Sustatu logoa Teknologia albisteak

Luisa Etxenike: “Euskarara pertsuasioaren bidetik gerturatu behar gara, ez tentsioarenetik”

Badu Bada
2013-01-22 18:11

Erakusketa hasi eta berehala Mikel Laboa ageri da bideo batean. Hor hizkuntzarekin jolas egiten du kantariak. “Asmatu dute Badu Badarako bisita Mikel Laboarekin hasten, hizkuntza eta sorkuntza batzen dituelako eta errebeldia forma bat delako. Kasu batzuetan hiritar otzanegiak gara, eta errebeldia falta zaigu euskararen inguruan hitz egiten dugunean”. Etxenikeren arabera, euskararen inguruan presioarekin hitz egitera ohitu gara, eta gehiago hitz egin behar dugu sedukziotik eta pertsuasiotik.

Erakusketaren laugarren aretoan Europako hizkuntzak irudikatzen dira hiztunen araberako tamaina duten esfera handien bidez (200.000 hiztunetik gora dituzten hizkuntzak hartu dira kontuan). “Erakusketaren parte honetan hizkuntzen garrantzia zenbakitan ematen da, baina, hizkuntzen garrantzia ez dugu termino horietan neurtu behar; gutako bakoitzarentzat, berea da garrantzitsuena eta hori litzateke handiena. Norberaren zirkulua da zirkulu handiena”.

Areto handi horretan, besteak beste, Europako mapa politiko bat dago eta horren gainean kontinenteko hizkuntzen mapa dago gainjarria. Hala, erakusten da gutxitan duela estatu batek hizkuntza ofizial bakar bat. Luisak beste begirada bat eman zion mapa horri, aniztasunaren alde positiboa nabarmenduz: “hizkuntzen bizikidetza erakusten du mapa honek eta benetan interesgarria da mestizaje sentsazio hori”. Bere arabera, posible da norberarena den horretan pentsatzen aritzea eta aldi berean denok elkarbanatzen duguna artikulatzea. “Baina hori hizkuntza kontuetatik harago doa” izan ere, zaila baita Europa guztian baliagarriak izango diren erabakiak hartzea alor guztietan. “Baina mapa honek batasunaren eta aniztasunaren ideia ematen digu aldi berean”.

 “Mehatxu handiena hizkuntzaren pobretzea da”

Euskararen benetako misterioa ez da bere jatorria, bere iraupena baizik. Koldo Mitxelena hizkuntzalariak idatzitako esaldi hori da erakusketako esaldirik garrantzitsuena, hortik abiatzen baita erakusketaren muina. ” Egia da, liluragarriena, gaur egun bizirik egotea da, miraria”. Eta gehitu zuen kontuan hartzekoa dela iraupena hitza erabili izana eta ez biziraupena. “Hizkuntzak desagertu egiten dira, baina guk euskararen desagertzea saihestuko dugu, hori da euskal gizartearen borondatea”.

Mendeetan zehar hizkuntzek Europan izan duten joan-etorria erakusten duen aretoak hausnarketa hau egiteko aitzakia eman zion Luisari: zeintzuk dira mehatxuak? “Mehatxu handiena hizkuntzen probetzea da. Hori hizkuntza guztien arazoa da, horregatik gustatzen zait niri hizkuntzen ekologista naizela esatea”.

Bere iritziz euskararen lagunak eta etsaiak ez daude dirudien lekuan. “Batzuentzako euskara banaketarako gonbitea izan da”. Bisitan aurrerago berriz heldu zion gai horri.

Gaitasun linguistikoa vs hizkuntza bateko kide izatea

Maiz gaitasun linguistikoaz hitz egiten da, baina Etxenikek, hizkuntza bateko kide izateaz ere hitz egitea proposatu zuen, izan ere “batzuetan egintzat ematen dugu gaitasun linguistikoak hizkuntza horretako kide sentitzea dakarrela berekin, eta alderantziz”, baina bere ustez horrek ez du zertan horrela izan, eta bere kasua azaldu zuen hori argitzeko. “Nik euskara ez gaizki hitz egiten dut, baina nere hizkuntza da. Egon daiteke hori ulertuko ez duenik, edo onartuko ez didanik, baina niri berdin zait”.

Seigarren aretoan apenas geratu zen, “erredundantea” delako eta “guretzako horiek denak gauza jakinak direlako”. Hor euskal hiztunen inguruko datu gutxi batzuk ematen dira eta Euskal Herriaren egoera politiko-administratiboa erakusten da mapa baten bidez.

Aitzitik, horren ondoren dagoen bideo baten aurrean egin zuen geldiunea. Hor, oso modu errazean erakusten da zein garrantzitsua den sare bat egotea, komunitate bat, hizkuntza jakin batean hitz egin ahal izateko. “Hiztun kopurua baino garrantzitsuagoa da hizkuntza hori hitz egiteko aukerak edukitzea (…) aukera sare hori elikatu behar da euskaraz hitz egiteko”. Horren haritik, testuinguru horiek sortzeko hausnarketa egitea proposatu zuen, batez ere, “euskaraz kostata hitz egiten duena gehiago hitz egitera animatu dadin. Tentsioa eta seriotasuna kendu behar zaio”.

Jarrera pedagogia

Bere ustez, hitz egitera animatzeko eta euskara egunerokotasunean txertatzen hasteko derrigorrezkoa da jarrera pedagogia. Hori seigarren aretoan sartzean esan zuen. Hor kale bat irudikatzen da non dena euskaraz dagoen: oharrak, seinaleak, kartelak… Funtsezko iruditzen zaio jendeari era pedagogikoan demostratzea keinu txiki guztiak direla garrantzitsuak, baita euskararen munduan ere.

Ildo horretatik, jarrera pedagogiaren eta dirigismoaren artean dagoen ezberdintasuna azpimarratu zuen, eta errepikatu zuen “euskarara pertsuasioaren bidetik eta gonbidapenetik gerturatu behar garela, eta ez tentsioaren bidetik”.

Luisaren iritziz euskararen lorpenik handienetariko bat hezkuntzarako hizkuntza izatea da; hala ere, euskara irakasteko erabiltzen den metodologia errebisatzeko behar handia dagoela esan zuen “ez delako euskara ikastea bermatzen ari”.

Gai horrek eztabaida txiki bat ireki zuen bisitarien artean ere. Bertaratutako batek esan zuen garrantzitsua dela eskolatik kanpo ere ikasleek euskaraz hitz egitea eta horretarako aukerak eskaintzea. Luisak horrekin ados zegoela esan zuen arren, bere biografia propiora jo zuen arazoa hortik harago doala erakusketako. “Ni elebiduntzat dut nere burua; Frantses Lizeoan ikasi nuen, baina ez nuen ez etxean eta ez kalean frantsesez hitz egiten”.

Euskararen diskriminazio positiboaren alde

Bisitaren amaieran esan zuen bere ustez ausarkeria eta injustizia dela euskal kultura eta euskera bi bloketan aurkeztea, “hori hobeto artikulatu behar da”.

Horrez gain, euskararen aldeko diskriminazio positiboaren alde agertu zen: “ulertzen dut euskarari babes gehigarria ematea eta hala izan behar duela iruditzen zait”.

Bisitek ordubete irauten dute (gehienetan minutu batzuk gehiago ere) eta beti geratzen da motz, izan ere euskararen eta euskararen inguruko gaia oso zabala da. Hala ere, oso baliagarriak gertatzen ari dira saio hauek euskararekiko begirada eta bizipen ezberdinak ezagutzeko, eta zalantzarik gabe Luisa Etxenikeren ekarpenek orain arte entzundakoak osatu dute.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu