Euskarari, hein batean, ETB1en egiten denak hainbat, edo seguruasko oraindik gehiago, eragiten dio ETB2n egiten denak.
Gero eta sarriago entzuten dira bazterretan ETB1en egoeraren inguruko iruzkinak. Programazio eskasa, aurrekontu argala, ikuslego urria, edota, Jose Inazio Bazteretxearen irudi ezin grafikoagoan, bonsai gosetia, aipatzen dira euskarazko telebista kate publikoaren gorabeherak deskribatzerakoan.
ETB1en aurrekontuak loditu, programazioa hobetu, ikuslegoa ugaritu eta orokorrean euskararen mundua aberastea, etorkizun hurbilean burutu beharreko helburuak dira zalantzarik gabe. Baina nahikoak al dira? Nago ezetz.
Duela hogeita hamar urte lehen euskal telebista sortu zen garaian, lorpen izugarria izan zen telebistako mundua euskaratzea. Gogoan dut oraindik “western” mitikoak euskaraz entzuteak sor arazten zigun harridura eta zirrara, euskara sukalde txokoan baino ezagutu ez genuenoi. Umetxo euskaldunek, euskaraz ziharduten pailazoak zituzten lehen aldiz, euskarazko “telediarioak” genituen lehen aldiz baita ere (oraindik ohitu gabe ginen artean “teleberri” esaten), ... euskara dimentsio berri batean sartzen ari zen.
Homologazio gose bizi zen kultura hartan, “erdaldunak adina” izatea zen helburu argi eta garbia, zalantzan jartzen ez zena.
Helburu nagusia ETB2 sortzea zela pentsa liteke baita ere, garai hartako legediaren arabera ez baitzen libre autonomiek telebista bat zabaltzea, bertako hizkuntza berezian ez bazen. Unea bizi genuenok gogoan ditugu oraindik “katea” eta “kanala” bereiziz ETB2ren inguruan hemego agintariek egiten zituzten ekilibrioak, hori sortzearen aurkako asko baitzegoen Madrilen, iritzi publikoaren moldatze lanean izango zuen garrantziaz jabeturik. Baina alde batera utziko dugu kontu hau hurrengo baterako.
ETB1en helburu nagusia euskararen homologazioa zen, euskara beste hizkuntzen pare jartzea. Bai eta belaundaldi berriari giro euskalduna “kaxa ergelean” bermatzea ere. Eta azkenik, herri osoari ikasbide osagarri bat ematea, euskara estandarra zabaldu eta hiztunen maila dotoretzen laguntzeko.
Euskararen egoera diglosikoa edo telebistaren indar arau-emailea ez ziren garai hartan aintzakotzat hartu. Ulerbera izanik, normaltzat jo liteke, premiak larriak eta ugariak direnean ezin direlako denak batera eta neurri berean asetu. Akats horiek ordea ez dira gerora zuzendu, batek daki zabarkeriaz, ez ohartuaz, ezinaz ala beldurrez. Baina horien ondorioz euskara lur jota geratu da, eta bere sostengu nagusia izateko jaio zen EITB, ustegabeko minbizirik gaiztoena bihurtu zaio apurka eta oharkabean. Esaldi gogorra? Bai. Exajeratua? Ez. Inola ere ez.
Telebistaren indarrik handiena bere indar arau-emailea da. Eta ez naiz iritzi politikoak moldatzeko duen indarraz ari, jokabide sozialak oharkabe aldatzeko, indarrean jartzeko edo modaz kanpo uzteko duen eraginaz baizik. Ager dezakeen beste edozein eraginaren oso gainetik kokatzen da indar arau-emaile hau. Eta alde honetatik, euskarari, ETB1en egiten denak hainbat, edo seguruasko oraindik gehiago, eragiten dio ETB2n egiten denak. Horregatik atsekabez entzuten ari naiz EAEn gertatu den aldaketa politikoaren ondorioz zabaltzen hasi diren EITBri buruzko hainbat asmo: Euskarazko telebistaz baino ez dihardutelako eta ez direlako neurtzen ari, “euskal” erdarazko telebistak ere, euskarari egiten dion eragina.
Duela hogeita hamar urte ez zen posible kalean bi gizonezko ezpainetan muxuka ikustea. Ikusleei barrenak nahasiko zitzaizkien, eta hori jakinik, horretarako desioa zutenak ere ez ziren ausartzen. Zerk ekarri du aldaketa?: Telebistak noski. Telebista da sozialki normalak ez diren egoerak normaltzeko tresna nagusia. Harrigarria da gainera zeinen azkar eta txukun egiten duen bere lana. Duela hogeitamar urte bi gizonezko horrela muxukatzen irudikatzea ezinezkoa bazen, gaur egun nekez irudika daiteke horren aurrean inor sobera asaldatu edo zakar ekitea. Eta gehienek telebistan baino ez dute horrelakorik ikusi. Baina jakina, telebistan ageri bada, normala da.
Aurrekoa adibide bat baino ez da. Dozenaka aipa litezke, sexu kontuetatik hasita, jazkera, orrazkera edo pierzinetaraino. Telebistan ageri dena normala da. Telebistak sortzen du normaltasuna, telebistak diktatzen du normaltasuna.
Ez al da harrigarria telebista normaltasunaren sortzailea izaki eta euskararen erronka normalizazioa izaki, telebistaren eragin hori aintzat hartzen ez duen hizkuntza politika garatzea? Zertan gabiltza garrantzi txikiagoko hainbat aspekturen eztabaidan, indar nagusiaren gorabeherak zeharo bazter utzita?
Batzuk ustekabez harrapatu ditu elebidun gero eta gehiagok erdararen alde egiten duten aukera euren eguneroko bizitzan. Etorkizun euskaldunaren euskarri izan behar ziren gazteak tarte. Eskolaldi osoa euskaraz egin eta gero nolatan ematen diote bizkarra gure hizkuntza maiteari?
Telebistan ikusi dutenari begiratu ezkero ez dut uste erantzuna zaila denik. Zein da eusakl telebistak erakutsi dien normaltasuna? Bada, euskal telebistak etengabe erakutsi die azken hogeita hamar urteotan, euskara bigarren mailako hizkuntza dela, eta are okerrago, euskara bigarren mailako hzkuntza dela euskaldunentzat. Eta ez ditut aipatuko ETB1en gabeziak, horiek ondo ezagunak direlako, denak ados gaudelako eta azpimarra beste gauzetan jarri nahi dudalako. Euskal telebistak erakutsi die “euskal” deitu daitekeela erdaraz eginez. Euskal (erdal) telebistak erakutsi die euskaldun peto-peto izan zaitezkeela nagusiki erdaraz jardunez telebistan. Norbaitek uste du herriak euskaldun petotzat jotzen duen jende erreferentziala nagusiki euskal (erdal) telebistan agertzeak ez duela mezu subliminalik? Ez duela normaltasuna arautzeko lanik egiten? ETB1en gabeziak eta ETB2ren aldeko apustuak kalte handia egin diote euskararen prestijioari. Baina ETB2n erdaldun hutsak bakarrik atera balira, egin duen kaltearen laurdena ere ez zukeen egingo. Zoritxarrez ez da horrela izan. ETB2k behin eta berriz erakutsi digu, eta erakusten dirau, bertan ageri diren elebidunei berdin zaiela euskaraz ala erdaraz egitea, eta azken finean, maizago ageri direla erdaraz euskaraz baino. Zehatz mehatz gaurko gazte elebidunei gertatzen zaiena. Berdin zaie batean ala bestean jardutea eta horrek eramaten ditu apurka-apurka erdararen maldan behera lerratzera. Hara zer kasualitatea!
Euskararen prestijioa lur jota dago, eta EITBk horretan izan duen eragina izugarria da. Elebidunak euskararen aldeko aukera egiten erakusten duen telebista behar dugu. Elebidun erreferentzialak. Telebistan behin eta berriz ageri direnak. Erdaldun hutsek egin dezatela erdaraz besterik ez badakite, baina elebidunek mesedez argi eta garbi egin dezatela euskaraz, ahal bada beti eta gutxienez nabarmen nagusiki, erakuts dezatela behin eta berriz euskara dela haien aukera. Amaitu egin behar dira behingoz simetriazko axolagabekeriak. Eta horrek ETB1 adina dagokio ETB2ri. Badaude noski zaindu beharreko beste hainbat kontu eta xehetasun hizkuntzaren duintasuna eta prestijioa goratzeko. Baina telebistan euskaltzale agertzea da guztien artean ezinbestekoena. Telebistak fabrikatzen duelako egunero gure normaltasuna. Gaurkoa eta biharkoa.
Ederra benetan. Ea EITBko hurrengo arduradunek irakurri eta aintzat hartzen duten!