Teknologia albisteak

Enpresarean Azokara bertaratzeko izen-ematea zabalik

Erabiltzailearen aurpegia
2018-09-11 : 08:35

Bai Euskarari Elkarteak antolaturiko Enpresarean Azokaren laugarren edizioak pertsonak, digitalizazioa eta transformazioaren erronka izango ditu hizpide, urriaren 25ean Orona Ideon (Hernani). Jardunaldia 8:30etatik 14:30etara izango da, askotariko hitzaldiak eta solasaldiak jasoko dituen egitarauarekin. Bertaratzeko interesa duenak ondorengo galdetegia bete beharko du: https://goo.gl/forms/ilkN0fdAdcrhk9Xa2

“Pertsonak, digitalizazioa eta transformazioaren etorkizuneko erronka”

Bai Euskarari Elkarteak antolaturiko Enpresarean Azokaren laugarren edizioak pertsonak, digitalizazioa eta transformazioaren erronka izango ditu hizpide, urriaren 25ean Orona Ideon (Hernani).

Jardunaldia 8:30etatik 14:30etara izango da, askotariko hitzaldiak eta solasaldiak jasoko dituen egitarauarekin. Bertaratzeko interesa duenak ondorengo galdetegia bete beharko du: https://goo.gl/forms/ilkN0fdAdcrhk9Xa2

Etorkizuneko eraldaketaren paradigma aurrean izanik, euskal gizartearen lehiakortasunerako eta ongizaterako erronkak aztertuko dira; horiekin batera, teknologia, errobotizazioa, eraldaketa digitala eta etorkizuneko lanak bezalako gaiak izango dira eztabaidagai, enpresa, formazio eta ingurune digitaleko adituen eskutik, euskaratik eta euskaraz.

Ikuspegi profesionalak oholtza gainean

Goiza hiru bloke nagusitan antolatuko da eta bakoitzean enpresa alorreko gonbidatu bereziak izango ditugu.

Lehenik eta behin, “Ekonomia eta pertsonak. Euskal ekonomiaren eta gizartearen erronkak” hizpide izanik, ORKESTRAko zuzendari nagusia den Mari Jose Arangurenek eta Talaios Kooperatibako Gorka Juliok hitzaldi bana eskainiko dute. Arangurenek lehiakortasunerako eta ongizaterako erronkak xehetuko ditu, ORKESTRAk aurkeztuko duen txosten berrian oinarrituta; Juliok etorkizuna irudikatzen lagunduko digu, teknologia eta gizartearen / lanaren arteko harremanaz arituko delarik. Ondoren, Imanol Esnaola (Gaindegiako Koordinatzailea), Sebastian Zurutuza (Gipuzkoako Foru Aldundiko Kudeaketa Estrategia zuzendari nagusia), Ixaka Egurbide (IMHko zuzendaria) eta Iker Barrenarekin (Hispavista Labseko zuzendari exekutiboa) mahai-ingurua partekatuko dute.

Bigarren blokean eraldaketa digitalean eta lanaren etorkizunean jarriko da fokoa: “eraldaketa digitala, pertsonen eraldaketa?” galderari erantzun nahian. Horretarako, SPRI Taldeko zuzendari nagusiak, Alexander Arriolak, “Eraldaketa digitalaren erronka pertsona eta profesionalengan” hitzaldia eskainiko du. Ondoren, lanaren etorkizuneko joeren inguruan sakontzeko, LKS-PROSPEKTIKEReko zuzendari nagusia den eta Millenium Proiektuaren arduraduna den Ibon Zugastik proiektuari buruz hitz egingo du eta etorkizuneko lanbide sistema irudikatzen lagunduko digu.

Hitzaldien ondoren, solasaldian partekatuko dituzte ikuspegiak inguruko profesional erreferenteekin; besteak beste, Nuria Agirre (Laboral Kutxako Giza Baliabideetako arduraduna), Rikar Lamadrid (Eusko Jaurlaritzako Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen zuzendaria) edo Lanbide eta zenbait enpresetako ordezkariak izango dira, egungo hezkuntza sistema eta etorkizuneko lanbide sistemaren erronken inguruan hausnartzeko.

Galderaz beteriko etorkizuna

Enpresa, ekonomia eta lanaren etorkizuna galderaz beterik dator. Transformazioa errealitate bat da, onartuta dago, baina erronkari aurre egiteko ikuspegi arteko talka handiak daude. Eragina izango du errobotizazio-prozesuak lanpostuetan? Zer gertatuko da betiko sistema sozioekonomikoarekin eta horren bitartekariekin? Nolakoa izango da komunitate eta administrazio publikoaren arteko harremana? Botere-arteko funtzionamendua eroriko da? Nolako lanpostuak topatuko ditugu? Askatasuna eta segurtasuna uztartzeko gai izango gara?

Arin-Arin aurkezpenak. “Ekintzaileon txanpa” lehiaketa

Aurreko edizioetan bezala, ekintzaileei zuzenduriko “Arin-Arin” saioa egongo da. Parte-hartzaileek haien ideiak edo proiektuak hiru minututan azaldu beharko dituzte, arin eta labur. Helburua da onuragarriak izan daitezkeen eta garatzeko aukera duten ekimen berritzaileak ezagutzea eta ekarpenak egitea, sormena garatu zein elkarlanerako bide berriak irekitzea. Epaimahaiak parte-hartzaileen aurkezpenak baloratu eta irabazle bat hautatuko du, ekimena gauzatzeko 2000 euroko laguntza eskainiz. “Arin-Arin” saioan parte hartu nahi duenak ondorengo galdetegia bete beharko du: https://goo.gl/forms/J1nMSJ5PRkcMNoz43

Erantzun

Sartu