urkullu lehendakaria agertzekoa den 10.00etatik aurrera.

Teknikoki, barne aldaketa nabarmenak egin behar izan dizkiogu tresnari eduki mota berriak egokitzeko, baina interfazearen aldetol oso gutxi aldatu da: hiruki erako menu bat agertzen da goialdean, eskumatan, eta han klikatuz gero, JarriON-eko kanalak agertzen dira, motaren arabera sailkatuak: Irratia edo Telebista diotenetan, zuzeneko streaming seinaleak ikusten ahal dira.

Zeinu horren ondoan, Chromecast ikonoa dago. Hori agertuko zaigu etxean telebistak gailu hori baldin badauka (edo tresna bateragarri bat, hala nola Euskaltele 4Deko gailua). Horrela, zuzeneko irrati emisioak, telebistak edo baita podcastak ere telebistara igorri daitezke. Goiko irudian, Bilbo Hiri irratiko musika saio bat jarri dugu telebistan.

Funtzio hau iPhoneekin ere badabil.

Gipuzkoako Foru Aldundiak babestu zuen JarriON 2017-2018 urteen artean, 2deo euskarazko ikus-entzunezkoen sormen laborategiarn bitartez.

2019an, Eusko Jaurlaritzaren Kultura Saileko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren IKT dirulaguntzei eta 2deo-ren sustengu jarraituari esker, funtzionalitate berriez hornitua dator: lehen bertsioan bideo-kanalak agertzen ziren bakarrik; oraingo bertsioan, baita irrati-podcastak eta zuzeneko streaming aukerak. Era berean, garapen bat egin da Tokikom hedabide elkarteko hainbat irratitako saioak podcast bidez integratu daitezen aplikazioan, baita zuzeneko streaming batzuk ere (herri telebista zenbaitenak barne).

CodeSyntax-en garatu dugu JarriON, eta eskertu nahi dugu edukiarekin kolaboratzen lagundu diguten guztiei. Kanal berriei ongi etorria eman nahi diegu bereziki, Etzi.pm, Euskadi Irratia edo Bilbo Hiria irratiko podcastei, Ataria, Xorroxin edo Beleixe tokiko irratiei...

Erantzun

Sartu