Teknologia albisteak

"Mendiak", Euskal Herriko mendien aplikazioa

Erabiltzailearen aurpegia
2016-09-20 : 10:24

Mendiak izeneko APPa aurkeztu dugu. Euskal Herriko mendizale guztiei zuzendutako aplikazioa da, doakoa eta euskaraz. Euskal Herriko 1.500 mendi ezagunenen katalogoa biltzen du, eta mendizaleei bere igoera guztiak markatzeko aukera emango dio, eta bere historial osoa gordetzekoa: zein mendi igo duen, noiz, zenbat aldiz. Horrekin batera, mendi bakoitzaren argazkiak eta iruzkinak gehitzeko aukera ere badago, eta informazio guztia lagunen artean partekatzekoa. Android dendan jaitsi dezakezu.

Azken asteotako proba-fasea igarota, atzo argitaratu genuen Mendiak APPa, Euskal Herriko mendizaleentzat pentsatutako aplikazioa. Android gailuetarako garatu dugun aplikazioaren helburu nagusiak hauexek dira:

  • Alde batetik, Euskal Herriko mendien inguruko informazioa biltzea aplikazio bakarren. Euskal Herri osoko 1.500 gailur nagusien informazioa aurkituko duzu, fitxa, garaiera, datu, argazki eta kokapenarekin.
  • Bestetik, eta honetarako da aplikazioa, norbere mendi-igoerak markatu eta gordetzeko balio du Mendiak aplikazioak, eta igoera guztien estatistika eta datu historikoak gordetzeko.

Mendizale guztientzat dago pentsatua, baina batez ere mendizale arruntenentzat, asteburuetan lagunartean edo familian bere herri inguruko mendiak igotzen dituzten horientzat. Eta aplikazioa lagungarri izatea mendizaletasuna eta naturzaletasuna sustatzeko orduan. Horretarako, saiatu gara ahalik eta aplikazio erraz eta erabilgarriena sortzen, edozein erabiltzailek arazorik gabe erabili dezan. Diseinua eta alderdi grafikoa bereziki zaindu dira, aplikazioa intuitiboa eta argia izan dadin. 

Esan bezala, aplikazioan 1.500 mendiren katalogoa daukagu, baina erabiltzaileak filtroak egiteko aukera izango du: baloratuenak, gertukoenak, garaienak, 100 mendien lehiaketakoak, haurrekin igotzeko modukoak,… eta abar. Ondoren, mendi bakoitzaren fitxan, mendi horren informazio osatua aurkituko dugu: garaiera, kokapena, mapak, argazkiak, eta abar. Gainera, beste erabiltzaile batzuen igoerak eta balorazioak ikusteko aukera ere ematen du, eta norberak bere iruzkina eta puntuazioa ematekoa ere bai.

Guzti horrekin batera, erabiltzaile bakoitzak bere atala dauka, bere igoera eta argazkien zerrendarekin, eta baita bere estatistika pertsonal guztiekin ere, zein mendi igo dituen, noiz, eta zenbat aldiz. Horixe da, azken batean, aplikazioaren erabilera nagusia, mendizaleok gure mendi-igoeren datu eta historial osoa izatea gure sakelekoan. Azken batean, “Mendiak” gure mendiko katalogo pertsonal historikoa bihurtzea. Horrekin batera, aplikazioak aukera ematen du igoerak eta gainontzeko informazioa erraz-erraz sare sozialetan partekatzeko. 

Aplikazioa software librea erabiliz garatu da, eta erabilitako informaziorik gehiena datu-base libre eta publikoetatik automatikoki erauzitakoa da (mendi-zerrendak, mapak, argazkiak, eta abar). Euskara hutsean dago, oraingoz Androiderako bakarrik garatua, eta Eusko Jaurlaritzaren HPSren diru-laguntza jaso du. Informazio gehigarria eta teknikoa Codesyntax.com-eko blogean.

"Mendiak", Euskal Herriko mendien aplikazioa "Mendiak", Euskal Herriko mendien aplikazioa "Mendiak", Euskal Herriko mendien aplikazioa "Mendiak", Euskal Herriko mendien aplikazioa

Erantzun

Twitter ikonoa  Facebook ikonoa  Sartu