Teknologia albisteak
2

Luistxo Fernandez: "Eguneroko bizitzaren beste kanal bat da internet, eta euskara hor dago bizi delako"

Erabiltzailearen aurpegia
2013-01-11 : 15:41

Luistxo Fernandez eta, bere ironia eta zorroztasuna izan genituen atzo gidari berezi Badu Bada erakusketan.

Kazetaria izan zen Luistxo bere aurreko bizitzan, egun ordea, interneten munduan egiten du lan, besteak beste, interneterako euskarazko tresnak sortzen Codesyntax enpresatik. Horregatik, kode binarioan pentsatzen du berak, “1010 11 1 0 111000 101001” diote Luistxoren ametsek.

Estatua badu

Asteartean Vicenç Villatorok San Telmo Museoan eman zuen hitzaldian egon zen Luistxo, hor esan zuen Villatorok hizkuntza batek iraungo badu, estatu bat  behar duela. Ados agertu zen atzo afirmazio horrekin, eta Txillardegiri entzundako bat ere ekarri zuen Badu Badara: “Estatu batekin euskara agian biziko da edo agian ez; baina estaturik gabe seguro ezetz”. “Villatorok, Txillardegik eta nik berdin pensatzen dugu, bagara hiru behintzat”.

Estatua behar izatearen ideia hori 6. gunean ere berreskuratu zuen, Koldo Izagirre “ni bezain pesimista” idazlearen post-it a irakurtzean. Zera dio: “Gure territorioa euskaraz egin litekeen edozein gerizpe da, baina non ote da euskaldunok hartuko gaituen gerizpe hori? Non da lurrari herri esan geniezaiokeen lurra?” eta bere aportazioa gehitu zion Luistxok adierazpen horri: “Izugarrizko errespetua zor omen zaio hemengo beste hizkuntzari, baina ez da hemengoa! Gaztelerak badu bere terrenoa, baina zein da euskararen terrenoa?

“Berdin dio nondik datorren, kontua da hemen gaudela”

Oso zorrotza izan zen bisitaldi guztian zehar bere iritzia ematerako garaian, garbi hitz egin zuen, eufemismorik gabe, euskararen jatorriaren inguruan mintzatzeko garaian, besteak beste: “Euskara nondik datorren galdetzen digute, nondik datorren? Ez, euskara hemen zegoen, zuek etorri zarete!” Gainera “berdin dio nondik datorren, kontua da hemen gaudela!"”

“Datu mixerableak dira euskararenak”

Luistxo ez zen erakusketa bezain baikor agertu, ez mapen irudikapenarekin ezta erakusketan zehar ematen diren datu batzuekin ere. “Europako hizkuntzen mapa hau oso optimista da, Euskal Herria Aragoieraren parekoa da tamainan ancha es Euskal Herria”.

Laugarren gunean Europako hizkuntzak (200.000 hiztunetik gora dituztenak hartu dira kontuan) irudikatzen diztuzten zirkunferentziak daude paretean itsatsiak, hiztunen araberako tamainetan. Euskeraren zirkunferentzia txikia da, baina ez txikiena. Hala ere, Luistxok oraindik txikiagoa beharko lukeela esan zuen. Ez esan bakarrik, egin ere; izan ere, etxetik ekarri zuen bere ustez euskararen zirkuloak behar lukeen tamainako zirkunferentzia. Euskarak 1.000.000 hiztun dituela dio Badu Badak. “Nik ez det sinisten inondik inora, milioi bat euskaldun geranik, ez euskaraz ongi moldatzen garenak eta bizi garenak. Hala balitz, gehiago igarriko zen”.

Seigarren gunean esaten da euskaldunak, euskaraz hitz egin eta bizitzeko gai direnak, 714.300 inguru direla, Luistxok aipatu zituen 100.000 horietatik oso urrun. “100.000 dira, gainontzekoak euskararik gabe bizi den jendea da, eta ez naiz Bilboz ari e… Ze telebista ikusten da Gipuzkoan? Zein egunkari erosten da Gipuzkoan? Datu mixerableak dira euskararenak”.

Kale erabilera ikerketak dira egiten diren azterketa guztien artean fidagarrienak Fernandezen irudiko. “Espiak bidaltzen dituzte hara eta hona jendea zein hizkuntzatan hitz egiten duen entzutera. Hori twiterren edo interneten ere egin daiteke, espiak kalera bidali beharrik gabe. Zenbatek bixitatzen dute Diario Vascoren webgunea, edo zenbatek Berriarena? 100etik 1erako alderaketa dago”.

WTF

“Areto hau WTF bat da, hemen sartu eta What the fuck! Dena euskeraz? Hau ez dago sinisterik. Nahi genuke bai, horrelako herri batean bizi!” Izan ere, zazpigarren aretoaren hasieran hizkuntza bakarra euskara duen kale bat irudikatzen da. Dena dago euskaraz: seinaleak, kartelak, prentsa, etiketak, fakturak, telebista, estolderietako izkribuak…

Horrek denak (eta gauza gehiagok) komunitatea sortzen dute, eta azken urteotan komunitate hori interneten ere eraikitzen ari da euskaraz. Baina “soberan daude komunitate horri jartzen zaizkion epitetoak ziber, birtual… dena da mundua. Eguneroko bizitzaren beste kanal bat da internet. Eta euskara hor dago bizi delako, adibidez bretoiera ez dago, hilda dagoelako bestela ere”

Horri erabateko garrantzia eman zion Luistxok, nolabait mundu fisikoan euskarak izan ditzaken zailtasun batzuk hor gainditu egiten direlako, eta komunitatea sortzea erraztu. “Ipar Euskal Herrian kultura Hegoaldeko indar grabitatorioari esker bizi da. Interneten ibiltzen naizenean ikusten det Iparraldeko jendeak tuitzeatzen duela euskeraz. Hor badago komunitatea, ez dagoelako mugarik. Neurri batean horregatik dago kultura hor, eta bada zerbait”.

Internet, sarea, da Luistxo Fernandezen esparrua. Euskaraz sortu diren tresna batzuk aipatu zituen, tartean bere enpresatik atera diren produktu batzuez hitz egin zuen, lehenago “publizitatea” tartea zabalduta.

@trinkotzaindia adibide

Gozatu, jolastu, baita interneten ere. Ludolinguistika hitza entzun omen zion behin Luistxok Kike Amonarrizi eta berebiziko garrantzia aitortzen dio euskaraz umorea sortzeko eta txisteak egiteko gaitasunari. Memeak ere aipatu zituen; nolabait esateko, interneten biralki sortzen eta zabaltzen diren txisteak edo hitz jokoak dira memeak. “Hor gauden artean, eta memeak dauden artean interneten ere bizirik gaude”. Adibide gisa jarri zuen twitterren zabaldu den trinkotzaindia (@trinkotzaindia). “Aditz trinkoak asmatzen dituzte; datsegit, atsegin dut da; dizerdit, me la suda; eta daitort, aitortzen dut”.

EiTBri kritika

Bisitaren azken txanpan eta 8. aretoan telebistari (ETBri) erreferentzia egiten zaiola baliatuta, serio jarri zen berriz Luistxo, eta bisita hasierako ideia batetik heldu zion gaiari. “Uste dut gaztelaniak ez duela babesik behar (…) Zergatik behar du babesa gaztelania? Ze burutan kabitzen da hori? Hor dugu ETB, euskarari bultzada emateko sortu zen eta gaur egun erabat medio diglosikoa da”. Gogor kritikatu zuen EiTBren baitan euskarazko katea izatea bigarren mailan dagoena, ETB2 soberan dagoela esan zuen. “Esan ETB2 kenduko dugula, baina hori ez du nahi ezta Ezker Abertzale erradikalenak ere. Beldurra da hori, beldur politikoa”.

Kritikarako, umorerako eta jolaserako tartea egon zen Luistxo Fernandezen bisita gidatuan. Ordubete iraun behar zuenak gehixeago ere iraun zuen, badubadalariak gustura zeudenaren seinale. Hurrengo astean begirada gehiago.

Argazkiak: Oskar Moreno

Erantzunak

2013-01-13 : 15:28

Datu mixerableak dira euskararenak, bai. Bat nator Luistxorekin. Bigarren mailako herritarrak kasurik onenean, euskaraz bizi nahi dugunean.
Bada garaia, Luistxok egin bezala, gauzei izenetik deitzeko. Lehen baino hobeto gaudela azpimarratzen dute politikari eta hedabide gehienek, baina egia erdia baizik ez da hori EAEn, eta gezur biribila Nafarroan eta Iparraldean.
EAEn duela 40 urte baino hobeto gaude, bai, baina egoera larrian oraindik, eta duela 100 urte baino dezente okerrago, adibidez.
Eta etsia zabaltzen duten jokabideak sumatzen dira euskaltzale askoren artean.
Ohikoa da euskaraz eta euskaren alde lan egitetik bizi denak, lantokitik irten bezain laster erdaraz bizitzeari ekitea, berdin kulturgintzan, hezkuntzan edo politikagintzan.
Edo euskaltzale porrokatu direnek espainiera hutsezko proiektuak abiaraztea... KISALE adibidez. Edo batzoki eta herriko tabernetan zeritzari erdaldunak aritzea...
Horrela jarraituz gero, egin dezakegun inbertsiorik onena, Euskara zenaren Museo Nazionala eraikitzea da. Euskararen Etxea horren hasiera omen?

2013-01-14 : 12:52

Anton, Kisale aurki egongo da euskaraz. Zor hori daukagu gure buruarekin.

Erantzun

Sartu