Teknologia albisteak
1

Hego-mendebaldeko Euskal Herrien euskalduntze berantiarraren hipotesiaren kontra?

2016-11-28 : 14:53

Agertu berria da Fontes Linguae Vasconum aldizkariaren azken alean (121, 2016, 185-223 orr. -ez dago oraindik sarean-), Luis Mari Zaldua, Euskal Filologian Doktorearen ikerlana «Osagai indoeuropar latin aurrekoaz Baskoniako toponimian: leku izenak -ama atzizkiz amaituak», eta uste dut merezi duela bertako ondorio batzuk haizatzea, azken boladan gure artean, bizixeago bizi izan dugun hego-mendebaldeko Euskal Herrien 'euskalduntze berantiarraren' hipotesiaren inguruan.

Artikulua, berez, teknikoa da. Laburpena, artikuluaren amaieran ematen den gisa: «Lan honek, lehenik eta behin, gaurdaino ikertutako -ama bukaera duten toki-izenen zerrenda zabaltzen du ale berriekin. Sailkatu ondoren, beste ikertzaile batzuen lanak aintzat hartuz, azterturiko amaiera daramaten toponimoen balizko jatorria argitzeko ahalegina egiten da, azkenik, lurraldean nola banatuta dauden aztertu eta Euskal Herriko toponimiako latinaren aurreko elementu indoeuroparraz ondorio batzuk ateratzen saiatzeko. / Gako hitzak: -ama; indoeuropar; latinaren aurreko; toponimia; onomastika; euskara; historia; Euskal Herria.»)

Hala, -ama atzizkidun toponimoak (Aldama, Amiama, Arakama, Arama, Beizama, Berama, Elama, Ezama, Lezama, Legizama, Lizama, Sarama, Ultzama, Zalama, Txarama, Zegama, Zezama...), ez omen dira aurkitzen, gutxieneko k.o. I-III. mendeetarako jada Akitania kontinentalean ageri zaigun aitzin euskara-edo gisako toponimian, eta bai berriz, goiko mapak erakutsi moduan, batez ere Gipuzkoako Goierria erdigune izango lukeen lurralde hipotetiko batean: Gipuzkoa hegoaldean, Bizkai ekialdean, Nafarroa Garaiko ipar-ekialdean, Araba iparrean eta are hego-mendebaldean (Osma Gaubean...) eta Burgosaino, eta hegoaldeago ere Uxama Argaela-raino (gaurko Soriako -Burgo de- Osma).

Artikuluaren xehetasunak interesgarriak dira, eta artikuluan aurkitu litzake interes duenak. Hemen, Luis M. Zalduak eratortzen dituen ondorioetako batzuk ekarriko ditut, hauek ere, noski, hipotetikoak izanagatik. Berak artikuluaren amaierako 6. atalean laburbiltzen ditu, eta nik nire senaren arabera ekarriko ditut itzuli edo erdi-itzuliak). Hala:

  1. -ama amaieradun toponimoen banaketak ez du inola iradokitzen aurretiko hizkuntza indoeuroparreko populazio gunerik ez Araba, ez Nafarroa hegoaldeetan, zeinetatik abiatu zitekeen gerora atzizki honen erabilera iparralderago. Toponimoen banaketak ez du inondik iragartzen -ama atzizkia halako indarrez (edo indartsuago) erabili zezakeen hizkuntza zeltiberiarrik Baskonia hegoaldean, nola ageri den erabilia Araba iparralde, Bizkaia, Gipuzkoa hegoalde edo Nafarroa Garaiko ipar-mendebaldean. Mapak erakutsi moduan, toponimo gehienak inguru menditsuan ageri dira, eta ez Arabako lautadan edo Nafarroa Garaiko inguru hego-mendebaldekoenean, zeinetan ziurtatuagoa bide den erromatarren aurreko presentzia indoeuroparra.
  2. Toponimo hauen azterketatik pentsatu liteke, aipatu inguruan, eta batez ere Gipuzkoa hegoaldean, izan zela kontaktu eta eragin linguistiko indoeuropar nahiko -ez berez zeltiberiar-, eta are hainbateko luzapenekoa, bertako hizkuntza baskoniko eta beste (hainbat?) indoeuroparren artean.
  3. -ama atzizkidun toponimoak itxuraz Zeltiberia guztian ageri dira neurriren batean. Ordea, ez da inon ageri, ezta Gasteiz edo Iruñeko hegoaldeetan ere, edota Ebro ibaiaren inguruetan -bi hizkuntza moten kontaktu gune-, halako -ama atzizkidun toponimo dentsitaterik nola ageri den Hego Euskal Herriaren erdiguneko Errezil-Entzia-Arakil triangeluaren gunean, zeinen erdian dagoen Gipuzkoako Goierria. Hala, continuum barikoa ageri da lurralde zeltiberiarren eta euskal gune honen arteko kontaktua.
  4. Aipatu datuek, hizkuntza indoeuroparreko herritarren presentziaren hipotesia zabaltzen dute Araba iparralde, Bizkaia, Nafarroa Garaiko ipar-mendebalde, eta batez ere Gipuzkoa hegoalderako. Baina L.M. Zalduaren ustez, hauek guztiak ere, ez bide dira nahiko inola postulatzeko elementu indoeuropar horiek izan zitezkeenik bertakoak, jatorrizkoak Baskonia iberikoan, eta aldiz osagai baskonikoa berantiar eta ondoren iritsia.
  5. Gainera, geroztik ere, toponimo hauek euskararen bidez transmititu dira, eta euskararen ezagutzen ditugun ohiko eboluzio arauen bidean. Hala, -ama amaierako toponimo hauek baieztatu eta ziurtatuko lukete hauek sortu edota inportatu ziren garai eta guneetan, aldez aurretik euskal hiztun indigenak zirela gune hauetan.
  6. Amaitzeko eta laburtzeko:
  • -ama amaierako toponimoak izan litezke Baskonia / Euskal Herrian ezagutzen ditugunetako zaharrenak.
  • Hauen azterketatik zalantza gabe eratorri bide liteke hizkuntza indoeuroparren eragin goiztiarra gure artean.
  • Nolanahi, eragin hau, zalantza gabe hau ere, aurretiko euskal oinarri baten gainean sartu bide zen gure artean.

Hala ondorioztatzen du L.M. Zalduak: «Latinaren aurreko kultura indoeuroparraren aztarnak (Hego) Euskal Herriko toponimian, ez du behar besteko pisurik, euskara zaharraren presentzia zalantzan jartzeko Pirinioez hegoaldean erromatartzearen aurretik, eta bereziki Araba iparralde, Bizkaia, Nafarroa Garaiko ipar-mendebalde edo Gipuzkoa hegoaldean

Erantzunak

2016-11-29 : 10:11

Eskerrik asko erreseinagatik, Bittor.
Bejondeikela!

Erantzun

Sartu