Nork irakurtzen du prentsa ‘sarean’? Asko ez, 35 urtetik gorakoek. Izatez gerotan, hortik beherakoek. Nor ibili liteke, ibiliko da, sortu berria den Naiz web gunean? Ibiltzez gero, Euskal Herriko (edo gure diasporako) 35 urtetik beherakoak. Baina, EAE-oso-ko eta Nafarroako zonalde ‘euskalduneko’ 35 urtetik beherako %90 da, gutxienez, euskal elebidun hartzaile, eta %75, euskal hiztun elebidun ere bai (edb, eas…). Hortik kanpoko Euskal Herrian ere hala moduzkoak izango dira gunearen balizko bisitariak.
Zergatik dago orduan Naiz % ≈99an espainolez? Zein dira Naizeko hauek? ‘Ezker abertzale’? Izango dira. Instituto Cervanteseko ezker abertzale edo. Hamaika ikusteko. Ez da nahikoa Gara, Deia, Noticias, Onda Vasca… guztiak espainol mantentzea. Gazteak ere gehiago espainoldu behar ditugu oraindik. Vade retro! Hainbeste urteko biolentzia mota hori behar izan dugu honetarako? Ze Euskal Herria duzue zuek buruan?
Erantzun esperoan…
Bittor Hidalgo
Donostia
1. Joan den uztailaren 4an bidali nien eskutitz hau Berria eta Garako zuzendariei argitaratzeko eskariz:
“Eskertuko nizueke eskutitz polemiko hau argitaratu ahal izango bazenute zuen egunkarian.
“Hala izan litekeelakoan, adeitasunez agurtzen zaituztet
“Bittor”.
2. Egun horretan bertan erantzun zidaten Garako iritzi sailetik ondokoa:
“Kaixo Bittor,
“Naizen %99 espainolez dagoela esaten duzunean, ez duzu egia esaten. Une honetan bertan, NAIZ+ atalean testu-post gehienak euskaraz daude; Iritzia ataleko bederatzi blogetatik, bost euskaraz eta lau gazteleraz; eta Agenda ataleko zati handi bat, euskaraz.
“Egia da Naiz.info/informazio atalean gehientsuena gazteleraz dagoela, baina inolaz ere %99a. Bere garaian GARA.net-ek zerabiltzan parametroetan jarraitzen du.
“Edonola ere, zure mezua Naiz.info kudeatzen dutenei pasako diegu, kontuan izan dezaten
Ondo izan”
3. Eta nire egun bereko erantzuna:
“Agian zehaztu beharko nuen NAIZ.info ORRIALDEKO (sarrera orrialdeko?)?
“Nolanahi 99 horrek (% ~99) ‘~’, zeinu bikoitz vat darama ‘gutxi gorabehera’ esan nahian. Nolanahi, berriro joan naiz www.naiz.info orrialdera eta apustu egingo nizuke zenbat hurbil dagoen orrialdea % ~99 espainoletik. Kontatuko dugu? Hemen erantsiko dizut orria hasi nahi baduzu. [erantsi nuen]
“Hala ere zure erantzun anonimoak esan nahi du ez duzuela onartzen nire ‘eskutitza’ ‘Garan’n argitaratzea?
“Eskertuko nizuke erantzuna ere.
“Ondo izan
“Bittor"
4. Hurrengo egunean, uztailak 5, jaso nuen Naizeko arduradunaren erantzuna:
“Kaixo Bittor
“Barkatu hain berandu erantzuteagatik, baina orain arte ezin izan diogu gaiari heldu. GARAko iritziko sailak bideratu dit zure gutuna. Lehen erantzun bat eman omen dizu[t]e, baina horrek ez omen zaitu asebete.
“Esan behar dugu zure gutuna ez dela gure taldean argitaratuko. Egiarekin bat ez datozen datuak zabaltzen dituelako eta zure adieraz molde batzuk desegokiak ikusi ditugulako.
“Interneten errealitateaz ere hitz egin beharko genuke, erabiltzaileen urteak eta eremuak direla-eta egiten dituzun aipamenak direla-eta, baina ez dugu oraintxe horretarako denborarik. Datu bat besterik ez (gutxi gorabeherakoa): urte hauetan guztietan gure orrialdeetara (gara.net funtsean) 5.000.000 erabiltzaile sartu dira. Denak ez dira euskaldunak, bistan da.
“Edonola ere, egia da euskararen erabilera dela-eta izan ditugula kritika gehiago. Horregatik, NAIZ kaleratuta horietako bati eman nion erantzuna doakizu jarraian. [Erantzun horren aurretik espres eskatzen zait hau ez aireratzeko, eta ez dut hona traskribatuko. Eta amaitzen du eskutitza:]
“Edonola ere, gure posizioa ez da finkoa, berraztertzeko eta berregokitzeko prest gaude. Ez ginen atzo hasi eta, espero dezagun, bihar ez d[el]a izango amaiera. Sortu dugun lanabes berriak garapen aukerak emango ditu, gainera.
“Adeitasunez
“Iñaki Altuna, NAIZeko arduraduna"
5. Nire erantzuna egun berean I. Altunari:
“Eskerrik asko erantzunagatik. Lasai irakurriko dut, eta pentsatu.
Nolanahi lehen bezala segitzen zait batere bidezkoa ez iruditzen zuen ukoa ‘iritzi bat’ argitaratzeari, zentsura hutsa, funtsean ‘zuen kontrakoa delako’. Ze ni prest egoten segitzen dut nire sinadura hutsarekin defenditzeko eta eztabaidatzeko eskutitzean esaten dudana, nahiz zuri iruditu ‘Egiarekin bat ez datozen datuak zabaltzen dituela’.
“Baina horretaz ere konturatuko zara ‘iritziak’ daudela, eta seguru asko zuk ere badakizu jada bizitza altura hauetan ‘EGIA’k ere ertz ugari izan ohi duela. Aipatzen duzun beste arrazoia nire eskutitza ez argitaratzeko (‘zure adieraz molde batzuk desegokiak ikusi ditugulako’), iritzi zentsura hutsa da noski. Eta pena ematen dit, egun osoa ‘demokrazia’ falta salatzen ari ohi zaretenengandik ere halakorik jasotzeak. Baina bakoitzak jokatu ohi du inkisizioan berak aukeratutako rola.
“Ez adiorik
“Bittor"
Epilogoa:
Zalantzan izan naiz hilabete osoan eskutitzarekin batera honen inguruko eztabaidatxoa argitaratu edo ez. Azkenean egitea erabaki dut, geroenean ere ondo garbituta etxetik kanpo haizeztaturiko trapuek eragin ohi dutelako kiratsik gutxien.
Inork ikusi nahiko ditu jarrera honetan nire asmo ezkutuagoak edo, baina ni konformatuko nintzateke delako Naiz ‘abertzalea’ (ere) euskaldun bihurtuko balitz, bazenute. Edota Espainiarako ari zarete webgunea egiten, ‘handik’ ‘behar bezala’ ezagutu ahal izan gaitzaten? Soy? Utikan!
Eranskina:
Delako eskutitza nolanahi ez zuten ere Berria argitaratzen (eta ez da izango bestelakoak ez dizkidatelako), eta badaezpada jatorrizko ‘gutuna’ berbidaliaz idatzi nien harriduraz edo uztailaren 18an:
“Egunon. Gaur 15 bidali nizuen hemen erantsitako eskutitza argitaratzeko eskatuz eta jakin nahi nuke argitaratzeko asmorik baduzuen, edota ez, edota zer, harrituta hamabost egun pasata. Agian ez zenuten jaso nire orduko eskaera. Ez dakit. Esango didazue.
“Ondo izan
“Bittor"
Egunean bertan jaso nituen ondoko bi mezuak, bata atzerapena azaltzen, bestea argitaratzeari ukoa argitzen:
“Barkatu, oporretatik itzuli berria naiz eta oraintxe ari naiz emailak erantzuten,
“ondo izan,"
----------------
“Kaixo,
eskertzen dizugu iritzia bidali izana, baina beste etxe bat gurean kritikatzea ez dugu egoki ikusten, hedabideen arteko elkar-errespetuzko jokabidea edo zaintzen ahalegintzen gara. Nahi izanez gero, haiengana bidali zure kritika eta haiek erantzungo dizue.
“Mila esker,"
Erantzun nien esanez hori hala izatekotan, bazeukatela ere lehentxeago esatea, eta pena handia eman zidan ‘beste etxe bat gurean kritikatzea’ eufemismoak.
Ezin dugu beraz euskarazko egunkari bakarretik esan ez zaizkigula euskaldunontzako batere mesedegarri iruditzen gure lurrean, gure indarrekin, gure jendearentzat ‘espainola’ gure artean barra-barra zabaltzen duten hedabideen joko maltzurra?
Edota agian Berriakoek ere ‘beste etxe bat’ baino, ‘bere etxe’ jotzen ote duzue Naiz? Ez dut uste halako zentsurarik ezarriko zenutenik (ezartzen duzuenik) beste hedabide espainol batzuen inperialismo linguistiko espainolaren gainean aritzen garenean.
Eta pena ematen dit, ze ez dakit hori den hasiera bateko sortzaile Joxemi Zumalaberen, Martin Ugalderen, edo beste hainbaten hasierako nortasun pluraltzale eta irekiaren espiritua…
Ondo izan, nolanahi ere
Bittor
GARAkoa penagarria eta BERRIAkoa are gehiago. Arrazoi duk Joxemi Zumalabe eta Martin Ugalde bezalako euskaltzalek horrelakorik onartuko ez zutela diokenean. Bizirik dauden beste batzuk ere onartzen bide ez duten bezalaxe, ... baina ixilik zirautek. Euskaltzale ustea bai, baina apurka-apurka izena gehiago izana baino. Eta okerrena ez direla ohartu ere egiten.