Euskarazko edukiak nahieran ikusteko "telebista" da JarriON. Izatez, aplikazio mugikor bat da, Android telefonoetan dabilena, eta bideoak telefonoan bertan ikus daitezke. Baina ere berean, edukiak telebistara igaro daitezke Chromecast aparailu bat badaukazu etxean. Izatez, euskarazko edukien lehenbiziko Chromecast aplikazioa da JarriON. Codesyntaxek garatu du eta software libreko garapena da (kodea GitHub-en).
Gipuzkoako Foru Aldundiak babestu du JarriON eta 2deo euskarazko ikus-entzunezkoen sormen laborategian garatu da. Laborategi horretako beste produktu batekin batera (ETBko Goazen programaren aplikazioa), gaur aurkeztu da Diputazioaren Jauregian, Markel Olano ahaldun nagusia bertan zela.
JarriON-ek bat egiten du 2deo-ren misioarekin: euskarazko ikus-entzunezkoen ekoizpena eta kontsumoa handitzea, sormen testuinguru berriak sustatuz, ekoizpen-eredu eta formatu berrietan esperimentatuz eta zabalkunde kanalak biderkatuz.
Edukiekin parte hartzen dute:
Lehen hiruek, telebista nagusiagoek, kanal bat baino gehiago daukate. Interfaze sinplea du JarriON-ek. Lehen pantaila batean kanalak ageri dira, "demokratikoki" ordenatuta: bideo berrienaren arabera antolatzen dira, ETBko bat Youtuber baten aurretik edo atzetik horren arabera agertuko da, ez beste irizpideengatik. Kanal bakoitzaren pantaila da hurrengoa, kanal bakoitzean 15-20 bat bideo ageri dira, kanalaren edo programaren edukien azken aleak dira.
Ale edo bideo bakoitzean klikaturik, bideoa ikusten ahal duzu. Kontua da, pantaila horien artean nabigatu ahala, etxean Chromecast gailu bat baduzu, haren bidez telebistara lotuko dela aplikazioa, eta bideoak telebistan ikusiko dituzu. Telebistarekin lotua dagoela "igartzen" duenean mugikorrak, ikono bat agertzen da aplikazioan, eta hor sakatuta, telebistarekin konektatzen da:
Hortik aurrera, bideoak aukeratu eta zuzenean ikus ditzakezu telebistan, edo "ilarara" gehitu. Hau da, bideo bat ikusten ari zaren bitartean, telefonoa telemando programatzaile bezala erabili dezakezu eta jarraian etorriko diren bideoak aukeratu, beste kanal batekoak ere izan daitezkeenak, noski. JarriON telebistan ikusten ari zarela, telefonoa guztiz funtzionala da, noski: beste aplikazioak erabili ditzakezu, mezuak jaso eta bidali, hitz egin... hori ez da telebistan agertzen, jakina.
Chromecast bat da 39 euroko gailu bat (merkeago ere aurki daiteke elektra-denda batzuen promozioetan), telebista bat Internetera lotzeko modu errazena eskaintzen duena. HDMI zulo bat badu zure telebistak, eta 21. mendeko gailuek izan ohi dute, Chromecast-a jarri dakioke. Gailua, gero, etxeko wifi sarera lotu behar da (konfigurazioa 5 minutuko gauza da), eta hortik aurrera, wifi sare berean zure telefonoa erabiliz, Android aplikazio zenbaitekin (Chromecast gaitasuna dutenak) edukia telebistara bidaltzen ahal duzu: Netflix edo HBO zerbitzuek horrela funtzionatzen dute, baita Youtube aplikazioak, eta musika edo podcast jogailu zenbaitek ere, soinua telebistatik ikusteko kasu honetan (Spotify lotzen da adibidez).
Alegia, JarriON-eko bideoak ikusteko baino gauza gehiagotarako balio du Chromecastak. Era berean, Chromecast teknologian oinarritutako beste tarteko gailu batzuk ere badaude, Xiaomi Mi Box TV edo Euskaltelen Deco 4K delakoa, eta horiekin ere badabiltza JarriON eta Chromecast gaitasuna duten gainerako aplikazioak.
Instalatu JarriON zure mugikorrean JarriON.eus webgunetik edo Google Play dendan bilatuz.
CodeSyntax-en garatu dugu JarriON, eta alor teknikoan lagundu dute baita ere KAM enpresak eta EITBko informatika zerbitzuek. JarriON software libreko garapena da, GitHub-en argitaratu du kodea CodeSyntax-ek.
Chromecasta telebistan sartuta baduzu, HDMI-aren ikuskatze aukerara joan behar duzu, eta han ematen dizkizu, pantailan, instrukzioak. Instrukzio horiek osatzeko eskura behar duzu zure telefonoa, etxeko wifira lotuta hori ere, eta pantaila bietan (telebistakoan eta telefonokoan) ikusten dituzun instrukzioekin, aurrera egin.
Kaixo! Oso ondo azalduta dago zer den JarriON, eta ematen duen aukera zabala, baina ni ataskatu naiz hemen: "etxeko wifi sarera lotu behar da (5 minutuko gauza da)" Azalpentxo bat bai? Non eta nola egin behar da konfigurazio hori?