Badux.lol webgunean interfaze txarren "munduko txapelketa" bat antolatu dute. Emaitzak bikainak izan dira, hau da, txarrak eta desastrosoak, barregarriak oso. Izenak berak esaten du: Bad UX (User eXperience), erabiltzaile esperientzia txarra.
Lehiaketa tematikoa izan da. Data aukeratzeko sistema ahalik eta okerrena diseinatzea zen kontua, eta Perfect Date izeneko proposamenak irabazi du. Oso gauza gaiztoa eta azkarra egin dute: date data da ingelesez, baina baita zita, hitzordua; eta ligatzeko Tinder aplikazioaren printzipioan oinarritzen da Perfect Date. Gustatzen zaizu data hori? eman eskuinera eta onartzen. Ez da egokia? ezkerrera eta ahaztu. Egun, hilabete eta urteekin data asmatu arte!
Gauza kabroiak egin dituzte. Ea asmatzen duzuen honekin zer egin behar den, guk ez baitakigu.
Beste hauetan:
Eta euskaraz? Ba ez dugu beti euskaldunok data UUUU-HH-EE formatu egokian sartzeko aukera eskatzen. Zenbat aldiz EE-HH-UUUU sistema espainola jartzen diguten (eta kontuan hartu gure ordena ISO formatu estandarrarekin bat datorrela, urtearen lau zifrak lehenbizi).
Eta datekin ez denean, beste edozerrekin. Ez internazionalizazio-lokalizazio egokirik (teknika informatikoa interfazeak hizkuntza desberdinetan garatzeko) ez itzulpen ganorazkorik agertzen zaizkigun gauzetan. Ordaintzeko orduan gure lagun batek hau ikusi zuen duela egun batzuk, adibidez.

Adi, hor errua ez du Errigorak, baizik eta ordainketa plataformak. "Belarritako" badakizue zer den...
Bestalde, hemen bideo bat interfaze absurdoen beste bilketa batekin, duela urte batzuk soinu-parametroak aldatzeko proposamenekin egina.
Erantzun
Sartu