Teknologia albisteak
2

Ingelesa ikasi arte biziko gara espainolaren menpe

2013-01-26 : 11:16

Azken 1.000 urtean, areago azken 500ean, euskaldunok sortu -sortzen lagundutako- gaztelania -espainola- ezagutu eta erabili dugu hegoaldetik ‘mundura’ irteteko. ‘Mundua’ ezagutzeko tresna. Baita iparraldekook ere, gure azken mila urteko ‘txokotxo’ gero eta txikiago honetako ezagupenetan isolaturik geratu nahi ez eta. Frantsesa ere erabili dugu, iparraldetik ‘mundura’ jalgitzeko. Eta latina ugari, Erromatiko zibilizazioa orain 2.000 eta gehiago urte gurera hurbiltzen hasi zenetik.

Ibilbide honetan euskaldun asko izan da/gara ‘munduan’ bizimodua atera dugunak hizkuntzon ezagutzari esker. Eta kontaktu horiei esker garatu gara euskaldunok garena izatera iritsi garen arte. ‘Euskaldun’ iritsi baldin bagara ordea, zalantza gabe izan da gutako askok denbora luzean argi bereizi duelako/dugulako hizkuntzon artean. Gurea, euskara. Munduan ibiltzeko, behar izan dugunean, munduan dabilena garaian. Latin, frantses edo espainol.

 Ezagutzaren eta erabiliaren erabiliaz ordea, eta areago, hizkuntzok bultzatu dituzten ondoko estatu-inperioen eragin gero eta bortitzagoez, etxean ere nagusi bihurtu zaizkigu. Makina leku eta jende jan digute hizkuntzok 2.000 urtean Euskal Herri zabaletan, eta oraintxe gauzkate hilzorian. Denok gara gutxienez elebidun, frantses edo espainol. Noiz-eta euskaldunok (ere) inoiz baino behar ohitura handiagoa dugun munduan ibiltzeko, mundua ezagutzeko, munduko berri uneoro jasotzeko, munduan bizitzeko. Horretarako eta horregatik segitzen dugu euskaldunok espainola baliatzen hegoaldean, frantsesa iparraldean, gure etxe barruenetan ere -hedabideak-, damurik gure artean ere maiz. Eta aspaldi sinetsarazi nahi izan digute ‘gure’ euskara bezain ‘gureak’ ote diren gutxienez espainola/frantsesa.

 Eta, bai, izan dira ‘gureak’, munduan ibiltzeko, mundua ezagutzeko. ‘Gurea’ ordea, euskara izan da, eta euskara da. Eta euskarari eskerrak ‘gara’.

 Aspaldiko partez zorionez, gaur jada ez dugu itotzen gaituzten bi hizkuntzon beharrik munduan mugitzeko. Espainolak jarraituko du aldarrikatzen munduko bigarren hizkuntza ote den nazioarteko harremanetan. Frantsesak, hirugarren. Beren saminerako ordea, ingelesa da gaur eguneko munduko hizkuntza.

 ‘Mundua’ gaur ez da espainolez mugitzen, XVI eta XVII. mendeetan bezala (munduaren %13 ‘espainol’). Ezta ere frantsesez, XVII. mendetik XX.a arte bezala (ludiko lurren %8,7 ‘frantses’). Munduarentzako ez da akaso hobea izango, baina gure zorionerako gaur ingelesez mugitzen da mundua. 1922an munduko jendeen bosten bat zen britainiar inperioaren mende. Lurren ia laurdena. II. Mundu Gerraz geroztik, Amerikako Estatu Batuak bihurtuko dira munduko gidari. Areago 1990ez geroztik (Errusiako) SESBen inperioa deseginda. Gustatu edo ez, munduan ingelesez egiten da ekonomia, ingelesez zientzia eta teknologia, ingelesez informazioa… Ingelesa da nazioarteko hizkuntza. 1.100 milioi hiztun munduan (360 milioik lehen hizkuntza). Txinera estandar mandarinez, teorian 1.200-1.350 milioi txinatarren hizkuntza, praktikan txinatarren %53 da gauza mintzatzeko, 700 milioi inguru, eta ez da Txinako hizkuntza ofiziala baino oraingoz. Espainolez, ia 500 milioi, edonola, munduko zilborretatik urrunxko. Frantsesa 220 milioi (74 jatorrizko).

 Gure hizkuntza hautua? Irauten lagundu diguna, ez? Betikoa. Euskara, ‘gurea’. Gure lurrarekin, gure aurrekoekin, gure ‘gutasunarekin’ lotzen gaituena, ‘gu’ egiten gaituena. Eta munduan ibiltzeko, munduan dabilena. Ingelesa. Espainolek/frantsesek bezala: berea, eta munduan ibiltzeko, ingelesa. Edota jarraitu nahi ote dugu mundua betaurreko espainol/frantsesen bidez ezagutzen, zuzenean ingelesez ezagutu ordez? Espainol/frantsesen bigarren eskuko itzulpen interpretazioen bidez? Hélas! Utikan! Mundua okerrago ezagutuko dugu, eta lehen eskutik ezagutu nahi dugu. Eta etsai zuzen ditugun hizkuntzak ahalik eta urrunen nahi ditugu gure etxetik, gure garuneko apaletatik.

 Sinetsarazi nahi digute espainolek/frantsesek, ingelesa, beren joandako hegemonien etsai irabazi-ezina, dela ere gure etsai. Ordea gure etsai zuzenak frantsesa eta espainola dira, eta aldiz, ‘etsaiaren etsaia, lagun’. Zenbat eta ingeles gehiago jakin, espainol/frantsesaren behar gutxiago izanen dugu, konturatzeraino zein hutsal diren hizkuntzok gaur egungo munduan. Hizkuntzon beharrik gabe ‘munduan’ bizitzeko, askoz errazago jarraituko dugu ‘euskaldun’. Gure nortasun marka. Askoz libreago espainol/frantses orojaleen hartz besarkadetatik.

 Berdin gertatuko zaigula ingelesarekin? Ikusiko dugu. Oraingoz espainol/frantsesak baztertu dituen ingeles hori bera baliatu behar dugu guri, bai, azpi guztiak jaten ari zaizkigun espainol/frantsesak urruntzeko. Ingelesa da gure bideko aliatu taktiko natural.

 ‘Gurea’, euskara. Eta munduan ibiltzeko, ibili nahi dugulako, munduan dabilena. Ingelesa. Ezin dugulako munduarekin lotuko gaituen hizkuntza bat gabe bizi. Ez dugulako nahi. Eta ez zaigulako komeni hizkuntza hori gure etsai espainol/frantsesa izan dadin.

 Ingelesa ez dakigun bitartean, espainolaren/frantsesaren menpe jarraituko dugu. Espainol/frantsesen pozerako. Euskaldunon kaltean. Ingelesa ikasi, euskaldun jarraitzeko munduan.

 P.S. Artikulua BERRIAra bidalita 25ean argitaratu zen bertan.

Erantzunak

2013-02-16 : 13:54

我们得准备我们的自己。。。中国人在来、

Ingeleraz hitz egin duzu eta Txinera atzetik dugu mehatxuka.

中文比英文有意思!也有比较老的文化!

2013-02-16 : 13:57

我们得准备我们的自己。。。中国人在来、

Ingeleraz hitz egin duzu eta Txinera atzetik dugu mehatxuka.

中文比英文有意思!也有比较老的文化!

Erantzun

Sartu