Teknologia albisteak

Barrena jaio da, eskualdeko euskarazko hedabide berria

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
gaur : 08:50

Hala nola Goiena dagoen Debagoienean, orain Debabarrenean izango dute Barrena, Interneten Barrena.eus, gaur jaio den aldizkaria eta berari lotutako webgunea, Gipuzkoako eskualde honetaz (eta Bizkaian Ermua eta Mallabiaraino luzatuta) informatzeko.

Orain arteko lau agerkari ordezkatu ditu Barrenak bateratze ekintza batean: Mallabiko eta Ermuko Drogetenitturri, Soraluzeko Pil-pilean (eta Plaentxia.eus webgunea), Debako Berriketan eta Elgoibar eta Mendaroko Barren.

Tokiko agerkari txikiago hauen atzeko euskara elkarteek bideratu dute Barrenaren sorrera: Ermuko Euskal Birusak, Soraluzeko Pil-pilean elkarteak, Elgoibarko Izarrak eta Debako Zuhatza Euskara Elkarteak.

Eskualdeko herri handiena Eibar da, baina bertako euskara elkarteak eta agerkariak, Eta Kittok, ez du bat egin Barrena ekimenarekin. Dena dela, Barrenan badago Eibarri buruzko atala webgunean.

Barrena 32 orrialdeko astekaria izango da (oporraldi batzuekin, urtean 40 ale argitaratuko dituzte), egunkari erako paper eta formatuan. Aldizkaria sei herritako informazioarekin abiatuko da: Mallabia, Ermua, Soraluze, Elgoibar, Mendaro eta Deba. Banaketari dagokionez, Barrenak sei herri horietan emango du astekaria etxean jasotzeko debaldeko zerbitzua, nahiz eta gainerako herrietan etxean jaso ahalko da postaz, Barrenakide eginez gero (hemen horretarako aukerak).  

Sarean ere badago paperezkoaren PDF bertsioa, hemen lehen alea. Orain arteko aldizkariak hemerotekan geratu dira artxibatuta, txukun.

Tokikom elkartean dago integratuta Barrena. Barrena.eus webguneak darabilen azpiegitura Tokikom Plataforma da, Sustatu egiten duen enpresak, CodeSyntaxek, software librearekin garatua.

Erantzun

Sartu