Teknologia albisteak

Maitasunaren neurriez

Erabiltzailearen aurpegia
2015-02-10 : 10:14
1891ko egun gordin batez, Bartzelonako Ramblaren goialdean, erloju bat jarri zuten. Harrezkero, hiri osoarentzako Ordu Ofiziala emango zuen. Ez dakit Euskal Herrian halako aparaturik izan den. Nolanahi den ere, erloju honek (eta haren lehengusuek) eta bere tik-tak bedeinkatuak giza historian oraina eta geroa banatuko zituen mugarria jarri zuen. Neurketen sasoira igaro ginen. Neurtu aditza ezinbestekoa da kapitalarentzat... esan nahi baita, kapitalismoarentzat eta haren jarraikileentzat. Zer ez dugu neurtzen? denbora, tenperatura, garaiera, zabalera, neurriak, kiloak, gramoak, egunak eta, ohartzen ari naiz, azken aldi honetan , tamalez, maitasunari neurria hartzen ere bagabiltza.
Lehengo batean elkarrizketa jakingarri bat irakurri nuen maitasun posmoderno zoritxarreko honi buruzkoa, kontabilizatu behar batek hartutako dinamika triste, kontsumistan sartu dela.

Eta  seme-alaben lurralde zaurgarri horretan sartzen bagara, are arriskutsuagoa bihurtzen da, ze eurek ez baitaukate oraindik neurketa horiek gainditzeko irizpiderik.

Halako batean, umea zarela, ergel (ups!) batek zera galdetuko dizu: “zein duzu maiteago, ama ala aita?” eta zu, horri buruz sekula pentsatu gabea eta, egia esan, ordura arte amak eta aitak zu maita zintzaten besterik interesatzen zitzaizuna... hausnarrean hasiko zara.

Beharrezkoa ote da norbait beste norbait baino gehiago maitatzea?
Sentitzen dudan hau neurtu ote liteke?
Amak eta aitak gehiago ala gutxiago maita ote nazakete?
Eurak ere sentitzen dudan hau neur ote dezakete?

Eta, bai, hala da! Antza denez ideia hauek markatuta geratzen doazkigu eta buruargiren bati, zer eta post batean semeetako bat bestea baino gehiago maite duela azaltzea okurritzen zaio. Zeren eta orain oso modan baitago “norbere mamuak uxatzearen” asunto hori (eta bide batez, kaka aldamenekoari botatzea, esango nuke nik).

Eta horrekin nahiko pozik ez eta besteren batek erabakitzen du beste gai bat mahaigaineratzea. Atzera ere, mamuak uxatuz eta oparitxoa seme-alabei utziz. Andere honek maiteago omen du senarra seme-alabak baino. 


Segi dezagun kontatzen.

Apur bat beldurtua nago kontatu behar honekin. Besteak zenbat maite ditugun kontatzeko gai garela uste izateak esan nahi du besteek gurekin gauza bera egin dezaketela pentsatzen dugula. Uste dut horren atzetik nahikoa maitatua ez izatearen beldurra dagoela. 

Bukatze aldera, eta barkatu kurtsilada, baina maitasunak ez dauka mugarik. Uste dut mundu honetako pertsona bakoitzak, eskubidea duela jaiotze hutsagatik norbaitek neurririk eta baldintzarik gabe maita dezan. Zure ama edota aita baldin bada, hainbat hobe.

Nik jende asko maite dut, bakoitza kolore ezberdin batekin, bakoitza era batean. Ze maitasuna ez dira neurriak. Maitasuna, ezer izatekotan, tonuz aldatuz doazen koloreak izan beharko luke, zure eta besteen bizitzak margotzeko balio dutenak.

(Irudia: Untxi Zuria, John Tennielek marraztuta)

Erantzun

Sartu